bilatu
Bisita gidatua
 
GAURKOTASUNA atalera itzuli

2006-05-26
Topaketak- Encuentros V: “Donostia eta bere kultur proiektuak” izeneko jardunaldiek harrera bikaina izan dute

Donostiako Plan Estrategikoak, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak antolatutako jardunaldi hauetan, egungo eta etorkizuneko Donostiarako hiru azpiegitura nagusi jarri dira mahai gainean: San Telmo Museoa birgaitzea eta zabaltzea, Victoria Eugenia Antzokia berritzea eta Tabacalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Bertan izan dira, halaber, Bartzelonako, Karlsruhe-ko eta York-eko kultur ekipamendu garrantzitsuetako arduradunak.

Logo para el Día de la CreatividadDonostiako Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat kultur ekoizpenaren arloko sormena eta berrikuntza sustatzea da, eta jardunaldi hauen helburua gipuzkoar hiriburuaren kultur eredua eta bertako kultur proiektu nagusiak eztabaidatzea eta aztertzea izan da, nazioartean erreferentziazkoak diren beste zenbait hirietako adituen parte-hartzearekin.

Jardunaldiak Topaketak- Encuentros testuinguruan egin dira, hainbat eztabaida, mahai-inguru eta hitzaldi sektorial barne hartzen dituztenak. Hauek guztiek ezagutza partekatzea eta Donostiako proiektu estrategikoen garapenean aurrera egitea dute helburu, betiere hiriko eragile guztien arteko adostasunari eta lankidetzari bide emanez.

Eztabaidaguneari hasiera emateko, Ramón Etxezarretak (Donostiako Kultura
zinegotziak) “Donostiako kultur proiektuak eta kultur eredua” aurkeztu du. Jarraian, hitza hartu dute Miren Azkaratek (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak), Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik (Gipuzkoako ahaldun nagusiak) eta Odón Elorzak (Donostiako alkateak), administrazio bakoitzak sustatzen duen kultur politikaren ildo nagusiak azaltzeko.

Kafea hartu ondoan, San Telmo, “Memoriaren eta Lurraldearen Museoa” birgaitzearen eta zabaltzearen gaia hartu da hizpide. Juan Velázquez (EHU, Teledonosti) aritu da moderatzaile-lanetan, eta honakoak izan dira parte-hartzaileak: Antoni Nicolau (ICOMeko idazkaria eta Bartzelonako Historia Museoko zuzendaria), Gaur Egungo Museoen Ikuspegiaz aritu dena; Susana Soto (San Telmo Museoko zuzendaria), San Telmo Museoaren Proiektuari buruzko Ikuspegien argibideak eman dituena; eta Victor Cageao (Kultura Ministerioko Estatu Museoen zuzendariorde nagusia), Estatuko azpiegituren
errealitatea azaldu duena.

Arratsaldean, berriz, Victoria Eugenia, “Hiriko Antzokia” izan da eztabaidagai. Ramón Etxezarretak antzokiaren Erabilera Proiektua azaldu du, eta Daniel Bates-ek, York Theatre Royal-ekoak, Ekipamendu Eszenikoak eta Hirian duten Egitekoa aztertu du. Jarraian, mahai-inguru bat ireki da Anttón Azpitarte-k (Donostia Kulturako zuzendariak) dinamizatuta, eta bertan parte hartu dutenak Fligi Claverie (Ballet Biarritzeko Mugaz Gaindiko Proiektuaren administratzaile-ordezkaria), Norka Chiapuso (Donostia Kulturaren Antzerki Unitateko zuzendaria), Miguel Martín (Jazz Jaialdiko zuzendaria) eta Eduardo Clausen (Donostiako Musika Kulturako Elkartekoa) izan dira. Osteguneko jardunaldiari amaiera emateko, koktela eta zuzeneko musika izan dira.

Maiatzaren 12an, ostiralean, Tabacaleran, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan jarri da arreta,. Joseph Ramonedak (CCCB- Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroko zuzendariak) Kultur Instalazioen Etorkizuna aurkeztu du, eta Berhard Serexhe-k (Media Museum ZKM-ko komunikazio-zuzendariak) Karlsruhe Eskualdeko Kultur Adierazgarriaren Irudia. Ondoren, Josean Muñoz (KGNZko zuzendariak) Tabacalera Proiektua azaldu du. Mahai-inguruan Mitxel Ezquiaga aritu da moderatzaile-lanetan, eta parte-hartzaileak Kepa Korta (Donostiako Plan Estrategikoaren zuzendaria), Mikel Lejarza
(Grupo Árbol-eko kontseilari-ordezkaria), Josean Muñoz eta Lourdes Fernández (ARCOko
zuzendaria) izan dira.

Jardunaldiei amaiera emateko, Fuensanta Nieto arkitektoak “San Telmo
Museoaren Proiektu Arkitektonikoa” aurkeztu du.

- Topaketaren laburpena (pdf, 798 Kb)

subir
Prentsa bulegoarekin harremanetan jarri hurrengo posta elektronikoaren bitartez: prentsa@donostiafutura.net
Gurekin harremanetan jarri | Portada | Planaren gida | Komunikazioa | Ideien gunea | Dokuteka | Aldizkaria