bilatu
Bisita gidatua
 
GAURKOTASUNA atalera itzuli

2005-eko otsaila
Euskal erakundeak, eta MCC Innovación eta Genetrix enpresak ados jarri dira, eta bederatzi milioi euro –1.500 milioi pezeta– inbertituko dituzte Donostiako Biobide parkean botiken testatze masiborako munduko lehen zentroa sortzeko

Juan Carlos Ispizua zientzialariak zuzenduko du Miramon teknologi elkartegiko bioteknologiako zentroa. Erakundeek, eta Genetrix eta MCC Innovación enpresek bederatzi milioi euro inbertituko dituzte plataforma bioteknologikoa abian jartzeko.

Juan Carlos Ispizua eta Cristina GarmendiaDonostiak, azkenean, bioteknologiako zentroa izango du, eta garapen biologian eta birsortze-medikuntzan mundu-mailan ospe handia duen Juan Carlos Ispizua zientzialariak gidatuko du zentroa. Biobide sozietatea hiru hilabetetan eratuko da, euskal erakundeen eta MCC Innovación eta Genetrix enpresen erabaki irmoari esker. Izatez, Miramon teknologi elkartegian zentro hori eratzeko bederatzi milioi euroko –1.500 milioi pezetako– inbertsioa egiteko ados jarri dira. Bestalde, Ispizuaren fitxaketaren sustatzaileetako bat izan den Donostiako Udalak garrantzi handiko proiektu honetan ere har dezake parte ekonomikoki, proiektu horrek biozientzien arloko eta hasi berriak diren teknologia estrategikoen arloko plataforma zabaltzen baitu Gipuzkoan.

Konposatu kimikoen eta botiken testatze masiborako munduko lehen zentro horrek zebra-arrainak erabiliko ditu testatzeak egiteko. Izan ere, espezie tropikal horren enbrioiak gardenak dira, eta, kanpoan bilakatzen direnez gero, beren bilakaera ikusteko eta manipulatzeko aukera dago. Gainera, autosorkuntza zelularrerako ezohiko ahalmena dute, beren bihotzaren %30 mozten bazaie ere.

Biobide zentro bioteknologikoak, hasierako fasean, maila handiko hamabost zientzialariko langile-taldea izango du botikak zebra-arrainen bilakatze-faseetan probatzeko. Horrez gain, robotikako, informatikako eta analisi optikorako tresnak garatuko ditu, probak modu masiboan egin ahal izateko; hala, ikerketa farmakologikorako emaitza informatiboak azkar eta kostu handirik gabe sortu ahal izango dira. Biobidek, hasiera batean, esparru kardiobaskularreko programa terapeutikoetan oinarrituko ditu bere jarduerak; haatik, bigarren fasean nerbio-sistemaren arazoak ere ikertzea aurreikusten da.

Bestetik, zelula amez eta ehunen ingeniaritzaz baliatuko den beste zentro bat sortzeko negoziatzen ari da erakunde publikoekin. Zentro horretan ere, Ispizua jauna eta Genetrix enpresako buru den Cristina Garmendia donostiarra daude konprometituta.

subir
Prentsa bulegoarekin harremanetan jarri hurrengo posta elektronikoaren bitartez: prentsa@donostiafutura.net
Gurekin harremanetan jarri | Portada | Planaren gida | Komunikazioa | Ideien gunea | Dokuteka | Aldizkaria