Berriak

San Telmo, pixkanaka dastatzeko gozokia

Pasa den apirilaren 2an San Telmo Museoak ateak ireki zizkion publikoari, agintariekin inaugurazio ofiziala martxoaren 28an egin arren. Ondorengo egunetan, Estrategia bulegoak bertan esperimentu bat egin nahi izan zuen, eskala txikian: 4 eta 12 urte bitarteko haur talde batekin museoa bisitatu. Ez da edonolako gauza. Ezer ez uki ez dezaten lortu (ezta hautsi ere) eta beraien begiradatan piztu zaien interesa neurtzen saiatzea, erreportaje bat baino gehiago, estoizismo, baretasun eta adore, adore handiko jarduera izan zen.

Previous Next

Ondorioa: San Telmok aukera bikainak dauzka eta pixkanaka eta hainbat bisitalditan gozatzeko gozokia da. (Hori bai, asteartetan, ate irekiko jardunaldia izanik, krisian gaude eta!).

Amaieratik hasiko gara. Bisita amaitu eta gero, museoaren inguruko lehendabiziko iritzia: “interesgarria, baina luzea”, “niri pila bat gustatu zait erdian belarrarekin dagoena (hau da, klaustroa) eta eraikina polita da”, “primeran azaltzen du nola eboluzionatu garen eta gure aiton amonak zertan jolasten ziren”, “niri printzesak gora igo eta sutetik ihes nola egiten zuen erakusten zuen bideoa gustatu zait”, “Zein printzesa, ez zegoen bat bera ere?” “Bai, e!” (Egia esan, badira printzesak toki guztietan ikusten dituzten neskatilak... Disney belaunaldia, esan genezake).

1902an inauguratu zen San Telmo Museoa Euskal Herri osoko zaharrena da. Handitze eta biziberritze obrak zirela eta, urte luzez itxita egon ondoren, San Telmok bere burua berrasmatu egin du, Euskal Gizartea eta Hiritartasunaren Museo bilakatzeko. Museoak bisitariaren gogoeta bilatzen du, egungo gizartearen hazi gisa dugun iragan kultural eta historikoaren inguruan, ikuspegi diziplina anitzetik abiatuta eta elkarrizketa eta debate garaikideari irekia.

Haurrek mezu hau jasotzen dute (jakin ez arren) eta erakusketa iraunkorrean erakusten diren objektuen inguruan interes handia adierazten dute, horien bertsio modernoak primeran ezagutzen dituztela jakinik gainera (aspaldiko telefonoak, aurre-historiakoak beraientzat, tamaina ezberdineko gurpilak dituzten bizikletak, kotxe ñimiñoak edota tamaina erraldoiko josteko makinak...).

“Historia eta desafioak”, “Izpiritualtasun zeinuak”, “Memoriaren aztarnak” eta “Modernitatearen iratzarpena” dira erakusketa iraunkorra banatzen den lau guneeni zenak, gizartea eta hiritarren ikuspegitik betiere.

Bisitaren abiapuntua eliza da, bertan, ikus-entzunezko ikuskizun baten bidez, XVI. Mendeaz geroztik eraikinak jasan duen garapen historikoa eta komentu izatetik museo izatera nola pasa zen erakusten dute. Ikus-entzunezkoa zirraragarria da eta elizako hainbat puntutara begiradak bideratzen ditu indar handiz. Une batez txikienak geldi mantentzen ditu.

Belarra moztu berria duen museoko klaustroak, golf zelai bat bailitzan, oinetakoak kentzera gonbidatzen du, alde batetik bestera korritzera, “partxis” erraldoia balitz bezala, eta klaustroan dagoen elementu mugikor bakarrak, lurzoruko argiak modu apaingarrian laguntzen dituzten harriak ukitu eta maneiatzera.

Historian zehar bidaiak “Modernitatearen iratzarpena” atalean jarraitzen du. Euskal gizartean eman ziren eraldaketa handien garaiak bezala aurkezten ditu XIX eta XX. mendeak, egungo gizartea nola osatzen den gako nagusienak kontzentratzen diren garaia.

Herri-kirolak, baserria, folklorea, edota emakumeak lihoaren lanean izan zuen papera ere trantsizio garai horretan agertzen dira. Industriak ere badu bere zonalde propioa, eraldaketa sozial, kultural, laboral eta politikoak ekarri zituen modernizaziorantz aldaketaren motor gisa, krisi latzez lagunduta, hainbat alditan gatazka belikoak emaitza izanik. Ehungailuak, txapelak egiteko makinak, daratuluak edota pistola eta eskopetak agertzen dira arma industria arrakastatsuaren seinale, Eibarren fabrikatu zen Lambretta baten ondoan, edota haur helduenen artean irribarreak sortzen dituen “seiscientos” ospetsua.

DATU INTERESGARRIAK

MUSEOKO ORDUTEGIAK

 

    Asteartetik igandera: 10:00etatik 20:00etara.

    Astelehena (jai eguna ez denean) itxita.

    Museoa itxita egongo da urtarrilaren 1 eta 20an

    eta abenduaren 25ean

 

PREZIOAK

 

    Sarrera orokorra. 5 euro.

    Sarrera murriztua. 3 euro.

    Doako sarrera. Urteko ASTEARTE guztietan.

 

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Sustatzen ditugu
Elkartasunak