Berriak

Bigarren mendeurrenaren oroitzapena bidearen erdira iritsi da, Donostiako herritarren proposamenetan oinarritutako programa plural, partaidetzazko eta belaunaldi arteko batekin

Abuztuaren 31 gerturatzen ari da, Donostiaren erreketa, suntsiketa eta hiria berriz eraikitzeko erabakiaren 200. urteurrenaren oroitzapeneko une gorena, aurten are hunkigarriagoak –posiblea bada– izango diren hainbat ekintza barne hartuta.

1813-2013 bigarren mendeurreneko oroitzapena bidearen erdira iritsi da, herritarren 400dik gora proposamenez osatutako programa batekin. Proposamen horien artean, kultur ekintzak, akademikoak, oroitzapenekoak, kiroletakoak, gastronomikoak, antzerkia eta berregite historikoak daude, guztiak ere efemeride hau inspiratzen duten baloreak ardatz hartuta: gogoratzea, ezagutaraztea, oroitzea eta hiria eraikitzen jarraitzea, duela 200 urte donostiar talde batek, hiritar seneko espiritu ausart eta irmo baten bultzadaz, hiria errautsetatik berpiztea erabaki zuenean bezala. Hiri hori, gaur egun, 2016ko Europako Kultur Hiriburua da.

Berriki egindako jarduera deigarrienen artean, ekainaren bukaeran, Alderdi Ederren, milaka lagun elkartu zituen ikus-entzunezko ikuskizuna edo mapping-a nabarmentzen da. Teknika berritzaileenen bitartez, udaletxeko aurrealdean hiriaren historia proiektatu zen, 1813an Gerra Napoleonikoen testuinguruan suntsitu zutenetik hasita. Ikuskizun aitzindari eta deigarria izan zen, baita uztailean Kontxako badia zeharkatu duten antzinako eta gaur egungo belaontzien eta arraunontzien kontzentrazioa ere.

Belaunaldi arteko partaidetzazko programa bat da eta oso harrera ona izaten ari da, bai Donostiako herritarren aldetik bai bisitatzen gaituzten pertsonen aldetik, hiriko alkate Juan Karlos Izagirrek azaldu duen bezala: «Bigarren mendeurrenak donostiarrek iragana ikasi, bat egin eta beren hiria, duela berrehun urtetik egin den bezala, eraikitzeko balio du. Eta hori turistentzako erakargarria da. Haiek badakite Donostian ongi etorriak direla eta horregatik gero eta gehiago etortzen dira, nahiz eta krisian gauden. Gehien baloratzen duten alderdietako bat pertsonak eta pertsonek hiri honi ematen dioten nortasun eta bizia dira».

Bigarren mendeurrenaren harira, gainera, hainbat argitalpen, dokumental, erakusketa… egiten ari dira. Hain zuzen ere, oroitzapen honen zutabeetako bat martxoan, Eusko Ikaskuntzarekin eta EHUrekin batera, martxan jarri zen programa akademikoa da, eta horren barruan, hilabete hauetan hitzaldiak, belaunaldi arteko topaketak, bisita gidatuak eta irakurketa publiko bat egin dira. Abuztuan, bi uda ikastaro izango dira (izena emateko epea irekita dago).

Oroitzapen ekintzetako une gorena abuztuaren 31 izango da. Egun horretan, duela 200 urte, tropa aliatuak hirian sartu ziren, harresian irekitako zuloaren bitartez, eta aurten, donostiarrek gaur egungo hiria eraiki duten pertsona guztiei omenaldia egingo diete. Ekitaldiak bereziki hunkigarriak izango dira. Beste ekintza batzuen artean, ohiko kandela-piztea, irudikapen historiko eta antzeztua, kanpai-jotzea eta eukaristia barne hartuko dituzte. Motorrak berotzen joateko, abuztuaren 30ean (ostirala), zenbait ikuskizun izango dira: Donostiako Orfeoiak Santa Maria elizan abestuko du, San Bizenten akordeoi kontzertu bat egingo da, Kresalak eta Verdini Dantza Taldeak Paseo Berrian emanaldi bat egingo dute eta Konstituzio plazan Euskadiko Orkrestra Sinfonikoaren kontzertu bat izango da.

Egun batzuk geroago, irailean, Zubieta izango da bigarren mendeurreneko epizentroa. Izan ere, leku sinboliko horretan, 1813an, Donostiaren berreraikuntza bultzatu zuten Aktak sinatu zituzten.

 

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Sustatzen ditugu
Elkartasunak