|
2004-ko UZTAILA
Michael Storper irakasleak
"Gizartea, Komunitatea eta Garapen Ekonomikoa"
txostena eskainiko du Donostian, EHUren Uda
Ikastaroetan
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Plangintza
Zuzendaritzak, EHUrekin batera, honako mintegia
antolatu du: "Eskualde-hiri globalak.
Hiri- eta eskualde-agintarien zeregin berria,
politika publikoaren kudeaketan". Bertan,
mundu osoan eta batez ere Europan -Europar
Batasuna handitzen ari den une erabakigarri
honetan- Eskualde-hiri globalak etengabe izaten
ari diren protagonismoari heldu nahi zaio.
Mintegia uztailaren 1ean zabaldu zen "Gizartea,
Komunitatea eta Garapen Ekonomikoa" irekiera-txostenarekin:
Michael Storper izan zen txostengilea, nazioartean
itzal handia duen gizona.
Michael Storper, hain segur, London School
of Economics-eko Ekonomi Geografiako irakaslea
da, eta biziki azpimarratu du eskualde-guneak
lehiakortasunari eusten dioten benetako faktoretzat
hartzea; halaber, garapen ekonomikotik ezin
bereiz daitezkeen elementuak dira haren aburuz.
"Zergatik ingurune batzuk ongi garatzen
dira eta beste batzuek geldirik irauten dute?
Hori omen da auzi nagusia". Kontu hori
aipatu irakasleak aztertu du, nola eta azken
urteetan arrakastadun hirien eta geldialdi
ekonomikoa dutenen arteko konparazio lanak
eginik, eskualdeetako ekonomien osaeran dauden
aldeak zein diren jakite aldera.
Storper aztertzaileak adierazi zuenez, garapen
ekonomikoan aditu direnen artean "bakoitzak
azalpen ezberdina ematen du" egin dugun
galderaren inguruan. Bestalde, batzuen ustez
garden eta anonimoak diren merkatuen, estatuen
eta burokraziaren indarrean sumatzen dute
erantzuna. Horiek, hain zuzen, instituzionalki
antolaturiko kapitalismoa jarduera ekonomiko
egokitzat jotzen dute. "Cow-boyaren kultura
oldarkor komertziala da, merkatu indartsu
batekin, non konkurrentziaren arauak jarraitzen
diren". Horretaz landa, beste ikertzaile
batzuk gizarte antolakuntzaren ezaugarri tokikoetan
nahiz nazionaletan oinarritzen dira, non esku
hartzen dutenak horren baitan sartzen diren.
"Eskualdekako sistema garatzen duten
pertsonen arteko sareaz ari gara, non aldiro-aldiro
hainbat erakunde garatzen diren".
Horiek horrela, ekonomialariak nahiko zatiturik
daude gizarte antolakuntzaren ezaugarri tokiko
eta nazionalen ikuspegian. Bada jarrera bat
komunitatearen edo taldeen dohainak azken
20 urteetako eztabaida sozialean babesten
dituena. "Talde eta kolektibitateek onura
handia eragin dezakete ekonomian". Hala,
ongi egituratutako taldeak hainbat eraginkortasun
kolektibo motaren iturri potentzialak izango
lirateke; esaterako, "esku-hartzaileen
arteko indarra, komunikazioa, edo epe luzerako
ekintza-koordinazioa". Baina ikuspegi
nagusiaren arabera, "ekintza kolektiboa,
berez, txarra da ekonomiarentzat". Antolakuntza
ekonomikoarentzako konponbidea, azken batean,
"merkatu jakin bat izango litzateke,
non erakundeek ekonomia lehiakorra izatea
bermatuko luketen; babesteko arauak izatea,
alegia".
Gure irakaslearentzat, bi paradigma horiek
"zuzenak dira, hein batean; bi parte
horien artean elkarreragina dago". Michael
Storperren arabera, arrakastadun kasu konkretuetan,
faktore erabakigarriak ikusteko, garapen ekonomikoaren
oinarri instituzionalak batera ulertu behar
dira; "komunitatearen, taldeen eta gizartearen
nahiz bere arauen arteko harreman orekatua
aztertzea".
Txostengilearen arabera, "Komunitateak
eta gizarteak ekonomiaren alor kritikoak egituratzen
dituzte" tesia izan da defendatu dena,
eta haren ustez berritzeko ekarpen handia
egin du. Ekonomiaren alor kritikoekin jarraituz,
irakasleak pizgarriak hartzen ditu ahotan:
Hainbat erakundetan dute lekua eta epe luzera
arrakasta ekar dezakete". "Gizartearen
eta komunitatearen interakzioak esku-hartzaileentzako
pizgarriak zehazten ditu, garapen ekonomikoaren
prozesuan".
