|
2004-ko uztaila
SANTIAGO MORALES.
Ecuador Etxea-ko presidentea
“Donostian bada jende ireki
eta solidarioa, baina zaila da bertan geratzeko modurik ere ez duten etorkinen
presentzia”
Orain dela bost urte jarri zinen
bizitzen Donostian, eta harrezkeroztik zure
herrikideen bizimodua hobetzen saiatu zara
buru-belarri. Santiago Moralesen arabera,
integrazioa posible da eta, horretarako,
etorkina lan-elementutzat ez hartzea proposatzen
du, gisa horretan haren kultura eta balioak
baloratzen has gaitezen.
Zein da Donostiako egoera inmigrazioari
dagokionez?
Europara eta, era berean, Donostiara
iristen den inmigrazioa toki horietan jaiotako
biztanleek hartu nahi ez dituzten lanbideak
hartzera etortzen da. Donostiako inmigrazio
maila ez da beste hiri batzuetakoa bezainbestekoa;
hala, bada, fenomeno berria dela esan daiteke.
Duela zortzi urtez geroztik magrebtar zenbait
etorri dira eta duela bost urtez geroztik,
berriz, Ekuador eta Kolonbiako jendea.
Donostiak abegi ona egiten die etorkinei,
ala baztertu egiten ditu?
Bi joera antzematen dira. Batetik, jende
ireki eta solidarioa dago, baina errealitatea
bestelakoa da. Etorkinek Donostian presentzia
izatea zaila da, bertan geratzeko aukerarik
ere ez dute eta; azken batean ez dute etxebizitzarik,
ezta erregularizaturik ere enplegua.
Zein diira alde onak (laguntzak, politika
sozialak) eta alde txarrak (arazo ohikoenak)
Donostian?
Etorkin kolektiboek areago integratu
behar dute, modu horretan zer-nolako laguntzak-eta
dauden jakiteko. Bestalde, erakunde ofizialek
eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek kolektibo
horri eman diezaioketen informazioa areago
dinamizatu behar lukete. Informazioa ez da
behar bezala bideratzen, ez da esperientzien
trukea antzematen. Gainera, burokraziak berak
edozein laguntza edo prozesu atzeratzen du.
Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak Etorkinentzako
Harrera Bulegoa ezarri du, baina zerbitzu
horiez baliatzeko derrizgorrezkoa da erroldatua
egotea. Zuzenean edo zeharka, erroldatuta
ez dagoen jendea baztertzen da.
Aurreneko
lana egoera legala konpontzea da, baita etorkinek
etxebizitza duin baterako bidea izatea ere.
Etxebizitza gabeziak, jende askok elkarrekin
bizi beharra dakar. Horrez gain, garrantzitsua
da aisialdi-guneak sortzea. Hala, Gipuzkoako
Futbol Federazioak Ekuador eta Kolonbiako kolektibo
bati Kontxako Txapelketan parte hartzen utzi
dio, ez dugu behar bezala entrenatzeko tokirik,
ordea. Gisa horretako gabezia ugari ditugu.
Zenbat ekuadortar bizi dira Donostian?
Donostian
500 bat bizi dira eta Gipuzkoan, berriz,
1.000tik gora. Gipuzkoan den inmigrazioari
dagokionez, 4.000 lagunek osatzen dute multzo
hori eta %50 egoera irregularrean omen daude.
Era horretan, Donostiako kolektibo nagusia
Latinoamerikakoa da, eta atzetik Marokokoa
du. Gisa berean, Latinoamerikako etorkinentzako
bi organizazio daude: Esperanza Latina eta
geurea, Ecuador Etxea hain zuzen.
EAEko beste hiri batzuen aldean zein
egoeratan dago Donostia?
Aldundiaren eta Udalaren oinarrizko errentaren
inguruko laguntzak oso urruti daude errealitate
izatetik, izan ere tartean burokrazia eta
egiten den analisi partziala daude. Aldeko
txostenak gutxitan izaten ditugu eta oztopoak,
berriz, sarri askotan.
Nola hobetu daitezke ahulguneak? Ba
al da proiekturik abian?
Ecuador Etxean hainbat
proposamen egin dizkiegu erakundeei etorkinak
gizartean erabat integra daitezen. Egoera
ekonomikoa dela-eta gaude hemen, baina gizarteak
ere atertazen dio etekina gure presentziari.
Hala, etorkin irregularrak erregularizatuz
gero, Estatua eta bere populazioa ere onuradun
irtengo litzateke. Gainera, egindako azterketek
inmigrazioaren beharra azpimarratzen dute,
gizartearen zahartzea dela medio.
Azken batean,
garrantzitsua da etorkina lan-elementua soilik
ez dela jabetzea. Geure kultura eta balioak
ditugu, eta horiek gizarteratzea gustatuko
litzaiguke ezaupideak, gastronomia, musika
eta gisakoak partekatzeko. Horrelakoxe ekimenak
jarri behar dira abian.
Zer jardunbide ditu Ekuadortarren Elkarteak?
Duela
urtebete osatu genuen elkartea, baina gure
Estatutuak orain dela hilabete onartu dira.
70 kide gara eta 100dik gora daude sartzear.
Gizartean integratu nahi dugu eta ez dugu
bazterturik geratu nahi. Hala, diru-laguntza
behar dugu bulego bat izateko eta horren
bitartez guri laguntzeko prest dauden etorkin
eta bestelakoek informazio- eta lotura-gunea
izan dezaten.
Donostiako Plan Estrategikoak inmigrazioaren
zein alorretan egin behar luke ahalegina?
Plan Estrategikoa hiri berria aurrerantzean
izango denaren azterketa orokorra den aldetik,
inmigrazioa bera hobetu beharreko errealitatetzat
hartu behar luke.
|