Elkarrizketak

Donostia hiri garestiegia da gazteentzat

Pedro Miguel Etxenike

Gizarte Kontseiluko presidentea

Pedro Miguel Etxenike (Izaba, Nafarroa, 1950) Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da eta, 2015az geroztik, hiriko Gizarte Kontseiluko presidentea ere bai. Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiaseko Printzesa saria eta Fisikako Max Planck saria jaso ditu, biak ere 1998an, batzuk bakarrik aipatzearren.

Ibilbide luzea egin du zientziaren arloan, baina elkarrizketa honetan, gai horretaz aparte, Gizarte Kontseiluan duen eginkizunari buruz galdetu diogu. Karguan dagoenetik, puntualtasuna da legea. Kontseiluko kideei jokatzen uzten dien hautatzaile bezala definitzen du bere burua. Eta, hautatzaile ona izanik, hitz apartak dauzka bere taldeaz.

Arlo profesionalari buruz

2015. urtearen amaieratik hiriko Gizarte Kontseiluko presidentea zara. Zergatik da garrantzitsua hiriak honelako organo bat eta plan estrategiko bat izatea?

Sortu zutenek esan beharko dute zergatik den garrantzitsua. Baina parte-hartze organo bat izatea beti da ona. Hainbat arlotako jendea egotea, etorkizuneko Donostia nolakoa izatea nahi duen pentsatzen duena, nolako hiria nahi dugun.

Zein dira Gizarte Kontseiluaren datozen hiletarako/urteetarako mugarriak edo erronkak?

Parte-hartze organo bat den neurrian, presidenteak bere taldeari jarraitu behar dio; liderra izan behar du, nondik joan behar duten esaten ibili beharrean.

Esanak esan, munduko edozein tokitan, jendeak hiru erronka hauei egin behar die aurre, funtsean: zertaz bizi, zertarako bizi eta elkarrekin nola bizi. Gizarte Kontseiluan ikusten dudana da jende askok arduraz egiten duela bere lana, gaiak asko lantzen dituela, bai Gizarte Kontseiluko osoko bilkuran, bai Batzorde Iraunkorrean. Asko ikasi dut eta asko baloratzen dut jendearen lana.

Esan beharra dut alderdi horrek oso inpresio ona eragin didala.

Azken finean, elkarbizitza, natur ingurunearekiko oreka eta turismoa, nolako hiria nahi dugun, horiek dira gaiak edo mugarriak.

Zientzialaria zara eta zure lan eta ahaleginaren helburu nagusietako bat Donostiako gizartea zientifikoki informatuta egotea da. Zer desberdintasun dago interes zientifikoa duen gizarte baten eta interesik ez duen beste baten artean?

XXI. mendeko kultura zientifiko-teknologikoa izango da funtsean. Iraganekoa ere halakoa izan da, baina horretaz kontziente diren gizarteak, euren agintariak barne, eta horren arabera jokatzen dutenak soilik izango dira etorkizuneko protagonistak.

Zientifikoki informatutako gizarteak jantziagoak dira, eta, hortaz, bere etorkizuna taxutuko duten erabaki asko hartzeko gaitasun handiagokoak. Horri esker, aukera gutxiago dauzkate kanpo-interesen eta presio-taldeen manipulazioek eragiteko.

Zientifikoki informatutako gizarteak jantziagoak dira, libreagoak, eta, ondorioz, demokratikoagoak.

DIPC erakundeak 2000. urtean hasi zuen bere ibilera, duela 17 urte. Nola aldatu da hiria Zientziaren eta Berrikuntzaren arloetan harrezkeroztik?

Berrikuntza hitza gauza askotarako erabiltzen da eta termino hori definitzea zaila da. Zientziaren eremua hobeto ezagutzen dut, eta hori nabarmen zabaldu eta hobetu da. Gaur egun, Donostian, Euskal Herriko ikerkuntzaren bandera-ontzia den Euskal Herriko Unibertsitateaz aparte, Eusko Jaurlaritzako bikaintasun-zentroak, ikerketa kooperatiboko zentroak, ikerketa zientifikoko zentroak direlakoak eta abar daude. Ni, DIPC erakundeko presidentea izateaz aparte, Materialen Fisika Zentroko (BERC-MPC delakoa) eta Nanoguneko kidea ere banaiz.

Baina DIPC erakundeaz galdetu didazunez, hasieran amets genezakeenera baino askoz haratago iritsi da. Bere lehen hamarkadan erabateko arrakasta izan zuen, eta lehen hamar urte horietan munduko lehen mailako 18.000 artikulutan aipatu zuten.

Iaz, 2016an soilik, abangoardiako 13.000 artikulutan aipatu ziren DIPCren lanak eta ikerketak. Donostiaren ikur bat da mundu osoan. Motor zientifiko bat baino gehiago, turistikoa dela esatera ausartuko nintzateke.

Zure erantzunaren harira, duela oso gutxi, DIPC erakundeak eta EHUk elektroien emisioaren abiadurari buruz egindako ikerketa bat argitaratu dute Science aldizkari ospetsuan. Donostia ezaguna al da nazioartean, zientzia-teknologia alorrean?

Ikerketa hori nik zuzendu dut. Baina begira, hemen ondoan dagoen bulegoan bi hilabeterako etorri den Fisikako katedradun iparramerikar batek egiten du lan, eta aurreko bulegoan fisikari madrildar bikainenetako batek. Nik bezalaxe erantzungo dizute haiek.

Donostia, gaur egun, zientziaren munduko mapan dago. DIPC erakundeari esker, baina baita beste ikerketa-zentro askori esker ere: Euskal Herriko Unibertsitatea, Nanogunea, Biomagunea, BERC-MPCPolymat

Previous Next

Arlo pertsonalari buruz

Gizarte Kontseiluko presidentea zarenetik, puntualtasuna da lege. Nola moldatzen zara kolore eta ideologia anitzeko organo bateko agintari-zereginetan?

Ni oso gustura nago. Taldean jende adimentsua dagoenean, edukazio onekoa, erraza da lana egitea.  Niretzat oso aberasgarria da. Askotan, nik neuk jarri behar izaten ditut mugak, agenda oso betea baitaukat. Horregatik, nire ustez hobea litzateke karguan beste pertsona bat egotea, baina, tira, ni nagoen bitartean, ahalik eta hoberen egiten ahaleginduko naiz.

Ni pozik nago; urteekin, ohituta nago eztabaida arrazional eta zentzuzkoak izaten. Gizarte Kontseiluan horrela eztabaidatzen baitugu: modu arrazionalean, zentzuzkoan eta inteligentean. Plazera da, beraz, eta oso pozik nago.

Nolakoa da Pedro Miguel Etxenikeren lanegun arrunt bat?

Egun guztiak ezberdinak dira, baina orokorrean hitz egin dezaket. Goizean goiz, gimnasiora joaten naiz. Goiz osoa DIPC erakundean ematen dut. Lan-bazkaririk ez daukadan egunetan, hemendik gertu zeozer jaten dut. Ondoren, bulegora itzultzen naiz.

Nire lanean oso maiz aritu behar izaten dut elkarrizketan eta ika-mikan. Oraintxe jakin dut teoria elektromagnetikoaren inguruko hamar orduko klaseak ematera konprometitu nintzela, eta hori prestatzen nabil (bere mahai gainean dituen liburu-zutabeak seinalatzen ditu). Toki askotan parte hartzeko eskaerak jasotzen ditut, eta hitzaldiak, diskurtsoak… prestatu behar izaten ditut.

Oro har, nire egunerokoa ez da beti berdina izaten.

Nola irudikatzen dituzu etorkizuneko hiriak? Eta Donostia nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?

Txantxetan, askotan esaten dut Niels Bohr fisikari danimarkar handiak zioena: «sekula ez da aurreikuspenik egin behar, are gutxiago etorkizunari buruz».

Jende gaztearekin atsegina den hiria izatea gustatuko litzaidake, gazteak integratzeko aukerak ematen dituen hiria, hiria gazteak kanporatzen ari dela iruditzen baitzait. Donostiak duen arazo handiena zera da: hiri garestiegia dela gazteentzat. Haientzat hiri errazagoa izatea gustatuko litzaidake.

Nire lana Gizarte Kontseiluan ez da hiriaren eraikitzailea izatea, baizik eta hautatzailea izatea, jokatzen uzten duen horietakoa. Hortaz, galdera horri dakitenek erantzun beharko diote, proposamenak egin ditzaketenek, eta kasu egin beharko zaie.

Bizitzeko, bisitatzeko, atseden hartzeko hiri edo herri bat?

Urterik onena, niretzat, hiru hiri edo herri hauetan igarotakoa izango litzateke: Izaban, Cambridgen eta Donostian. Nire bizitzako urte asko eman ditut hiru hiri horietan. Badira asko atsegin ditudan hiriak, baina Donostia perfektua da bertan bizitzeko.

Berez, Fisika-ikasketak egitera etorri nintzen Donostiara, eta argi neukan Donostian biziko nintzela. Nire formakuntzak Cambridgera eta Estatu Batuetara eraman ninduen, baina argi neukan Donostiara itzuliko nintzela, eta lortu dut. Poz-pozik nago, noski.

 

 

Sustatzen ditugu
Elkartasunak