|
2004-ko uztaila
ERNESTO ARNÁEZ. Diseinu ikaslea. Valentino Rossiren motorraren
diseinu lehiaketan irabazle.
“Donostiako diseinugile
gazteok aukera gehiago behar ditugu gure estudioak sortu, eta beste hiri batzuetara
ez joateko, non diseinuaren aldeko apustua egiten den”
4.000 proposamenen artean, zure diseinuak
irabazi zuen. Nola diseinatu zenuen Valentino
Rossiren motorra, zer izan zenuen inspirazio
iturri?
Diseinua ahotan hartu aurretik, esan beharra
dut hasierako diseinuekin hainbat forma egokitu
nahi nizkiola motorrari, nola eta horren
lerro estetiko eta aerodinamikoei helduz;
baina emaitza onik lortzen ez, eta lan-ildo
hori bazter uztea erabaki nuen, baita beste
ideia baten bila jardutea ere, ez formak
bakarrik. Hala, ongi hausnartu eta bila eta
bila ibili ondoren, 60ko hamarkadako estetika
psikodelikoaren inguruko liburu batekin egin
nuen topo: diseinu bezala izugarri gustatu
zitzaidan, Rossiren nortasuna ederki islatzen
zuen. Estetikaren nahiz erabilitako tipografien
gainean ikerketa zorrotza egin ostean, diseinu
tipografiko bat egitea erabaki nuen; baina
honako arazoa nuen: zein mezu igorriko nuen?,
zein hitz erabili behar nituen motorren mundua,
Rossi eta 60ko filosofia uztartzeko? Azkenean,
ROSSI, VALENCIA, MOTOGP eta LOVE (motorraren
atzealdean) hitzen aldeko apustua egin nuen;
kontuak kontu, Valencia hitzaren ordez Repsol
jarri zen, marketing arrazoiak tarteko. Koloreei
dagokienez, Repsolenak (laranja, gorria,
zuria eta beltza) eta Rossik berezkoa duen
horia erabili nituen. Azken batean, ideia
originala eta deigarria izan zen, eta horren
araberako kaskoa eta monoa egiteari ekin
zitzaion; era berean, taldeak ospakizun xelebre
bat prestatu zuen ileorde eta betaurrekoekin,
oso 60 hamarkadakoa, Flower Powerren ildotik.
Chesteko zirkuitu hartatik zer datorkizu
gogora, kontuan izanda Rossik distira atera
ziola zure diseinuari?
2002an ezagutu nuen pista hura, eta oroitzapen
onak utzi zizkidan hango festa eta giro ona
zirela eta; baina 2003an guztia izan zen
ezberdina, eta motorra diseinatu diozun pertsonarekin
topo egitea, bost bider munduko txapelduna
izan den Valentino Rossirekin alegia, ezin
adierazizkoa izan zen. Repsoleko jendea nahiz
Motociklismo aldizkarikoa oso jatorra izan
zen nirekin, eta uneoro adi-adi egon ziren.
Egia esan, mundu guztiak ni agurtzea, baita
Valentino Rossik ere, eta horrez gain mundu
horretan murgiltzea esperientzia ahaztezina
izan zen.
Zer sari erdietsi dituzu? Zeinek utzi dizkizu
oroitzapen onenak?
Tira, Rossiren
motorraren ingurukoa irabazi dudan aurreneko
diseinu lehiaketa da; guztiarekin ere, hainbatetan
irabazteko zorian ibili naiz: 2002an bigarren
geratu nintzen Irungo San Martzial jaietako
kartelaren diseinuan, eta hirugarren ere
geratu nintzen Fonsi Nieto pilotu espainiarraren
kaskuaren diseinuan. 2003an ostera, neure
burua Rossiren motorraren diseinu lehiaketara
aurkezteaz gain, Bartzelonako “Flyer
del Año del Diseño” delakoaren
diseinuan hamar finalisten artean geratu
nintzen. Guztiek oroitzapen onak utzi dizkidate;
baina, ezbairik gabe, Valentinoren motorraren
inguruko lehiaketa irabazi izana niretzat,
diseinugile bezala, oso garrantzitsua da,
berekin dakarren guztiagatik.
