Berriak

Donostia 2016k kultur programa aurkeztu du Iparralden

Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak, bere kultur programa aurkeztu zuen joan den abenduaren 11an,  Miarritzeko Le Bellevue kongresu-zentroko entzunaretoan, duela hilabete batzuetatik lurraldean eta nazioartean egiten ari den aurkezpen-sortaren baitan.

Elkartzera Iparraldeko 150 eragile kultural eta sozial garrantzitsu inguru bertaratu ziren.

Honako ordezkariek hitz egin zuten bertan: Jean-René Etchegaray, Baionako alkatea eta Agglomération Côte Basque – Adour erakundearen presidentea; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Michel Veunac, Miarritzeko alkatea eta Agglomération Côte Basque – Adour erakundearen presidenteordea; Pablo Berástegui, Donostia 2016ren zuzendari orokorra; Miren Azkarate, Donostia 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria; Denis Itxaso, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatua.

Donostia hiriak, Estrategia Bulegoaren bitartez  eta Agglomération Côte Basque – Adour erakundeak duela denbora dezentetik harreman estuan lan egiten dute eta, horren erakusle da 2015eko otsailean biek sinatutako lankidetza-hitzarmena. Dokumentu horretan jaso zen Europako Kultur Hiriburutzan parte hartzeko Iparraldeko erakundearen nahia, honako esparruetan: turismoa, kultura eta mugikortasuna.

Elkarlan horren baitan, Agglomération Côte Basque – Adour erakundeak DSS2016EUren kultur programaren baitako hainbat proiektutan parte hartzen du, besteak beste, Europako Musika Eskolen Jaialdi Emusik-en, 2016 Bidean, Mugalariak-en eta beste zenbaitetan. Lankidetza emankor honen emaitzak datozen hilabeteetan emango dira ezagutzera xehetasun gehiagorekin.

 

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Sustatzen ditugu
Elkartasunak