Elkarrizketak

Gure apustua zentroaren eta periferiako auzoen arteko desoreka gainditzea da eta langabezia murriztea

Juan Karlos Izagirre,

Donostiako alkatea

 

2011ko ekainaren 11n Juan Karlos Izagirrek Donostiako alkate karguaren zina egin zuen eta aro demokratikoko Donostiako bosgarren alkate bilakatu zen. Ia urtebete igaro da ordutik, eta badirudi momentu ona dela igarotako denboraren balantzea egiteko eta etorkizunaz hitz egiteko.

Lanbidez medikua, Donostia prozesu infekzioso latza pasatzen ari dela, baina hori lanarekin eta ardurarekin sendatu daitekeen gaixotasuna dela dio.

 

Anonimatuaren eta talde-lanaren defendatzaile porrokatua; bere ametsetako hirian ez dago desberdintasunik auzoen artean, langabezia txikiagoa da, kultura nonahi arnas daiteke, euskaraz hitz egiten da eta partaidetza da nortasun ikurra.

Gertutik

Medikua zara lanbidez. Eta politika munduan ez zara orain arte lehen ilaran jardun. Beraz, gauetik goizera zure mediku kontsulta utzi eta hiriari kontsulta pasatzea egokitu zaizu. Nola dabil osasunez Donostia?

Ondo. Prozesu infekzioso latz samarra pasatzen ari da, baina pentsatzen dut badugula honi buelta emateko medikamenturik. Lehenik, esan beharra dago ni alkate naizela baina oso egoera anormal baten ondorioz.

Duela urtebete hasi ginen, ilegalizazioa zela eta 40.000 pertsona ezin ziren aurkeztu eta, beno, horren aurrean ekarpena egin nahi zuen talde bat zegoen, ni tartean, eta horregatik naiz alkate, egoerari horri buelta emateko.

Baina, tira, hori esanda, hemen nagoenetik garbi daukat zer ardura hartzen dudan eta herriaren alde lan egiteko ilusioarekin eta kementsu nabil.

Aurkitu dugun hiria zoragarria da, alde batetik, baina krisi ekonomikoan gaudenez, zigortutako hiria ere bada. Krisi ekonomikoak administrazio publikoari egiten dio kalte baina, batik bat, hiritarrek nabari dute, langabezia gora doa eta horrek guztiak tratamendu berezia behar du. Hortaz, momentu honetan edozein herriko alkate izatea edo edozein administraziotan aginte-lanetan ibiltzea nahiko zaila dela iruditzen zait.

Bizi-maila oso altua daukagu eta une honetan baliabideak gero eta urriagoak dira, eta hori kudeatzea ez da erraza. Baina, nire ustez, norabidea zein izan behar den jakinda, egoera gaindituko dugu. Argi dugu momentu hau ez dela asko gastatzeko garaia, baina ezta zenbait gaitan gutxiago gastatzeko unea ere.

Hiriak daukan zorra ez da hain handia, baina egia da aurkitu genituen aurrekontuak puztuta zeudela, ez zirela errealistak; hortaz, datozen urteetarako perspektibak aurreko urteetakoak baino dezente baxuagoak izango dira… Orduan, nola egin hiritarra kexa ez dadin diru gutxiago edukita?

Beraz, hau da egoera: ez dago sendatuko duen medikamentu perfekturik, baina osatuko dugu gaitzetik.

Nolakoa da Donostiako Alkatearen egun arrunt bat?

Goizean goiz jaiki, 6:00ak aldera, ahal dudanean kirol pixka bat egin eta 7:45 inguru Udaletxera etortzen naiz.

Agendak agintzen du: bilerak hainbat eragilerekin, administrazioekin, bisitak udaletxetik kanpo, eta abar. Gaueko 8:00ak arte hemen izaten gara. Batzuetan ilunabarrera arte ere luzatzen da, protokoloz egin beharreko zer edo zerrekin.

 

Previous Next

Karguak dituen zereginetatik, gustukoa duzun zerbait eta gehiegi atsegin ez duzun beste zerbait?

Gustuko dut jende askok proiektu berri honetan konfiantza jarri duela ikustea, eta horren alde lan egiteko aukera edukitzea.

Pertsona ezaguna izatea eta anonimatua galdu izana ez dut atsegin. Eta bestetik, politikan asko ikusten ari naizen joko zikina ere ez dut gustuko.

Harritu zaituen zer edo zer?

Zer konplexua den etxe handi hau kudeatzea. Egia da ikuspuntua ezberdina dela beste aldean zaudenean eta barruan zaudenean. Talde politiko guztiek hiriaren alde bat egitea zenbat kostatzen den eta egunero interes partidistak aurretik jartzen direla ikusteak ere asko harritu nau. Herri lanak egiten eta hainbat pertsona norabide berean joaten ohituta nago. Hemen konturatzen zara bakoitzak bere interesak dituela eta askotan interes horiek ez datozela bat hiriaren onurarekin.

Aurreko alkatea, Odon Elorza, ia 20 urtez izan zen hiriko agintari nagusi.

Ikusten al duzu zure burua datozen bi hamarkadetan alkate?

