|
2004-ko uztaila
ALEJANDRO ZAERA POLO
“Eraikinak berez bihur daitezke hiri-eremu”
Alejandro Zaera itzal handiko arkitektoak
Donostiako Udalak Plan Estrategikoarekin
elkarlanean antolaturiko Hiri Estrategikoen
Foroan parte hartu du. Bisitaren arrazoia
hiri-birgaitzearen erakusgarri diren adibide
batzuk ematea zen, Tokio, New York edota
Londres. Hain justu, hiri-eremuan ederki
txertatzen diren konponbideak bilatzearen
aldeko da, baita eraikinetan komunikazioaren
teknologia erabiltzekoarena ere.
Ez du bazter
uzten Donostia erro-errotik aztertzea, gisa
horretan hiriaren proiektu handienetako batean
esku hartzeko.
Nola ulertzen du Alejandro Zaerak
arkitektura?
Nire belaunaldiko arkitektoak dagoeneko
ez gara utopikoak, ez dugu esaten gauzek
nola izan behar duten kasu bakoitza analizatu
edo aztertu gabe. Lurrari atxikiago lan egiten
dugun arkitektoak gara, beharrezkoa dugu
publikoarekiko harreman hori, bai halaber
botere publikoekin, administrazioetako teknikariekin
nahiz enpresa munduarekin. Nik beti diot
proiektuak landareen antzekoak direla; hots,
proiektua hazteaz hitz egin ohi dut, hori
kokatzeaz baino gehiago. Horretarako, proiektu
zehatz bat izan behar duzu, enkargu bat kasik,
gauzak aztertzen saiatzeko gune bat.
Arkitekturak, orain, areago pentsatzen
al du hiri-plangintzan?
Bai. Kontuan hartu behar dugu zein
izan daitekeen arkitektura eta hiri-plangintzaren
arteko harremana. Arkitektura tradizionalki
edukiontzi bat izan da; orain, berriz, balio
handia du eduki espezifiko bezala. Gai izan
behar dugu ikusteko, ikuspegi estrategikoagoa
izateaz aparte, arkitekturak objektu gisa
nola har dezakeen parte hiria eraikitzeko
orduan.
Arkitekturak, hain zuzen, gauza asko
konpon ditzake, beti ez da pentsatu behar eraikinek
espazioa hartzen dutela; eraikinak, berez,
hiri-eremu bihur daitezke.
Japoniako Yokohamako portuaren terminala
egin zenuen, eta New Yorkeko 0 Gunekolehiaketako
finalista ere izan zinen. Azaldu iezaizkiguzu
proiektu horiek.
Tokion, ferry terminal bat baino gehiago
interface bat egin nahi genuen badia eta
hiriaren artean, modu horretan plataformen
bidez lotzen lagun zezan (ontziak edota edozein
hiri-garraio). Hain justu, hiri-planteamendu
batetik ekin genion proiektu horri. Terminal
batek espazio bat eraikitzen du; berez, hiriaren
zati bat da, ez da eraikin bat bakarrik,
nolabait esateko hiriaren funtsezko parte
bat da, hiri-eremuarena alegia. Ez da, besterik
gabe, forma gutiziatsu bat.
0 Gunea arkitektura
gogorraren eta eduki sozial eta politikoen
komunikazioaren arteko harremanaren inguruan
iruditzen zitzaigun interesgarria. Hasieran
izkin egin genion abertzalekeriazko parafernaliari,
eta alturako eraikin baten prototipoa egin
genuen, mezu sozial edo politikoak aintzat
hartu gabe. Gure asmoa etorkizuneko alturako
eraikinentzat baliagarria izan daitekeen ideia
mamitzea izan zen, nola eta erredundantzia
erabiliz eraikin baten egitura-diseinuan. Batzuk
besteen gainean bermatzen dira batasunaren
erakusgarri.
Zein beste proiektutan zabiltzate
lanean?
Bartzelonan auditorioak dituen parkea
eraiki dugu itsasertzean. Dunekin analogia
edo metafora bat sortzeko asmoz hasi ginen,
modu horretan hiritarraren irudimena atxikitzen
saiatzeko. Hain justu, Tetris ezagunaren formetan
oinarritu gara. Ideia sistema zabal bat da,
batere itxia ez dena, egin ahala doitu daitekeen
zerbait. Forma eta tamaina ezberdineko hainbat
bulego dira, une jakin batean behar den horretara
egokitzen direnak.
Tenerifen, ostera, Kanariar
Irletakoegoitza hartuko duen eraikinean ari
gara lanean. Palmondo-enbor baten traza du,
eta eguzkitik babesteko azalzimurtsua du.
Londresen,
bien bitartean, Hiri Olinpikoa egiteko proposamenak
aurkezten ari gara. Garai bateko industria-gunea
da, abandonatua, jenderik bizi ez den tokia
eta ubideak dituena. Hain segur ere, komunikazio-gune
nagusia izango da baldin eta Ingalaterrak
Joko Olinpikoak hartzen baditu. Azken finean,
parke handi bat da, paisajismo ingelesaren
estilokoa, eta orain lanean dihardugu hiritarrek
instalazio olinpikoak loreak balira bezala
uler ditzaten.
Antza denez, eraikinek beti zerbait
adierazi nahi dute.
Beste proiektu batzuetan ere esperimentazioaz
baliaturik, bi eratako teknologiak erabil
ditzakegula ohartu gara: batetik, analisian
eta eraikuntzan bere gordinean oinarritzen
direnak; eta bestetik, berriz, hortxe dago
komunikazioaren teknologia.
Gogorragoak diren
teknologia horiek nahastu egiten dira, eta
komunikazioaren teknologiak arkitektura-proiektuetan
integratzen dira halaber.
Zer sumatzen duzu faltan Donostian?
Zer hobetu daiteke?
Hiri zoragarria da. Donostiaren arazoa
ez dut uste irudia denik; arazoa ez da arkitektura-diseinua.
Lehenbailehen konpondu beharrekoa, hain zuzen,
hiriguneko higiezin-presioa da; modu inteligente
eta eraginkor batean, kanpora atera behar
da presio hori.
Egia da, era berean, hiria ez
dudala iritzi serioak emateko bezainbeste ezagutzen.
17 urte nituela Donostiako Jazzaldira joan
nintzen, baina hori duela 20 urteko kontua
da. Harrezkeroztik hiria asko aldatu da. Modu
abstraktuan errezetak ematea ezinezkoa da,
ezin dugu “hiriek
horrelakoak izan behar dute” esan… Azken
batean, guztia zehaztasunez aztertu behar
dugu ahal den arkitektura onena prestatzeko.
|