Zer adierazi zizun Valentino Rossik motorraren
inguruan?
Aurren-aurrena zoriondu
egin ninduen, eta diseinua ederra zela adierazi
zidan; ondoren, Augusto Moreno de Carlos –biziki eskertzen
diot guztia– Motociclismoko zuzendariarekin
batera eginiko elkarrizketan, Rossik esan
zidan beretzat nahiz Aldo Drudi lagun eta
diseinugilearentzat nire diseinuak bakarrik
zuela ideia original bat, eta hasieratik
atentzioa eman ziola adierazi zidan.
Aipatu motorra zure Eskola ari da zabaltzen.
Zein proiektutan zabiltza orain?
Orain ez dut denbora askorik gisa horretako
proiektu pertsonal eta lehiaketetarako. Kontuak
kontu, Rossi Hondatik Yamahara igaro ostean,
Motociclismo aldizkariak Valentinok 2004an
gidatu beharreko motorraren diseinuaren ikuspegi
pertsonala eskatu zidan. Hala, lasterketaren
batean noiz jantziko zain gaude, baina kontuan
hartu behar da ez dela diseinu komertzial
bat, gauza pertsonalago bat baizik, Japoniako
samurai gerlarien estetika aintzat hartzen
duena; baina hori beste kontu bat da, garapen
prozesu handikoa bestea bezalaxe. Horretaz
landa, AGV Italiako kasko enpresak interesa
erakutsi zuen niregatik, eta proposatu zidan
diseinu berritzaile eta ezberdinak aurkeztea,
egun direnekin batere zerikusirik ez dutenak;
orain beraz, poliki bada ere, horretan nabil.
Zer iruditzen zaizu Donostian egiten den
diseinu grafikoa?
Donostia hiri kontserbadorea
da eta egiten dena ildo horretatik doa gustukoa
izan ala ez; hau da, bezeroak zenbaitetan
berria den zerbaitekin arriskatzeko beldurra
du, ezberdina den zerbaitekin; hala, kontserbadoreagoa
bihurtzen da azkenean. Gauza berrien inguruko
ikuspegia apur bat zabaltzea falta da. Beste
alderdi garrantzitsu bat formakuntza falta
da: badira “diseinugile grafikoak” teknikari
gisa formatzen direnak inprentetan lan egiteko,
eta askotan hainbat proiektu garatzen dira
zenbait alorretan behar besteko ezaupiderik
izan gabe; esaterako, estetikan, artean,
historian, irudiaren teorian eta abar. Azken
batean, diseinugilea izatea ez da ordenagailua
erabiltzen jakitea bakarrik; era berean,
pentsatzen jakin behar da, arazoak konpontzen,
sortzailea izaten, kontzeptu eta ideiak garatzen… Horiek,
sarritan, atzean geratu ohi dira arestian
aipaturiko kontserbadurismoaren kariaz; baina,
oro har, diseinu zuzena eta ona egiten da,
hutsa ordea kasu askotan.
Zerk uste duzu indartu dezakeela Donostian
eta Gipuzkoan egiten den diseinua?
Batetik, hain kontzeptu klasiko eta kontserbadore
horretatik irteten ahalegindu behar da; bestetik,
berriz, diseinua sustatu behar da, oso bigarren
mailako tokian baitago; hots, jarduerak, bekak
eta maila handiagoko lehiaketak sustatu behar
lirateke. Baita, jakina, laguntza ekonomikoak
eta diseinugile gazteentzako bitartekoak ere.
Izan ere, ez dugu aukera handirik geure estudioak
sortzeko, eta horregatik Bartzelonara joan
behar izaten dugu, non diseinuaren aldeko apustua
egiteaz gain, askoz bitarteko eta laguntza
gehiago ere badauden.
|