Bestalde, kapital sozialaren baitako lotura
eta harremanei dagokienez, bi motatakoak daude.
Batetik, talde sozialak osatutako harremanak
daude, sineskera berberen, ideologien, famili
harremanen eta abarren bidez lotua dagoena;
bestetik, talde sozialaren barruko harremanak
daude, nola eta interes, kezka, lotura pratiko
eta formal berberekin. Gaur egun, lotura askok
ez dute zerikusirik alde tradizionalarekin,
eskualdearen nortasunarekin esaterako ("ingurune
berean jaio garelako, zure dialektoan hitz
egiten dut eta nire aitonak zurea ezagutzen
zuen"); aitzitik, lotura postmodernoak
ageri dira. "Ekintza berberegatik bateratzen
dira, elkarrekin gustura sentitzeko".
"Guztiz egituratuta dagoen" mundu
horren auzi nagusia hauxe da, "elkarrekin
ongi konpondu beharra dagoela, prozesu sozialerako
kaltegarriak diren gorroto eta zatiketa etnikoak
saihesteko".
Horrez gain, irakasleak dio gauzek ongi funtzionatzeko
eta taldeak korporatibismoaren jokoan edota
beste hainbat portaera txarretan jausi ez
daitezen, beharrezkoa dela harreman konstruktiboak
lortzea. "Oinarrizko arau batzuei heldu
behar zaie. Horiek dira, hain justu, arau
sozialak". Arazo hori gizarte guztietan
dago, ingurune geografiko osoan gainera. Autore
horren ondorioa honakoxea da: ekonomia bakoitzak,
alegia, ekarpen eta motibazio maila bat eskaini
behar duela, gizarteko taldeek parte har dezaten.
Horretaz landa, "erakundeak behar dira
aldaketa sozialaren kudeaketarako".
Horrekin batera, arrakastarako ingurune mikroekonomiko
batean, merkatuaren arauak beharrezko euskarriak
dira merkatuarentzat, izan ere kapital soziala
ematen dute, konfiantzazkoa gainera. Hau da,
banakako eragileek behar beste konfiantza
dute euren inguruneko erregulartasunak zein
diren eta zer egin behar den jakiteko. Hori
biziki garrantzitsua da, berekin baitu transakzioen
kostuak murriztea eta etekinak lortzeko perspektibak
handitzea; halaber, efektu erantsiak nabarmendu
behar dira, enpresak eta ahalegin espiritua
koordinatzea adibidez, horrek berekin duen
garapenarekin.
Bere argudioa oinarritu duen beste puntu
bat aipatu ekintzen ingurukoa da, izan ere
jendea biltzea ahalbidetzen dute sistemari
berari galderak egiteko; bestela, ez litzateke
halakorik lortuko, izan ere "hala boteretsuek
bakarrik egingo lukete aurrera". Sistemak
nolatan eman diezaieke taldeei ahots bat eta
exijentziak egiteko aukera, edota harreman
horiek mugatzeko? Storperren proposamena koalizio
moldeak sustatzea da, konpromiso handiagoa
lortzeko; era berean, taldeen arteko aldeak
desagerrarazi behar dira. "Konfiantza
maila handia eta arau sozietal gogorra".
Storperrek babesten duen teoriaren arabera,
lehiakortasunean oinarritutako garapen ekonomikoaren
arrakasta ezaupideen estrategiari ere zor
zaio, baita Ikerketa eta Garapena (I+G) sistemari
ere, lurralde bakoitzean aplikatuta; Estatu
Batuetan eta Europan, kasurako, muturreko
egoeretan dauden sistemak dira.
Estatu Batuetan, konparazio batera, I+G munduko
aurreratuena da, eta "zientziaren kultura"
orokortuta dago oinarrizko ikerketa akademikoan;
Europan berriz, esparru informal (ez hain
antolatua) batean berrikuntzarako potentzial
handia izan arren, berrikuntza horren emaitzak
ez dira esparru "formalago" batera
igarotzen: adibidez, unibertsitatea, enpresa
mundua edota erakundeak.
Storperrek dioenez, Europako emaitza gabezia
hori ulertzeko, besteak beste EBren aldetiko
ekonomi fondo falta nabarmendu behar da bere
ingurunean sortzen diren ekintza berritzaileak
sustatzeko; gisa berean, EBren eraginkortasun
apalagoa aipatu behar da AEBen aldean, fondo
horiek gastatzeko orduan. Ildo horretatik,
heziketaren unibertsitate sistema berritzearen
alde egiten du, I+Gren garapenean potentziala
duen bitartekoa balitz bezala; zertarako eta
Europako egungo egoera gainditzeko, non ikertzaileak
pizgarririk gabe dauden euren proiektuen emaitzak
aurkezteko.
|