(Barrea). Ez, ez (biribila). Nik egoera jakin bati aurre egiteko asmoarekin aurkeztu nuen nire burua; nire ekarpena egin nahi izan nuen. Eta ekarpen hori egingo dut egin behar den momenturaino. Ez daukat beldurrik hemen behar den denbora guztia egoteko… baina hogei urte askotxo dira. Horrenbeste urtez boterean egotea akats bat izan daitekeela uste dut, eta bizio asko hartu daitezkeela, eta, berez, hala izan zen.

Eta gainera, beti defendatuko dut: nahiz eta alkatea bakarra izan eta udaleko burua izan, hemen balio duena taldearen lana da.

Hemen inor ez da inor baino gehiago, nahiz eta alkatea izan iritzi publikoaren aurrean aurpegia eman behar duena

 

Profesionalki

 

Bildu Udal Gobernuan dagoenetik hamaika hilabete pasa dira dagoeneko, zein da egiten duzuen balantzea?

Balantze ona egiten dugu. Egoera zaila egokitu zaigu. Zaila ekonomikoki eta zaila politikoki; hala eta guztiz ere, aurre egin diogu egoerari, arduratsu. Batzuk ez dugula ondo kudeatzen edo hiria gelditzen ari garela islatzen saiatu diren arren, nik, kudeatzen badakigula eta hiriak sekula baino mugimendu gehiago daukala erakutsi dugula uste dut.

Zein da zure ardura nagusia, denbora gehien eskatzen dizun proiektu edo gaia?

Gure lanaren zati handi bat adostasuna, kontsentsua bilatu nahian joaten zaigu. Eta jasotzen dugun logikarik gabeko eta inongo oinarririk gabeko kritika zuzentzen ahalegintzea eta alde onera edo irakurketa positibora eramateak denbora dezente kentzen digu.

Baina gero, gure egunerokotasunean badira denbora asko eskatzen diguten proiektu garrantzitsuak; besteak beste, 2016, Tabakalera, Autobus geltokia, Urumea…

Denbora asko eskaintzen diogu aurrezte politika osatzeari, nolabait gastua kontrolpean izateko eta gehiago ez zorpetzeko.

Eta denbora asko ematen dugu, halaber, edo nik pertsonalki ematen dut, eragile eta jendearekin egoten. Eskaera bati ezetz esaten ez dakit eta denekin egoteko nahi horrek denbora dezente kentzen dit. Lan hori, gainera, ez da behar adina irudikatzen.

Bestetik, gure estiloaren oinarria politika egitea eta lana egitea da, eta gauzak eginda daudenean azaltzea, eta ez egunero prentsan ateratzea produktua saltzen.

Plan Estrategikoa sortu zenetik 10 urte pasa dira eta gure aldizkari honetan erreportaje bat argitaratu dugu gai horren inguruan. Zure ustez, nola aldatu da gure hiria azken hamarkada honetan?

Nire ustez aldaketa dezente izan dira azken hamar urteotan, eta Kepa Kortarekin hitz egin dugu behin baino gehiagotan horri buruz. Beraz, bakoitzari berea eman behar zaio; baita esker ona ere. Gauza batzuk ondo egin dira, beste batzuk ez.

Baina oraingo egoera eta duela hamar urtekoa ez da bera. Eta agian, Plan Estrategikoari ere beste norabide bat edo beste diagnostiko bat egin behar zaio.

Nik uste dut, gaur egungo egoera kontuan hartuta, gizarte arloa azpimarratu beharra dagoela, orokorrean; plangintza askoz ere sakonagoa egin behar dela langabeziari aurre egiteko programetan, eta askoz ere gehiago sakondu behar direla, halaber, ongizatea, parte-hartzea eta kultura. Nik uste dut, krisi garaian kulturan inbertitzea inbertsio ona dela. Agian plan estrategikoetan jasotzen diren inbertsio handiak alde batera utzi beharko lirateke, beste garai batzuk etorri arte.

Ba garai horiei begira, nola irudikatzen duzu Donostia hemendik hamar urtera, 2022an?

Gure apustua auzoak eta kanpoaldeak hobeto tratatzearen aldekoa da; zentroaren eta periferiako auzoen arteko desoreka gainditzea. Sozialki, langabezia murriztea eta ezberdintasun sozialak, ahal baldin bada, gutxiago izatea.

Kulturaren ikuspegitik, gainezka egiten duen hiria imajinatzen dut, sortzaileak ugaritu egingo dira eta euskal kultura nonahi ikusteko aukera egongo da. Hiri euskaldunagoa gustatuko litzaidake eta, ahal baldin bada behintzat, datozen urteotan gauzatuko diren hirigintza garapenak naturarekiko eta nekazal munduarekiko errespetu handiagoarekin egitea da gure nahia.

Beraz, etxebizitza gehiago egongo da, langabezia gutxiago, herri euskaldunagoa, kulturaz blai egongo gara eta kanpoaldeko auzoak hobetuta. Guk helburu edo norabide horrekin egingo dugu lan.

Eta hori guztia lortzeko parte-hartzea azpimarratzen dugu oinarri bezala. Azken finean gaur egun daukagun parte-hartze sistema baino hobeago bat lortzea da gure helburua.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak