| 2004-ko
iraila
Manifesta
5ek 80.000 bisita izan ditu, ekainean inauguratu
zenez geroztik
Manifesta 5 Arte Garaikideko Bienalak 80.000
lagun inguru hartu ditu azken hilabeteetan
bere egoitzetan. Manifesta 5, hain zuzen,
ekainaren 11n inauguratu zen Donostian, eta
arte garaikidearen inguruko hainbat espresabide
eskainiko ditu irailaren 30era bitartean.
Hala, aurreikuspenak nabarmen gainditu dira.
Konparazio batera, orain dela bi urte Frankfurten
egin zen Manifesta, eta orotara 23.000 ikustaldi
izan ziren.
Manifestak berak sei egoitza ditu Donostian:
Kursaaleko Kubo aretoa, San Telmo museoa,
Koldo Mitxelena, Aquariumeko sotoa, Ciriza
etxea eta Ondartxo. Toki horietan, hain justu,
artistek euren obrak erakusten dituzte, baita
artearen inguruko ikuspegia ere. Gainera,
Manifesta 5en parte hartuko duten zenbait
artistak euren obrak erakutsi edo egingo dituzte
hiriko hainbat bazterretan. Gisa horretan,
Donostia gaur egun atari zabaleko galeria
erraldoi bat da, guztia ikusle eta ibiltarien
esku dagoena. Esan bezala, sortzaileek gune
jakin batzuk izango dituzte, non euren sormen
lanak paratuko dituzten; horrez gain, lasai
ederrean ere mugitu dituzte obrak, hiriko
txokoetan arteaz bere osoan goza dezagun.
Manifesta Arte Garaikideko Europako Bienala,
hain zuzen, International Foundation Manifesta-k
(IFM) sortu zuen, eta berak finantzatzen du
egun ere. Egoitza, ostera, Amsterdamen du,
Holandan alegia. IFMren xedea artistei aukerak
eskaintzea da, non eta lehia nagusi ez den
ingurune batean, eta gisa berean ideia nahiz
espresabide artistiko berriak azaleratzea
du helburu. Horretaz aparte, Manifesta 5 honako
hauek finantzatzen dute: Donostiako Udalak,
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.
Manifestak, azken batean, Europako esparru
mental eta geografikoan arakatzen du, eta
bere xedea egoera kultural eta artistikoen
artean hurbileko elkarrizketa gauzatzea da,
arte garaikidearen testuinguru zabalena kontuan
hartuta. Helburu horrekin, izaera nomada edukitzearen
alde egin du, eta bi urtean behin Europako
hiri edo eskualde ezberdin batean hartzen
du ostatu (1996an Rotterdamen, 1998an Luxenburgon,
2000n Ljubljana-n, 2002an Frankfurt am Main-en,
2004an Donostian).
Donostia hiria 2002ko udaberrian aukeratu
zen Manifesta 5erako, eta horretarakoxe bere
iragan historiko aberatsa eta aurrekari soziopolitiko
dinamikoak hartu ziren aintzat, baita lurraldean
duen toki garrantzitsua ere. Hiriak gero eta
zirraragarriagoa den nortasun kulturala garatu
du, eta zeregin horretan artista independenteek,
galeriek eta erakunde publiko nahiz pribatuek
aurrera eramandako ekimenak nabarmendu behar
dira. Gisa berean, hemengo panorama artistikoak
erabateko konpromisoa hartu du International
Foundation Manifesta-rekin, zertan eta Manifesta
Bienalaren bosgarren edizioan koproduktore
eta antolakuntza lanetan arituta.
Bestalde, Donostiak duen azpiegitura kultural
eta instituzional gero eta handiagoa erabakigarria
izan zen Donostia Manifestako hiri aukeratzeko
tenorean. Horrez gain, datozen urteetarako
hiriaren helburuetako bat arte bisual eta
interpretatiboei gero eta babes handiagoa
ematea da, egun musikak (batez ere, jazzak)
eta Nazioarteko Zinemaldiak duten babes bera
izan dezaten. Donostia eta bere ingurunea
nortasun indartsu baten jabe da, politika
kultural koherente bat garatzeko orduan determinazio
handia duena, alienazio sozialari beste alternatiba
bat eskaintzeko alegia.
|