Elkarrizketak

Hemengo ekoizpen-etxeek ausardia gutxiko proiektuak hartzen dituzte

José Mari Goenaga

Zine zuzendaria

Jose Mari Goenaga bere opera prima aurkezten ari da egun hauetan, "Supertramps", datorren Goya sarietan izendapen bat lortu nahi duen animazio film luzea.

Gainera, Moriarti Donostiako ekoizpen-etxearen kide da eta hurrengo lerroetan ikus-entzunezkoen euskal sektorea nola dakusan aztertzen du.

- Laster zure lehen film luzea estreinatzen da, "Supertramps" animazio filma. Zer nolako esperientzia izan da?

Oso esperientzia positiboa izan da. Ikasteko prozesu baten zati gisa balio izan didala uste dut. Erronka bikoitza zen, izan ere, nire lehen esperientzia zen animazioaren munduan eta baita film luzeen munduan ere. Zorionez, esperientziadun jendearekin lan egin ahal izan dut, adibidez Joanes Urkixo gidoian eta Iñigo Berasategi zuzendaritzan. Gidoian nahiz zuzendaritzan parte hartu izanak istorioa sakonki ezagutzen lagundu didala uste dut eta honek ziurtasun handiagoa eman dit zuzentzeko garaian. Bi atalak kutsatu dira, bata bestetik. Muga teknikoak edo aurrekontuarenak zirela eta, gidoia idazten ari ginela egin zitezkeen eta egin ez zitezkeen gauzak eduki behar genituen beti kontuan. Muga hauek "baztertuz" istorio esanguratsu bat kontatzea etengabeko erronka zen.

 

´Supertramps´ filmeko kartela- Euskal animazioak bizi duen garai onaz hitz egiten da. Sektorea, inongo zalantzarik gabe, egon, badago eta Euskadiz kanpo ere aintzat hartzen da. Zein da zure iritzia honen inguruan?

Nire ustez Euskadin animazio industria txiki bat dagoela esan daiteke baina zoritxarrez ez dut uste gauza bera esan daitekeenik irudi errealaz. Eusko Jaurlaritza ere ohartu da honetaz eta ikus-entzunezko proiektuen ekoizpenerako laguntzen barnean laguntza berezi bat sortu du animazio proiektuetarako. Industria tinkotzen ari dela uste dut baina oraindik ez da bere heldutasunera iritsi den industria. Dena den, bide onetik goaz. Egiten den film bakoitza aurrera pausu bat da. Batez ere 3Dan. Teknika berri hau sartu zenetik, gauza asko ikasi behar izan dira eta nik uste ekoizpena Euskadin ikasketa prozesu horretan dagoela. Normala den bezala, hasiera batean hurrengo proiektuetan zuzentzen joaten diren akatsak egiten dira. Denbora eman behar zaio. Nik uste gutxi gorabehera zine mututik soinudunera igarotzean gertatu zenaren antzekoa dela. 30eko hamarkadan soinudun zinemarako egokitze prozesu bat egon zen eta urte batzuk pasa behar izan ziren zinema egiteko modu berria menderatzen hasi ziren arte. Dena den, ni ez naiz aditua animazioan. Hona errebotez iritsi naiz, nire lana zuzendari moduan beti egon izan baita edukietan zentratuagoa eta, zentzu horretan, nire lana ez da irudi errealarekin lan egitetik hainbeste aldatu.

- Zer behar daude? Nola hobetu daiteke merkatu hau?

Nire ustez laguntza publikoak ezinbestekoak dira. Hala ere, laguntza hauek proiektu oso jakinetan zentratzen direla uste dut, koiuntura egitura baino gehiago bultzatzen dela. Uste dut ongi legokeela ekipo berriak erosteko laguntzetara diru gehiago ematea. Azpiegituretan gehiago inbertitzea. Laguntza hauek merkatuan epe luzera eragin handiagoa izango luketela uste dut.

