Elkarrizketak

Donostiarrek jakin-mina dute eta begi onez hartzen dituzte kultur erronka berriak

Miguel Martín

Jazzaldiaren zuzendaria

Miguel Martínek 25 urte daramatza Donostiako Jazzaldiari lotuta. Kontzertu ahaztezinak antolatutako gizonak donostiarrek jakin-mina dutela dio eta, horrez gain, begi onez hartzen omen dituzte kultur erronka berriak.

Hala, bada, iragan edizioan espektatiba guztiak gainditu zituen Jazzaldiaren nondik norakoak azalduko dizkigu.

- Zenbat urte daramatzazu Jazzaldia bezalako munta handiko ekitaldian buru?

1978an hasi nintzen Jazzaldian eta harrezkeroztik kasik horri atxikita ibili naiz, 1989 eta 1991n izan ezik. Jazzaldia beste hainbat konturekin tartekatu dut, esate baterako orain Gazteszenaren eta Kursaal Fundazioaren programazioan dihardugu urte osoan; era berean, Musika Hamabostaldiaren batzordean ibilia naiz, eta bi urtez Moda Jaialdiaz ere arduratu nintzen. 1978an hasi nintzenean, hainbat urtetan KTEn ibili nintzen Aste Nagusia edota Euskal Jaiak antolatzen. Baina 25 urte horietan, batez ere, Jazzaldiari lotuta ibili naiz.

Aurtengo edizioaren balantzeari dagokionez, apenas izan duzuen gorabeherarik: ez da hegaldirik bertan behera geratu, maletarik ez da galdu, musikariak zuzen aritu dira… guk, ordea, kontrakoa jakin nahi dugu. Azaldu iezaizkiguzu Jazzaldiaren inguruko bitxikeriak, irribarre halako bat eragin zizutenak…

Egia esanda, bitxikerien kontu hori ez da dirudien bezain deigarria. Hala, aintzat hartu beharrekoa izaten da biran ibiltzen diren musikarien egoera zein den: eguna, horientzat, goizeko laurak-bostak aldean hasten da, itzartu eta hegazkinaren bila joaten dira zenbaitetan izan daitezkeen arazoak euren gain hartuta -zer esanik ez uztailean. Gisa horretan, Hondarribia, Bilbo edo Miarritzeko aireportura iristen dira, soinuari dagozkion probak egiten dituzte, apenas duten atseden hartzeko tarterik, afaldu, jo eta ohera, harik eta hurrengo egunari ekin arte.

Horrelako mugimendua izanik, izaten dira, bai, gorabehera bitxiak, baina horiek egia esanda aurreikusteko modukoak dira. Musikariak, gainera, beste hiri batean dagoen bitartean behar duen oro eskura izatea nahi izaten du eta, hala, gauza asko eskatzen dizkizu, baina hori ez nuke anekdotatzat joko. Kontuak kontu, beti kontatu ohi dut Gato Barbieri 1980 edo 1981ean Donostira estreinakoz etorri zenean "Gabon, Bartzelona" esan zuela deiadarka eta erabat "atxurtuta". Arreta jarri beharra izaten dugu izaten dituzten bidai programak direla eta…

Horrez gain, aurtengo edizioan Cassandra Wilsonek lore horiak eskatu zituen bere aldagelarako; aldagelak karpa txikien bidez muntatzen dira Trinitate Plazarako kalezuloan. Era berean, botila bat ron eskatu zuen marka jakin batekoa. Normalean, saiatzen gara alkohola ona ez dela jakinarazten saioari ekin aurretik, baina antza denez talde honek topa egiten du beti ron marka jakin batekin oholtza gainera igo aurretik; horientzat, izan ere, esanahi berezia du.

- Zer-nolakoa da Jazzaldiaren alde ezkutu hori? Egun nekagarrietan jendea lanean guztia ongi irten dadin…

Molde honetako edizioetan lasai ibiltzen gara. Jazzaldian jende gaztea dabil, gauzak ongi egiteko asmoa duena eta, gainera, oso giro ederra dute euren artean. Lanean aritzeaz gain, ongi pasatzen dute. Hori hala izanik, urtero-urtero lan-taldeari eusten saiatzen gara eta horrek guztiak ongi ibiltzea dakar. Ordutegia honakoxea da: 16:00etatik 20:00etara Jazzaldiaren sei egunetan.

- Orain, hitz egin dezagun hiriak urte horietan guztietan izandako aldaketez. Nolakoa zen Donostia Jazzaldiaren gidaritzari heldu zenionean?

Hiria aldatu egin da, baina hala ere espiritu kosmopolitari eutsi egin dio; hau da, kultura aldetik berria den horrek jakin-mina pizten du, eta kultur adierazpideetan nahiz jarduera ludikoetan aitzindari izaten darrai. Hala, gustu txarra baztertzeko joera dago eta, gisa berean, kultur irrika handia dago.

Tamaina kontuan hartuta, gure hiria kultur jarduera handienetakoa duena da. Jendearen grinak hartaraturik, hiriko jaialdi guztiak "osasuntsu" daude benetan. Hala, Donostiak harrera egiten die kultur erronkei arestian aipaturiko jakin-min hori dagoelako. Kulruralki lehengo hartan den hiria da eta iruditzen zait aldaketa gehiago izan direla hirigintza, gizartea eta politikaren alorrean.

- Jendeak gustuko duen musika heziketaren araberakoa da?

Bai horixe. Hori jendeak hala nahi izanez gero gertatzen da; hala da baldin eta gauza berria ikusi eta kultur eskaintza berrietara jotzeko asmoa badago. Programatzaileak eta adituak garen neurrian, hezitzeko xedez eskaintzen diogu hiriari. Biziki asetzen gaitu "hari batetik tira egin" eta jendeak, nolabait, erantzun egiten duela ikusteak.

- Donostia: kultur hiria. Donostiarrak: musikazale handiak eta adituak. Egia al da hori? Sinesteko modukoa da ala ez da komeni deskuidatzea?

Hala da, baina hori esanda objektiboak izan behar dugu. Bai halaxe da, baina betiere gure tamainako edo handiagoxeak diren komunitateekin alderatuz gero. Esan gabe doa Donostiak nekez programatu dezakeela New York, Londres, Madril edo Bartzelona bezalako hiriek programatzen dutena. Baina modu erlatiboan Donostia erakusleiho handia da eta nazioartean ezaguna da.

- Jazzaldia 2003k izan duen ikusle kopurua 70.000 lagunekoa izan da. Zalantza izpiri gabe jendeak gogoko du Jazzaldia. Erronkarik bai etorkizunerako?

Erronka aldez edo moldez orainokoari eustea da; hau da, ikus-entzule kopuruari eustea, ikusleak asetzea, gorabeherarik ez izatea, jendearen baitan eragina izatea… Hortik aurrera hobera egiten badugu… oraindik eta hobeto. Aurtengo asetze maila hain handia izan da, ezen 39. ediziorako ez baitugu horrelako aurrerabiderik espero; hala, bada, ez dugu deskuidatu behar, inozokeria litzateke aurtengoa bezalako aldaketa kualitatibo batean pentsatzea.

- Gomenda iezaguzu disko bat...

Taxuzkoa den zerbait gomendatuko nuke, jendea jazzera hurbildu eta sakontzea eragingo lukeen zerbait. Musikak jakin-mina pizten dion horri John Coltrane aholkatuko nioke. Erreferentzia bat da, 60ko hamarkadan jazzaren garaikidetasuna abian jarri zuen klasikoa. Beraz, John Coltraneren edozein disko gomendatuko nuke.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak