Berriak

1912-2012, (bigarren)mendeurrenaren ateetan

Duela bi mende (1813-2013) jazotako hiriaren suteak eta ondorengo berreraikitzeak Donostiarentzat historikoa den beste data bat dakarkigu burura, 1912a, hain zuzen ere. Amaitzear dagoen urte honetan hiriko hainbat eraikin eta azpiegitura adierazgarrik 100 urte bete dituzte.

Previous Next

1912 urte erabakigarria izan zen gaur egun gure hiria denaren bilakaeran.

Victoria Eugenia Antzokia, Maria Cristina Hotela, Igeldoko Funikularra, Topoa edo «mugako trenbide elektrikoa» eta La Perla del Océano urte horretan jaio baitziren. Garai hartan hiriak bi zezen-plaza zituen, Atotxakoa eta Txofrekoa.

Beste garai bat zen, baina orduan ere, zenbait zuhaitz handi bota ziren eta, gaur egun gertatzen den bezalaxe, hiritarrak haserretu egiten ziren duela ehun urte; ez ingurumenarekiko kontzientziaziorik zutelako, baizik eta ale horiek «Donostiako ohorea eta kanpotarren inbidia» zirelako.

Bi urte lehenago, 1910ean, hiriko alkatea zen Marino Tabuyok kargua hartzeko diskurtsoan adierazi zuen hirian aberastasuna sustatzeko beharra zegoela, krisialdi egoera eta paralisi orokorra ikusita:

"Donostia krisialdia jasaten ari da eraikuntzen eta negozioen geldialdia dela-eta. Kanpotarren industriaren garapena trebezia handiagoak behar dituen maila batera iritsi da. Burdinazko zirkulu baten barruan gaude, ezin atera.

Espainiako merkatuari esker hornitu gara orain arte, baina dagoeneko ez du gehiagorako ematen, pertsona horien babesari esker lortu baitu Donostiak ezin kanpotar gehiago bisitan etortzea.

Energia berriei heltzea beharrezkoa da, hesia haustea eta kanpotarrak erakarriko dituzten etapa berriak eta geltoki berriak sortzea, aberastasuna sustatuko dutenak, negozioetan mugimendua eragingo dutenak, eta industrialari salmentak eta langileari lana ekarriko dizkiotenak.

Donostian alderdi politiko guztiek dute ordezkaritza: guztiek dute hitza eta botoa. Gure arteko desberdintasun politikoak handiak izan arren, argi daukat denok elkarlanean arituko garela Donostiaren mesedean, eta xede honekin eta haserreak eta banaketak alde batera utzita, herria arrakastara eta aurrerapenera bultzatuko dugula"**

 

Udalak zenbait obra hasi behar zituen, esaterako Kontxako pasealekuko hegala, hirugarren uren biltegia, Justizia Jauregia, Posta eta Telegrafoen eraikina eta zenbait eskolatan, merkatutan, San Antonio ospitalean eta gas-fabrikan ere berrikuntza-lanak egin behar ziren.

Ez dugu ahaztu behar 1912an hiria Donostiaren sutearen eta berreraikitzearen lehenengo urteurrena ospatzeko prestatzen ari zela.

Kantauri Kluba eta Donostia Sustapena

Kantauri Klubak (1891n sortua) Donostiako eta Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren zati garrantzitsua ziren zenbait enpresaburu eta ondasunak zituzten gizon biltzen zituen bere egoitzan.

Aparteko klub horren kideek hirian azpiegitura berriak egiteko beharra edo aukera antzeman zuten, eta xede horrekin osatu zuten 1902an Donostia Sustapena.

Donostia Sustapenak bultzatako lanak izan ziren, esaterako, Txofreko zezen-plaza, Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia Antzokia.

Beste erakunde batzuk bultzatu bazituzten ere, garai hartakoak dira La Perla del Océano (egoera txarraren ondorioz bota eta berriro eraiki behar izan zuten, eta garaian, murrikaz, «El Perlón» esaten zioten), eta Igeldoko funikularra eta parkea.

Hiria, pixkanaka, azpiegituraz eta garairako modernoak eta berritzaileak ziren eraikinez bete zen, eta hurrengo urratsa instalazio haiek edukiz betetzea izan zen.

1939an Musika Hamabostaldia jaio zen, hiriko ostalarien eta merkatarien ekimenari eta bultzadari esker.

Helburua udako eskaintza turistikoa aberastea zen. Horretarako, hirian XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendearen hasieratik zegoen musika-tradizioaren lekukoa hartu zuten: 1879an sortutako Udal Kontserbatorioa, Donostiako Orfeoia, Gran Casinoko orkestrak, I. Mundu Gerran zehar Victoria Eugenia Antzokian babesa bilatu zuten Europako artista handiak... Musika Hamabostaldia Estatuko musika klasikoaren jaialdi zaharrena eta garrantzitsuena da.

1953an, eta, berriz ere, tokiko merkatari talde baten ekimenez, Donostia Zinemaldia sortu zen, lehenengo edizioan Nazioarteko Zinema Astea izenarekin ezagutu zena.

Gaur egun, Estatuko zinema-jaialdirik zaharrena da eta, zalantzarik gabe, garrantzitsuena.

Kultura eta Turismo Ekintzetxearen eskutik jaio zen 1966an Donostiako Jazzaldia. Hasiera xumea izan zuen, saio bat talde amateurren lehiaketa bati eskaintzen zitzaion eta beste bat musikari profesionalei. Hori nahikoa izan zen bideari duintasunez ekiteko, eta hirian musika horrekiko interesa bazegoela egiaztatzeko.

Kultur ekitaldi horiei eta geroago etorriko zirenei esker (Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Giza Eskubideen Zinemaldia…) gaur egun Donostia nazioartean ezagutzen den hiria da, bere tokia du mapa kulturalean, eta lau urte barru Europako Kultur Hiriburua izango da.

 

 

**Marino Tabuyo alkatearen diskurtsoaren zatia. San Sebastian aldizkaritik aterata (2011/1. zk, 1912ari eskainitako monografikoa).

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Sustatzen ditugu
Elkartasunak