Elkarrizketak

Donostiako diseinugile gazteok aukera gehiago behar ditugu , beste hiri batzuetara ez joateko, non diseinuaren aldeko apustua egiten den

Ernesto Arnaez

Diseinu IKaslea

Valentino Rossiren motorraren diseinu lehiaketan irabazle.

 

4.000 proposamenen artean, diseinu ikasle honen lanak irabazi zuen Valentino Rossiren motorra edertzen duen irudia.

Nola diseinatu zenuen Valentino Rossiren motorra, zer izan zenuen inspirazio iturri?

Diseinua ahotan hartu aurretik, esan beharra dut hasierako diseinuekin hainbat forma egokitu nahi nizkiola motorrari, nola eta horren lerro estetiko eta aerodinamikoei helduz; baina emaitza onik lortzen ez, eta lan-ildo hori bazter uztea erabaki nuen, baita beste ideia baten bila jardutea ere, ez formak bakarrik.

Hala, ongi hausnartu eta bila eta bila ibili ondoren, 60ko hamarkadako estetika psikodelikoaren inguruko liburu batekin egin nuen topo: diseinu bezala izugarri gustatu zitzaidan, Rossiren nortasuna ederki islatzen zuen. Estetikaren nahiz erabilitako tipografien gainean ikerketa zorrotza egin ostean, diseinu tipografiko bat egitea erabaki nuen; baina honako arazoa nuen: zein mezu igorriko nuen?, zein hitz erabili behar nituen motorren mundua, Rossi eta 60ko filosofia uztartzeko?

Azkenean, ROSSI, VALENCIA, MOTOGP eta LOVE (motorraren atzealdean) hitzen aldeko apustua egin nuen; kontuak kontu, Valencia hitzaren ordez Repsol jarri zen, marketing arrazoiak tarteko. Koloreei dagokienez, Repsolenak (laranja, gorria, zuria eta beltza) eta Rossik berezkoa duen horia erabili nituen. Azken batean, ideia originala eta deigarria izan zen, eta horren araberako kaskoa eta monoa egiteari ekin zitzaion; era berean, taldeak ospakizun xelebre bat prestatu zuen ileorde eta betaurrekoekin, oso 60 hamarkadakoa, Flower Powerren ildotik.

Chesteko zirkuitu hartatik zer datorkizu gogora, kontuan izanda Rossik distira atera ziola zure diseinuari?

2002an ezagutu nuen pista hura, eta oroitzapen onak utzi zizkidan hango festa eta giro ona zirela eta; baina 2003an guztia izan zen ezberdina, eta motorra diseinatu diozun pertsonarekin topo egitea, bost bider munduko txapelduna izan den Valentino Rossirekin alegia, ezin adierazizkoa izan zen. Repsoleko jendea nahiz Motociklismo aldizkarikoa oso jatorra izan zen nirekin, eta uneoro adi-adi egon ziren. Egia esan, mundu guztiak ni agurtzea, baita Valentino Rossik ere, eta horrez gain mundu horretan murgiltzea esperientzia ahaztezina izan zen.

Zer sari erdietsi dituzu? Zeinek utzi dizkizu oroitzapen onenak?

Tira, Rossiren motorraren ingurukoa irabazi dudan aurreneko diseinu lehiaketa da; guztiarekin ere, hainbatetan irabazteko zorian ibili naiz: 2002an bigarren geratu nintzen Irungo San Martzial jaietako kartelaren diseinuan, eta hirugarren ere geratu nintzen Fonsi Nieto pilotu espainiarraren kaskuaren diseinuan. 2003an ostera, neure burua Rossiren motorraren diseinu lehiaketara aurkezteaz gain, Bartzelonako “Flyer del Año del Diseño” delakoaren diseinuan hamar finalisten artean geratu nintzen. Guztiek oroitzapen onak utzi dizkidate; baina, ezbairik gabe, Valentinoren motorraren inguruko lehiaketa irabazi izana niretzat, diseinugile bezala, oso garrantzitsua da, berekin dakarren guztiagatik.

Zer adierazi zizun Valentino Rossik motorraren inguruan?

Aurren-aurrena zoriondu egin ninduen, eta diseinua ederra zela adierazi zidan; ondoren, Augusto Moreno de Carlos –biziki eskertzen diot guztia– Motociclismoko zuzendariarekin batera eginiko elkarrizketan, Rossik esan zidan beretzat nahiz Aldo Drudi lagun eta diseinugilearentzat nire diseinuak bakarrik zuela ideia original bat, eta hasieratik atentzioa eman ziola adierazi zidan.

Aipatu motorra zure Eskola ari da zabaltzen. Zein proiektutan zabiltza orain?

Orain ez dut denbora askorik gisa horretako proiektu pertsonal eta lehiaketetarako. Kontuak kontu, Rossi Hondatik Yamahara igaro ostean, Motociclismo aldizkariak Valentinok 2004an gidatu beharreko motorraren diseinuaren ikuspegi pertsonala eskatu zidan. Hala, lasterketaren batean noiz jantziko zain gaude, baina kontuan hartu behar da ez dela diseinu komertzial bat, gauza pertsonalago bat baizik, Japoniako samurai gerlarien estetika aintzat hartzen duena; baina hori beste kontu bat da, garapen prozesu handikoa bestea bezalaxe. Horretaz landa, AGV Italiako kasko enpresak interesa erakutsi zuen niregatik, eta proposatu zidan diseinu berritzaile eta ezberdinak aurkeztea, egun direnekin batere zerikusirik ez dutenak; orain beraz, poliki bada ere, horretan nabil.

Zer iruditzen zaizu Donostian egiten den diseinu grafikoa?

Donostia hiri kontserbadorea da eta egiten dena ildo horretatik doa gustukoa izan ala ez; hau da, bezeroak zenbaitetan berria den zerbaitekin arriskatzeko beldurra du, ezberdina den zerbaitekin; hala, kontserbadoreagoa bihurtzen da azkenean. Gauza berrien inguruko ikuspegia apur bat zabaltzea falta da. Beste alderdi garrantzitsu bat formakuntza falta da: badira “diseinugile grafikoak” teknikari gisa formatzen direnak inprentetan lan egiteko, eta askotan hainbat proiektu garatzen dira zenbait alorretan behar besteko ezaupiderik izan gabe; esaterako, estetikan, artean, historian, irudiaren teorian eta abar. Azken batean, diseinugilea izatea ez da ordenagailua erabiltzen jakitea bakarrik; era berean, pentsatzen jakin behar da, arazoak konpontzen, sortzailea izaten, kontzeptu eta ideiak garatzen… Horiek, sarritan, atzean geratu ohi dira arestian aipaturiko kontserbadurismoaren kariaz; baina, oro har, diseinu zuzena eta ona egiten da, hutsa ordea kasu askotan.

Zerk uste duzu indartu dezakeela Donostian eta Gipuzkoan egiten den diseinua?

Batetik, hain kontzeptu klasiko eta kontserbadore horretatik irteten ahalegindu behar da; bestetik, berriz, diseinua sustatu behar da, oso bigarren mailako tokian baitago; hots, jarduerak, bekak eta maila handiagoko lehiaketak sustatu behar lirateke. Baita, jakina, laguntza ekonomikoak eta diseinugile gazteentzako bitartekoak ere. Izan ere, ez dugu aukera handirik geure estudioak sortzeko, eta horregatik Bartzelonara joan behar izaten dugu, non diseinuaren aldeko apustua egiteaz gain, askoz bitarteko eta laguntza gehiago ere badauden.

 

Sustatzen ditugu
Elkartasunak