Bestalde, sustapenerako neurri gehiago behar dira. Askotan kostata bukatzen da honelako proiektu bat eta ez dira behar bezala sustatzeko ia baliabiderik gelditzen, honek zinemako leihatilan eragiten du. Zentzu honetan, ETB bezalako telebista publiko batek gainerako guztia gisa honetako proiektuak sustatzera bideratu behar lukeela uste dut.

- Moriarti ekoizpen-etxearen kide zara, zertan egiten duzue lana? Zeintzuk dira proiektu nagusiak?

Moriarti ikus-entzunezko merkatua edukiz betetzeko helburuarekin sortu zen. Pixkanaka-pixkanaka enpresa garatuz joan da eta film laburren ikus-entzunezko ekoizpenean ("Tercero B", "Sintonía") eta dokumentalen ekoizpenean ere ("Sahara Marathon", "The dragon house") sartu gara. Oraintxe bertan beste dokumental bat daukagu aurre-ekoizpen fasean. Baina edukien eskaerari erantzuteari utzi diogu. Bideo korporatiboetarako gidoiak egiten ditugu, interneterako edukiak etab. Enpresa gazte bat gara eta zentzu honetan zerbait eman diezaiokegun arlo bakoitzari eusten saiatzen gara.

- Nola ikusten duzu ekoizpen-etxeen egoera Donostian, kultur ekoizpenaren aldeko apustua egiten duen hirian?

Donostian eta Euskadin orokorrean ETBren ekoizpen-etxeekin mendekotasun handia dagoen susmoa dut. Ulertzekoa da, oso borroka zaila baita hilero zerbait finkoa emango dizun ezer gabe enpresa bat mantentzea. Film labur baten proiektu batean sartzen baldin bazara, bi urte eman ditzakezu horrekin lanak fruituak emango dituen jakin gabe.

Hala ere, ETB aurpegi biko txanpona dela uste dut, izan ere, ekoizpen-etxe askori martxan jarraitzen uzten die baina, era berean, ekoizpen-etxe hauei ausardia gutxiko proiektuak onarrarazten dizkie. Ekoizpen-etxeak funtzionario gisakoak bihurtzen dira.

Bestetik, Donostia batez ere hiri kulturala izanik, hau ikus-entzunezko sektorean nahikoa islatzen ez dela uste dut. Baina ez dut uste hau ekoizpen-etxeen errua bakarrik denik. Donostian hemengo enpresen gaitasunean federik ez duten enpresak daude (publizitate agentziak, ekitaldien antolatzaileak, etab.) eta zenbait lan egiteko Madril edo Bartzelonako ekoizpen-etxeetara jotzen dute. Zenbaitetan hau egiteko arrazoiak daude, ekoizpen-etxe hauek know-how handiagoa baitute eta zerbitzu hobeak dituzten hirietan daude kokatuta (laborategiak, kamerak alokatzeko enpresak, etab.), Donostiaren tamainako hiri batek beharbada izan ezin ditzakeen enpresak dira. Dena den, bertako ekoizpen-etxe enpresek erraz har ditzaketen proiektu asko dago eta, hala ere, kanpoko ekoizpen-etxeek egiten dituzte.

- Zinemarako hurrengo proiektuak...

Lehen aipatu dudan moduan, dokumental baten aurre-ekoizpen fasean gaude. Luzio Urtubiari buruzko dokumental bat da, Kaskanteko (Nafarroa) anarkista bat. 70eko hamarkada amaieran First National Bank (gaur egun Citibank) erakundeari garai hartako 3.000 milioi pezetako iruzurra egitea lortu zuen ondoren berak sinisten zuen ekintzetan inbertitzeko. Eta hau guztia inoiz bere igeltsero lana utzi gabe egin zuen. Aldarrikatu beharreko pertsonaia dela uste dugu eta ez dela nahikoa ezaguna hemen zehar. Bestalde, "Sintonía" izenburua duen film labur bat dugu ekoizpen osteko fasean.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak