Berriak

Donostiaren arpilaketa eta erretzearen bigarren mendeurrenaren oroitzapena egiteko 250 ekintza antolatu dira 2013an zehar

 

Udal Gobernuak 1813an gertatutako hiriaren arpilaketa, erretze, sunsitze eta berreraikitzearen bigarren mendeurrena oroitzeko datorren urte osoan egingo diren ekitaldiak aurkeztu ditu, baita ekitaldi horiek eta historia bildu dituen webgunea ere.

Hiriko Estrategia Bulegoak Gerrak suntsitutako Hirien Nazioarteko Topaketa antolatuko du. Zita, betiere europar hiritartasun berri bat sortzeko mezu positiboa igorriko du etorkizunari begira, elkarrizketa proposatuko baita gure gatazkak konpontzeko modu egokitzat. Topaketa urrian burutuko da.

Juan Karlos Izagirre alkateak, Udal Gobernuak, udal departamentuen lana koordinatzeko eta programazioa osatzeko sortutako Batzorde Teknikoko buru, Txuri Aranburuk, eta talde politikoen adostasuna bilatu duen Batzorde Ez Iraunkorreko buru, Miren Azkaratek parte hartu zuten aurkezpenean.

Datorren urteko programazioa osatzeko hiru zutabe nagusi izan dira kontutan:

Batetik, proposamen ugariak (390 ideia eta proiektu) egin dituzten dozenaka herritar eta eragileak daude (88, zehazki);

Bestetik, Udal Departamentuen lana koordinatu eta programa osatu duen Udaleko Batzorde Teknikoa;

Eta hirugarrena, talde politikoen artean adostasuna bilatzen ari den Batzorde Ez Iraunkorra.

Horrela, era guztietako ekintza eta ekitaldiak antolatu dira: hainbat lanen argitalpena, 12 erakusketa, herritarren arteko 16 topaketa eta hitzaldi, 28 kontzertu eta dantza emanaldi, 6 bisita gidatu ziklo, ikus-entzunezko bost emanaldi, 5 omenaldi, 3 antzezpen eta berregintza historiko, festa arloko 8 ekintza, abuztuaren 31rekin eta Zubietako Aktekin zuzenki lotuta dauden ekintzak, euskararen bilakaerari buruzko azterketa bat, 2 joko, kirol jardunaldiak, gastronomia eta olatu talka. Hiri osoko hainbat tokitan egingo dira, eta 13 mugarritan banatuko dira.

Egitasmoaren aurrekontua 800.000 €-koa izango da, gehi udal departamentuek egindako 416.000 €-ko ekarpena. Horri aurre egiteko, hainbat erakunde publiko eta pribaturen laguntza eta babesa biltzen ari da Udala.

Datorren urteko oroitzapenaren helburua hiritarren arteko elkarlana eta ilusioa bultzatzea da, eta guztiei omenaldia egitea, alkateak nabarmendu zuenez. “1813ko abuztuaren 31 sarraski eguna izan zen Donostiarentzat, baina hiritarrek sarraskia gainditzeko eta Donostia berri bat eraikitzeko adore izugarria izan zuten. Bigarren mendeurrenean, elkarrekin aurrera egiteko borondate eta ilusio hori goraipatu eta indartu nahi dugu.

Azken finean, Donostia egunero eraikitzen jarraitzen dugu, denon lanari, ilusioari eta harrotasunari esker, eta bigarren mendeurrena hiritar guztientzako omenaldia izango da. Berriz ere hiritarren parte-hartzea bultzatuko duen omenaldia” nabarmendu zuen.

 

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Sustatzen ditugu
Elkartasunak