|
2006-01-16
Biobide, botiken
testak egiteko munduko lehen zentroak, 2008an
egingo du lan bete-betean Donostian
Proiektua Eusko Jaurlaritzak,
Gipuzkoako Foru-Aldundiak, Genetrix-ek eta
MKK-k sustatu dute, eta Donostiako Plan Estrategikoaren
laguntza izan du. Donostiak, beraz, zebra
arrainekin botikak ikertzeko mundu mailako
lehen zentroa izango du. Lehen ikerketak bihotzeko
arazoak sendatzen dituzten botikekin egingo
dituzte.
Biobidek
urte eta erdi barru egingo du lan bete-betean
Miramon Teknologi Elkartegian, eta botiken
ikerketan erreferentzia bihurtuko ditu Donostia
eta Gipuzkoa. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako
Foru-Aldundiak eta Genetrix enpresak 900.000
euro eman dizkiote proiektuari, eta Mondragon
Korporazio Kooperatiboak, berriz, 600.000
euro, 3,3 milioi euro guztira. Juan Carlos
Izpísua (Kaliforniako Salk Institutua)
izango da Batzorde Aholkulari Zientifikoko
presidentea; Javier Pagaegi, zuzendari nagusia
eta Carles Callol, berriz, Zuzendari Zientifikoa.
Zentroak bihotzeko arazoak sendatzen dituzten
botikak ikertuko ditu lehenik, hauek baitira,
hain zuzen, herrialde aberatsetan heriotza
gehien eragiten dituzten gaixotasunak. Gerora,
minbiziaren, odoleko gaixotasunen eta zahartzearen
inguruko ikerketak egiteko asmoa dute.
Proiektuan robotika, bioteknologia, analisi
optikoak eta informatika erabiliko dituzte,
eta informazio azkar eta ugaria lortzeko aukera
izango dute. Probetan robotika erabiltzeari
esker, 1500 egin ahal izango dira eguneko,
eta honez gain, fidagarritasuna handitu (gizakiaren
akatsak ekidinez), eta denbora eta kostuak
gutxituko dituzte. Beraz, botikak merkatura
ateratzeko behar diren hamar-hamabi urteak
askoz ere hobeto aprobetxatuko dira, proba
ugari eginez, egunean milaka konposatu kimiko
aztertuz, probak automatikoki erregistratu
eta errepikatuz eta praktikoki %100eko fidagarritasuna
lortuz.
Bestalde, ikerketa zehatzari esker, "norberaren
beharren araberako" esperimentuak egin
ahal izango dira enpresa farmazeutiko eta
bioteknologikoentzat, ikerketa zentroentzat
eta hala eskatzen duten laborategi espezializatuentzat.
Biobidek, nazioarteko zientzialari ospetsuak
izateaz gain, MKK-ko kooperatiben eta Vicomtech
ikerketa zentroaren laguntza izango du proiektuaren
alderdi teknologikoan. Cristina Garmendia
donostiarra (proiektuaren sustatzailea) buru
duen Genetrix madrildar enpresak, berriz,
jarduera abian jartzeko aktibo material eta
inmaterialak emango ditu, hauen artean, zebra
arrainak. Izan ere, animalia hauek "esperimentuetarako
eredu bikainak" dira laborategientzat,
euren genetika eta ugalketa ezaugarriak direla
eta.
2010 urterako, bioteknologiarekin erlazionaturiko
industria europako BPGren %20 izango dela
aurreikusi dute. Euskadik bioteknlogiako 40
proiektu berri jarri nahi ditu martxan, eta
hauek 3000 lanpostu berri sortuko lituzkete.
2012 urterako, Biobidek 35 langile izango
ditu, orain sei dauden arren.
Zebra arraina
Zebra arrainaren eta gizakiaren homologiaren
%87 berdina da, bere enbrioia gardena da eta
birsortzeko gaitasun handia du. Hori dela
eta, askotan erabiltzen dituzte laborategietan.
Enbrioiak gardenak dira, eta horri esker,
zelulen mugimendua aztertu eta ehun eta organoen
garapen eta desberdintzea azter dezakete.
Organo bat sortuko duten zelulak fluoreszente
bihur ditzakete, bihotza eratuko dutenak,
adibidez, eta organo horren jarraipena egin
dezakete, baita heltzen direnean ere. Zebra
arrainaren emeak 200 arrautza ere jar ditzake
eta oso azkar garatzen dira -organoak 24 ordutan
eratzen dira-, beraz, gaixotasunen ereduak
azkarrago sortu, gaixotasunekin erlazionaturiko
ituak lehenago antzeman eta botika berriak
gara ditzakete.
|