Berriak

Zahartzearen Nazioarteko Ikerketa Zentroa ezartzeko lehen urratsa

Donostiako Udalak Miramongo Teknologia Parkean lursail bat ematea zentroa abiarazteko lehen urratsa izan da. Lursaila Oriabentako ur biltegi zaharrean kokatuta dago, eta 14.106 m2-ko azalera dauka; indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, hirugarren sektoreko erabilera dagokio.

Horrela azaldu zuten, prentsaurrekoan, Josu Ruiz, Sustapeneko zinegotziak, Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak eta Kepa Korta, Plan Estrategikoaren Bulegoko zuzendariak.

Zahartzea gure gizartearen erronka nagusietako bat da, Europar Batasunak onartu duen moduan, eta Europako I+G+Baren lehentasunezko gaitzat identifikatuta dago. Erronka horri erantzutea da, hain zuzen, ZIZNren (Zahartzearen Ikerketa Zentro Nazionala) helburua.

Zentroak Miramongo Teknologia Parkean izango du egoitza, Ospitaleetako Gunetik metro gutxira, eta, aurreikuspenen arabera, nazioarteko goi mailako 500 ikertzaile inguru arituko dira bertan lanean.

Nazioarteko maila duen zentro honen finantzaketa Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari dagokio.

Zentroan, hiru arlotako ikerketa garatuko dute:

  • Oinarrizko ikerketa. Zelulen zahartzea eta hura eragiten duten arrazoi biologikoak, arrazoi genetikoak eta ingurumeneko arrazoiak aztertuko dituzte.
  • Ikerketa klinikoa. Haren muina Carlos III.a Osasun Institutuko zahartzeari buruzko Ikerketa Kooperatiboko Sare Tematikoa (RETIC) izango da.
  • Osasun eta gizarte zerbitzuen ikerketa. Barne hartuko ditu zahartzearekin lotutako ikerketa epidemiologikoa, osasun publikoa eta osasun zerbitzuak, eta esparru soziosanitarioan ere aplikatuko ditu.

ZIZN I+G+Bko sistema publikoaren bitartekoez baliatuko da, Carlos III.a Osasun Institutuari eta Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluari lotutakoez, batik bat; bi erakunde horiek Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mendeko erakunde publikoak dira.

Zientzia Kontseilu Aholkulari bat izango du, zahartzearekin lotutako zenbait arlotan lan egiten duten adituek osatua. Aditu horietako bat Ana María Cuervo andrea izango da; egun, New Yorkeko Albert Einstein College of Medicine zentroan lan egiten du, eta zahartzeari buruzko ikerketaren nazioarteko ikuspegia dauka. Gipuzkoar hiriburua ahalegin handia egiten ari da, nazioarteko erreferentzia zientifiko bilakatzeko, zahartzearen esparruan bereziki; zentro berria Donostian kokatzea ahalegin horrek merezi duen aitorpena da. Gaur egun, Donostia zahartzeari buruzko ikerketa gehien egiten dituen europar hirietako bat da; ikerketa horiek eremu zientifikokoak, teknologikokoak nahiz soziosanitariokoak izan ohi dira. Horren adibide dira, esaterako, ehun urtetik gora dauzkan Matia Fundazioaren eta haren Ingema Fundazioaren lana, Tecnalia (zentro berriaren eraikuntzarako aurreikusitako gunean kokatua) zein beste zentro teknologiko batzuen lana edo CITA-Alzheimer proiektua.

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Sustatzen ditugu
Elkartasunak