Berriak

Euskal Eurohiriak bere etorkizunari buruzko hausnarketari ekin dio Donostian

Euskal Eurohiriaren Foruma egingo da, gaur eta bihar, Miramar Jauregian, Donostia suntsitu eta berreraiki zeneko bigarren mendeurrena eta Euskal Eurohiria sortu zeneko 20. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan. Forumean, Euskal Eurohiriko eragileek espazio horren egungo egoerari eta etorkizunari buruzko hausnarketa eta azterketa egingo dituzte.

Previous Next

Bidasoaren bi aldeetako arduradun politiko nahiz teknikoak egongo dira bertan, eta 2014-2020 Plan Estrategiko Eragilea prestatzeko prozesuari ekingo diote. Plan horrek Euskal Eurohiriaren Mugaz Gaindiko Agentziaren lan-ardatzak ezarriko ditu, Euskal Eurohiriaren helburu nagusiak aztertzeko, eta datozen urteei begira jarraitu beharko litzakeen estrategiari buruz hausnartzeko, euskal kostaldearekiko paraleloan dagoen 600.000 biztanleko komunitate hori egituratzen jarraitzeko asmoz.

Forumera bertaratzen direnek gertutik ezagutuko dituzte eremu horretan aurrera eramaten ari diren hiri proiektu handiak, eta baita ere ekonomiarekin, mugikortasunarekin, gizartearekin eta kulturarekin lotuta egingo diren jarduketak. Bestalde, Europar Batzordeko Eskualdeko Zuzendaritzako arduradun batek, Antonio Ruiz de Casas jaunak, eta Europar Parlamentuko Aurrekontuen Batzordeko lehendakariak, Alain Lamassoure jauna, Europako Funtsek 2014-2020 programazio aldirako jarraituko dituzten ildo nagusiak azalduko dituzte. Eta, hain zuzen ere, Europar Batzordeak proposatutako lurralde garapen integraturako tresna berriek ematen dituzten aukerak azpimarratuko dituzte. Izan ere, tresna berri horiei esker, askoren arteko proiektuak finantzatu daitezke, espazio horretan bizi diren herritarren bizi baldintzak hobetzeko.

Forumaren inaugurazio ekitaldia Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre jaunaren eskutik etorri da. Amaiera ekitaldian, berriz, Euskal Eurohiria Mugaz Gaindiko Agentziako gerente diren Jean Grenet, Agglomération Côte Basque Adourreko lehendakaria eta Jon Pelin Uriguen, Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko foru diputatua, egongo dira.

EUROHIRIAREN HISTORIA

Baiona-Donostia Euskal Eurohiria izeneko mugaz gaindiko lankidetza proiektua 1993ko urtarrilaren 18an sortu zen; egun horretan, Baiona-Angelu-Miarritze kantonamenduko presidente zen Henri Genet jaunak, batetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi zen Eli Galdos jaunak, bestetik, mugaz gaindiko lankidetza protokolo bat sinatu zuten.

Protokolo horren xedea mugaz gaindiko espazio bat zen, benetako "hiri continuum” bat, ezaugarri hauek zituena:

  • Europako batezbestekoa gainditzen duen BPG.
  • Kokapen estrategikoa, bai Europari begira, bai Atlantikoari begira.
  • Potentzial zientifiko nabarmena, eta kalitatezko giza baliabideak, ehun produktiboari lotuak.
  • Kultur eta aisialdi eskaintza oso zabala, nazioartean ezaguna den turismoarekin.

Protokoloaren helburua zen Baionatik Donostiara 50 kilometrotan zabaltzen den hiri errealitate hori, egun ondo-ondoan jarritako egitura administratibo desberdinez osatzen dena, 600.000 biztanlez osatutako metropoli europar bilakatzea; metropoli berri horretan, azpiegiturak, hiri zerbitzuak eta gobernu tresnak batera pentsatuak izango lirateke.

1997. urtean, proiektua abian jarri ahal izateko, Baiona-Angelu-Miarritz kantonamenduak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Eurohiriaren garapenerako mugaz gaindiko agentzia sortu zuten, Interes Ekonomikoko Elkarte Europar moduan.

1998ko ekainean, mugaz gaindiko agentziak hausnarketa estrategikoko prozesu bat jarri zuen abian, hiri sistema europarraren eta atlantiarraren bihotzean metropoli bat eraikitzeko helburuarekin. Hausnarketa estrategiko interaktibo horren ondorioz, 2000ko ekainean Euskal Eurohiriaren Liburu Zuria idatzi zen. Liburu horren 3 helburu nagusiak ziren:

  1. Intermodalitaterako, komunikaziorako eta informaziorako plataforma atlantikoa eraikitzea, igarobiderako korridorea garapenerako euro-korridore bilakatuz.
  2. Sarean jardungo den metropoli lineal polizentriko bat egituratzea, espazioaren, azpiegituren eta zerbitzu nahiz ekipo eskaintzaren kontrola gauzatuz, Europa mailako metropoli izateko bete behar diren baldintzei erantzungo dieten artikulazio eta kalitate ezaugarriekin.
  3. Natur ondarea babestea eta baloratzea, ingurumenaren bikaintasuna bultzatuz, eta “metropoli berdea” kontzeptuari aplikatuz.

Liburu Zuria argitaratu ostean, Mugaz Gaindiko Agentziak hainbat ekintza gauzatu ditu, eta sektorekako batzordeak jarri ditu abian.

2008an, Mugaz Gaindiko Agentziak bi ardatz estrategikoren gainean jarri zuen indarra: batetik, garapen iraunkorra; bestetik, Euskal Eurohiriaren barruko mugikortasuna.

2007tik 2009ra, Mugaz Gaindiko Agentziak 3 kide berri hartu zituen: Bidasoa-Txingudi Kontsortzioa, Sud Pays Basque Aglomerazioa eta Donostiako Udala. Gaur egun, Eurohiriak hartzen duen lurraldea ia osorik dago ordezkatuta Mugaz Gaindiko Agentziaren barruan; izan ere, laster Oarsoaldea osatzen duten udalerriak ere sartuko dira.

ERRONKAK

Akordio protokoloa sinatu zenetik, mugaz gaindiko lankidetza Eurohiriaren espazioan garatu da, maila desberdinetan garatu diren politikei esker, muga efektua murrizteko eta lurraldearen kohesio territoriala eta soziala indartzeko xedez.

Gaur arte egindako lanari esker, Euskal Eurohiria geroz eta interkonektatuagoa dago, mugaz gaindiko lankidetzan nola jardun ondo daki, eta Europa mailan posizio estrategikoa eta nolabaiteko errekonozimendua lortu du.

Hala ere, azken 20 urteotan, proiektuak zailtasunak bizi izan ditu, batez ere proiektuen exekuzioan. Aldi horretan, gainera, Eurohiriko arduradunak ere aldatzen joan dira, eta mugaz gaindiko lankidetzari buruzko ikuspegi desberdinak ekarri dituzte.

Era berean, lehen ere esan den bezala, azken urteotan erakunde berriak gehitu zaizkio Mugaz Gaindiko Agentziari, hala nola: Bidasoa-Txingudi Kontsortzioa, Sud Pays-Basque Aglomerazioa eta Donostiako Udala. Horrek ere eragin du Euskal Eurohiriaren proiektua sendotzen joatea.

Bestalde, Europan eurohiri eta euroeskualde berriak sortzen ari dira, Akitania-Euskadikoa bezalakoak, eta horrela mugaz gaindiko lankidetza are eraginkorragoa bilakatzen ari da.

Testuinguru horretan, eta kontuan hartuta egungo egoera ekonomikoa eta mugaz gaindiko proiektu bat baino gehiago daudela, hausnarketa egitera behartuta gaude, mugaz gaindiko lankidetzaren inguruko ikuspegi konpartitua lortzeko, proiektu horiek kudeatzen dituzten erakunde guztiekin adostuta.

Badirudi une egokia dela, hausnarketa egiteko, Euskal Eurohiriaren helburu nagusiei buruz, eta datozen urteei begira jarraitu beharreko estrategiaren inguruan.

Aldi berean, hausnarketa hori bereziki egokia da, kontuan hartuta 2014-2020 aldirako programa europarrek mugaz gaindiko proiektuak finantzatuko dituztela, eta, bereziki, dinamikoenak diren horiek.

Planteatzen den hausnarketak bi une garrantzitsu izango ditu: batetik, Euskal Eurohiriaren Forumaren antolaketa; bestetik, Euskal Eurohiriaren Plan Estrategikoaren prestaketa.

“EUSKAL EUROHIRIAREN FORUMA. ZERTARAKO?

Forum honen testuinguruak bi ardatz ditu. Batetik, Donostia suntsitu eta berreraiki zeneko bigarren mendeurrena ospatzen da. Gertakari horrek izugarrizko eragina izan zuen Eurohiriaren barruko hirietan. Bestetik, hogei urte igaro dira, Euskal Eurohiriaren proiektuaren abiapuntu izan zen mugaz gaindiko lankidetza protokoloa sinatu zenetik, eta urteurren hori ere ospatzen da.

Forumaren helburuak hauek dira:

-Euskal Eurohiriko arduradun politiko guztiak biltzea, helburu hauekin:

  • Abian dituzten proiektuak aurkeztea.
  • Etorkizuneko Euskal Eurohiriari begira jarraitu beharreko estrategiari buruz eztabaidatzea.
  • Funts europarren programa berriarekin lotutako erronkez jabetzea.
  • Euskal Eurohirian integratutako lurralde proiektua prestatzeko prozesuari ekitea.

-Programa europarretan interesatuta dauden alderdi guztiak (Batzordea, estatuak, eskualdeak, autonomia erkidegoak,...) biltzea, helburu hauekin:

 

  • Proiektua ezagutaraztea.
  • Ekimena onestea eta parte hartzera animatzea.
  • Proiektua aurrera eramateko erraztasunak ematea, hauen bidez:
  • Ekintza operazionaletan inplikatzea eta kofinantzazioa.

EUSKAL EUROHIRIAREN 2014-2020 PLAN ESTRATEGIKO ERAGILEA PRESTATZEA

Plan estrategiko honen testuinguruak bi ardatz ditu. Batetik, 20 urte igaro ondoren, "Euskal Eurohiria" proiektua bultzaberritu beharra dago.

Bestetik, funts europarren 2014-2020 aldirako programa prestatzen ari dira. Programa horrek hainbat aukera ematen ditu, Europar Batzordeak proposatutako lurraldearen garapen integraturako tresnen bidez (ITI- Investissement Territorial Intégré*, bereziki).

Helburuak dira Euskal Eurohiriaren Plan Estrategiko Eragilea prestatzea, 2014-2020 aldirako, eta proiektu estrategiko hori funts europarrekin finantzatzea, ITI delako baten bidez edo lurraldearen garapen integraturako beste tresnaren baten bidez. Dokumentuak honakoak hartuko ditu barruan:

  • Lurraldearen diagnosi bateratua.
  • Europa 2020 estrategiari jarraituz onartu den estrategia.
  • Ekintzak eta horien finantzazio plana.
  • Proiektua zuzentzeko moduak.

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Sustatzen ditugu
Elkartasunak