Berriak

Ideia-zaparrada adinekoekin eta adinekoentzat

Joan den ekainean 100dik gora pertsonak hiriaren adineko pertsonekiko lagunkoitasunari buruzko jardunaldi batean parte hartu zuten.Topaketaren helburua zen adinekoek beraiek planteatzea beren bizi-kalitatea hobetzeko zer behar dituzten.

 

Previous Next

Jardunaldia, Donostia Lagunkoia Hiri Plana egiteko prozesuaren parte da. Prozesua, 2013 urte hasieran jarri zen martxan eta udazkenean amaituko da. Prozesu honek hiriko diagnosia eta balioztatzea eta zenbait ekintza-proposamenak izango ditu ondorio. Udalak bultzatu du proiektua, Gizarte Ongizate eta Partaidetza departamentuek eta Donostiako Estrategia Bulegoak koordinatuta.

Donostiak denbora luzea darama giza eskalako hiri eredu baten alde lan egiten, hainbat arlotako politikak ezartzeko (irisgarritasuna, etxebizitza, kultura eta aisialdi aktiboa, gizarte zerbitzuak eta abar) adineko pertsonengan arreta berezia jarriz; zehazki, zahartze aktiboa gaur egungo eta etorkizuneko ekintza-lerroen artean kokatuta.

Ez da alferrikakoa beraz Donostia, Dublin, New York eta Ginebra moduko hiriekin Age Friendly Cities-Adinekoen Hiri Lagunkoien naziorteko Sarean aritzea. Lan-ildo horren bidez, adineko pertsonek eta haien elkarteek hiriko ekimenetan parte hartzea, inplikatzea eta «ahalduntzea» bultzatzeko hiriak duen konpromisoan beste pauso bat eman nahi izan da.

2013aren hasieran, Donostia Lagunkoia Hiri Plana egiteko prozesua abiatu zen; Donostiako Udalak bultzatutako eta Gizarte Ongizate eta Partaidetza departamentuek eta Donostiako Estrategia Bulegoak koordinatutako proiektu bat.

Dena den, Udaleko departamentu guztien konplizitatea eta elkarlana jaso behar duen zeharkako proiektu gisa planteatuta dago. Elkarlana, Boulevardeko karpan, ekainaren 20ko jardunaldian agerikoa izan zen, herritarrek mahaia, eztabaida eta ideiak partekatu baizituzten Udaleko teknikari, zuzendari eta zinegotziekin.

Adinekoak protagonista

Urte sasoi honetan, eta ekainari buruz ari gara, ohikoa ez den haizearekin eta euriarekin bat, Donostiako Boulevarda «ideia-zaparrada» handi baten eszenatokia bilakatu zen.

Karpa txuri zabal batek hartu zuen Donostia Lagunkoia Hiri Planaren ekitaldi nagusia. Helburua Donostia guztion artean eraikitzea zen, baita adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko ideiak jasotzea ere.

Mahai gainean bi auzi. Zer eskatzen diogu Donostiari? Eta zer eskain diezaiokegu Donostiari kolektibo gisa?

Juan Karlos Izagirre alkateak eman zien ongietorria parte-hartzaileei, eta nabarmendu zuen beste gizarte batzuetan adineko pertsonek erabakiak hartzeko sekulako garrantzia izaten dutela. Horrekin loturik, azpimarratu zuen Donostiako Udalak adinekoei hitza emateko eta entzuteko apustua egiten duela.

100dik gora izan ziren bertaratutakoak, besteak beste, honako erakunde hauek egon ziren ordezkatuta: erretiratuen eta pentsiodunen elkarteak, Osakidetza, Gurutze Gorria, kirol egokiturako Hegalak-Zabalik Fundazioa, Ezgaitasun Fisikodun Pertsonen Gipuzkoako Koordinadora (Elkartu), Zorroaga Fundazioa, Plus-55, Alzheimerdun Gaixoen Senideen Gipuzkoako Elkartea (AFAGI) eta udal sarearen parte diren departamentu guztietako zuzendarien zein teknikarien konpromiso eta laguntza.

Garrantziaren eta premiaren arabera antolatu ostean, Udaleko departamentu guztietara bideratuko den dokumentu batean amaituko da ideia-zaparrada. Departamentuek, ikuspegi tekniko zein politikoa izango duen bideragarritasun analisiarekin osatu beharko dute dokumentu hori. Ekintza-plana eta honek jasoko dituen jarduera zehatzak 2014ko udal aurrekontuetan gehituko da.

Hurrengo fasea, ekintzen jarraipen eta ebaluaketarena, hasierako prozesuan parte hartu duten pertsonek osatuko dute eta euren inplikazioa erabakigarria izango da zenbait ekintza abian jartzeko garaian.

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Sustatzen ditugu
Elkartasunak