| 2006-08-04
New York Times-ek Donostia bisitatzeko gomendioa luzatzen duen artikulua argitaratu du, baita Bob Dylan-ek bakearen alde eskainitako kontzertuari buruzko albiste bat ere
Amerikako egunkari honek, 2 orrialdeko artikulu baten bidez, Donostia bisitatzeko gomendioa luzatzen du, batez ere su-etenaren iragarpenaren ondoren. Hiria lasaia, optimista eta xarmaz betea deskribatzen du, bertako gastronomiaren kalitatea goraipatzen du eta ostatu hartzeko, gauez ateratzeko, erosketak egiteko, pasieran ibiltzeko… tokiak gomendatzen ditu. Bob Dylan-en kontzertuari buruzko albiste bat ere agertzen da, bakearen aldeko bidean une gogoangarritzat oroituko den happening gisa.
New York Times-en arabera, su-etenaren aurretik ere, Donostia ez da inoiz “Gaza” izan, eta “lasaitasun- eta optimismo-sentipena gainezka izan da beti itsasertzeko hiri xarmangarri honetan”. Egunkari honetan azaltzen denez, bertako hondartza garbiek, portu pintoreskoak eta alde zaharreko kale estuek Latinoamerikako itsasertzaren (Kristoren estatua duen Urgull mendia Río de Janeiro-rekin alderatzen du) eta europar hiri baten arteko nahasketaren sentipena sortzen dute. Bertan, laurogei urtetik gorako arrantzaleak ikus daitezke pasieran “ezbairik gabe modernoak, oparoak eta gazteak diren” hiritarren ondoan.
Donostia deskribatzeko hiri bizia dela adierazten du, bertan ospatzen baitira Nazioarteko Jazzaldia, Aste Nagusia eta Nazioarteko Zinemaldia. Gainera, luxuzko hotelak ere gomendatzen ditu ostatu hartzeko, adibidez Maria Kristina hotela. Euskal sukaldaritza ere goraipatzen du gourmand, garesti eta eskuragaitzena dela adieraziz, eta “Donostia, munduko beste tokiekin alderatuz, kilometro karratu bakoitzeko hainbat Michelin izarreko jatetxe gehien duen tokia dela baieztatzen du”. Pintxoak ere aipatzen ditu .
Chillida Leku eta Aquarium-a bisitatzeko gomendioa luzatzen du, baita Miramar Jauregiko lorategietatik itsasoa ikustekoa ere. Donostia ezagutzeko modurik onena bizikleta dela adierazten du, bide gorrien sare zabala baitu. Gainera, itsas pasealekuan barrena hiriko mutur batetik bestera joan zaitezkeela adierazten du, itsasertzetik, kalerik zeharkatu eta hondarrik ukitu gabe.
Azkenik, gauez ateratzeko eta erosketak egiteko tokien berri ematen du; moda-modako arropa-dendak zein txapelak saltzen dituztenak .
Bob Dylan-en bakearen aldeko kontzertuari buruzko albiste laburra
Egunkari honek Bob Dylan-en bakearen aldeko kontzertua iragarri du, 50.000 pertsona espero zirela adieraziz: doako kontzertua Donostiako Zurrriola hondartzan, “bakearen aldeko bidean une gogoangarritzat oroituko den happening-a”. Zapaterok ETA euskal talde separatistarekin elkarrizketa-prozesuari bidea irekiko diola iragarri du, su-eten iraunkorraren iragarpenaren ondoren.
|