Elkarrizketak

Garrantzi handia ematen diogu aurrean dugun pertsonari, denbora galdu du honaino etortzeko

Marilu Fernández

Altzako bulegoko burua

Udalak Altzan duen bulegoak udalarekin lotura duen edozein gestio eskaintzen dio hiritarrari. San Martzial plazan dago, garai batean Altzako udaletxea izan zen eraikinean, elizaren ondoan.

Marilu Fernandezek 1966tik darama hor lanean. Bera eskola zaharrekoa dela dio eta pertsonek bertara hurbiltzeko denbora galdu dutenez bulego horretan tratuari eta errespetuari lehentasuna ematen zaiela adierazi zigunt.

- Zein da zure ustez, Altzako Udal bulegoaren egungo egoera?

Urruntasunarengatik, Udaletxeko hallean dagoen Argibidek egiten dituen funtzioez gain, erregistroarekin, erroldarekin eta finantza gaiekin loturiko gestioak ere egiten ditugu.

Orain dela bi hilabete Arantxa Lertxundik hiritarren arretarako zerbitzuaren buruzagitza hartu du eta oso azkar ari da egunean jartzen. Egun, tresna berriak ezagutzen eta ezartzen ari gara, hala nola, www.donostia.org, web gunea. Hiritarrek informazioa eskurago izatea da Web gune horren helburua.

- Zein motatako lanak egiten dituzue? Zenbat lagun ari zarete lanean eta bakoitzak zein funtzio du?

 Inprimakiak betetzen laguntzen dugu, adin txikikoak atzerrira joan daitezen baimenak ematen ditugu, errolda-ziurtagiriak egiten ditugu...udalean egiten diren ziurtagiri mota guztiak. Isunei buruzko informazioa ematen dugu, autobus-bonua ematen dugu, kaleko kexak jasotzen ditugu, tabernetan terrazak jartzeko eta etxeetako obrak egiteko baimenak eskaintzen ditugu...Edozein udal gestio.

Igogailuak ezartzeko eta etxebizitzak birgaitzeko informazioa ere eskaintzen dugu. Izatezko bikoteen paperak bideratzen ditugu, ezkontza zibiletarako orduak ematen ditugu, Artikutzara sartzeko baimenak ere ematen ditugu...

Aurrean dugun pertsonari garrantzi handia ematen diogu, denbora galdu du honaino etortzen eta bere denbora galtzeagatik ordaintzen duen dirua ari naiz ni irabazten. Amorrazio handia ematen digu ezin diogula lagundu edo astebete itxaron behar duela esan beharrak...

Hiru lagun ari gara lanean, Mª Eugenia Lazcanotegi eta nik administrazio lan berak egiten ditugu. Pako Perez ordenantza da eta gainera errolda ziurtagiriak eta informazioa eskaintzen ditu.

- Zein dira eskaera ohikoenak?

 Agian errolda-ziurtagiriak edo edozein motatako ziurtagiriak. Baina, edozein bisita informazioa emateko aprobetxatzen dugu; ama bat etortzen bada Eusko Jaurlaritzak Familia Ugarientzat duen dirulaguntzen inguruan informazioa ematen diogu, erretiratu bat sartzen bada Gizarte Ongizateak dituen laguntzei buruz hitz egiten diogu...Eta autobus, aterpe edo udalekuen inguruko informazioa eskatzen badigute interneten aurkitzen diegu.

Urte hauetan guztietan denetarik gertatu zaigu...orain dela urte batzuk argentinar bat etorri zen Altzako baserri batean bizi ziren familiarteko batzuen bila, beraiekin hitz egitea lortu genuen eta helbidea eman genion. Beste batean, moja batek telefonoz deitu zigun iloba bat bisitatu nahi zuela baina auzora ez zekiela nola iritsi esanez. Zein autobus hartu behar zuen esan genion, geltokian itxaron genion eta bere ilobaren etxeraino eraman genuen. Funtzio publikoa dugu, ni eskola zaharrekoa naiz eta lanez lepo banago hiruretan, lan ordutik kanpo, etortzeko esango diot eta laguntzen saiatuko naiz.

- Zein motatako jendea hurbiltzen zaizue?

Denetarik. Adin guztietako pertsonak etortzen zaizkigu baina gehienek ez dute ezagutza handirik administrazioarekin loturiko gaietan. Bulego hau existitzen zenik ez zekiela esaten digunik ere bada oraindik. Inoiz, Antiguatik gizonezko bat etorri izan da hemen ilarak ez daudelako, aparkatzeko lekua dagoelako eta tratua hurbilagokoa delako.

- Zure ustez, zein dira Altzako Udal Bulegoaren alderik ahulenak edota indartsuenak?

Une honetan ezin dugu alde ahulez hitz egin. Arazo teknikoak konponduta daude, zuntz optikoa jarri digute... Administrari bat gehiago ez litzaiguke gaizki etorriko. Eta agian, ezjakintasuna eta koordinazio falta aipatu beharko genituzke gabezien artean.

Alde indartsuei dagokienez, hiritarrari tratu pertsonala ematen diogula azpimarratuko nuke.

- Hiritarren Harrerarako beste Zerbitzu batzuekin alderatuz, zein da Altzako zerbitzuaren egoera?

Irungoarekin alderatuz, gertutasunagatik, hangoa hobea da, osatuagoa. Gehiegi kobratu dizutelako kexa batekin etortzen bazara guregana, guk kontsumitzailearen bulegora bidaliko zaitugu eta han zuzenean kudeatzen dute gaia. Arartekoraino ere iristen dira behar bada.

- Zein ondorio edo eragin izan beharko luke Plan Estrategikoak Altzako Udal Bulegoan?

Plan Estrategikoak funtzionarioen kultura eskema aldatzen lagun dezake. Eskema zaharrak alde batera utzi behar dira, hitz batean, ahaztu egin behar ditugu, jendearen beharrak hartu behar dira kontuan. Administrazioko hizkerak ulergarriagoa, xumeagoa izan beharko luke. Eta borondate handiko ekimena den aldetik, oso ondo egongo litzateke Altzako Informazio Bulego hau Planaren paperetan azaltzea.

 

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak