bilatu
Bisita gidatua
 
GAURKOTASUNA atalera itzuli

2009-03-11
Donostia-San Sebastian izango da Adineko Pertsonen Hiri Lagunkoien Mundu Sarean parte hartzen duen Estatuko lehenengo hiria.

Londres, Edinburgo, Mosku, Tokio, Shanghai edo Rio de Janeiro hiri handiak, besteak beste, parte hartzen dute sare honetan.
Sarearen helburu nagusia zahartze aktiboa sustatzen duten hiriak lortzea da. Horretarako, hiri partaideetan osasunaren, parte-hartzearen eta segurtasunaren inguruko aukerak optimizatzen dira, pertsonak zahartzen direnean haien bizi-kalitatea hobetzeko xedez.
Donostiako Udala, Matia Fundazioa eta Donostiako Plan Estrategikoak bultzatu dute proiektu hau, lehenengo aurrera pauso batekin, Donostiara OMEko (Osasunaren Mundu Erakundea) aditua eta Sarearen sortzailea den Alexandre Kalache doktorea ekartzea.
Proiektuaren bidez, Donostiako Udalak 2016an Europako Kultura Hiriburua izateko hautagaitza sendotu nahi du. Proposamena beraz, hautagaitza osatuko duten ardatz programatikoen eta indar ideien identifikazioaren eztabaida prozesuan kokatzen da.

Matia Fundazioak, Donostiako Udaleko Gizarte Ongizate Departamentuak eta Donostiako Plan Estrategikoak bideratu dute Donostia hiria Adineko Pertsonen Hiri Lagunkoien Mundu Sarean (Age-friendly Cities - AFC) sartzera. Proiektua Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatua da eta, gaur egun, kontinente guztietako 22 herrialdetako 35 hirik parte hartzen dute horretan. Espainiak oraingoz ez dauka hiririk sarean, horregatik jaso du parte hartzeko gonbidapena. Hala, Gipuzkoako hiriburua Mundu Sarean sartzen den unean, proiektu horretan parte hartzen duen Estatuko lehenengo hiria izango da.

Inkorporazioa bultzatzeko eta laguntzeko xedez, jardunaldi bat antolatu zen, martxoaren 3an. Jardunaldi horretako hizlaria Alexandre Kalache doktorea izan zen, Osasunaren Mundu Erakundeko aditua eta Adineko Pertsonen Hiri Lagunkoien proiektuaren egileetako bat, hain zuzen.

Duela gutxi aurkeztutako Matia Zahartzaroko Berrikuntza Guneak bultzatu du Donostia Adineko Pertsonen Hiri Lagunkoien Mundu Sarean sartzeko ekimena.
Donostiak ibilbide egina eta esperientzia hartua du Hiri Lagunkoien Sareak sustatutako balio eta ekintzetan. Baina, horrez gain, Europako Kultura Hiriburua izateko hautagaitza sendotzeko aukera ezin hobea ere izan daiteke integrazioa hiriarentzat, horri esker herritarrek kulturaren, gizartearen eta ekonomiaren inguruko jardueretan parte hartzea erraztuko duten ekimenak gauzatuko baitira eta, oro har, hiriko bizi-kalitateak hobera egingo baitu.

Proiektuaren sorrerako helburu nagusiak honako hauek dira: komunitatean parte hartzeko prozesuak sortzea; herritarren (adinekoen zein gainerakoen) bizi-kalitatea hobetzeko aldaketak egitea udalerriko eskumen-eremuetan; eta adineko pertsonek hiriko bizitza hobetzeko eskain dezaketena aprobetxatzea. Helburu horiek betetzeko, proiektuak bere sustatzaileak eta gizarte osoa inplikatzen dituzten ekintza batzuk jasotzen ditu. Ekintza horien bidez, Donostia adineko pertsonen beharretara egokituko da arlo guztietan, Hiri Lagunkoi bilakatzeko. Ekintza horiek hainbat eremu barne hartzen dituzte, hala nola herritarren parte-hartzea (parte-hartzea sustatzea), arkitektura-eremua (garraio publikoaren bidez hiriko leku guztietara iristea), prebentzioa eta segurtasuna (gune publikoak garbi eta txukun egotea; espaloiak egoera onean egotea, zabalak, irristagaitzak eta oztoporik gabe; enplegatuak kontratatu, sustatu eta trebatzean adinagatiko diskriminazioa baztertzea), kontzientziazioa (prestakuntza-ekintzak sustatu eta antolatzea: foroak, jardunaldiak, ikastaroak, kongresuak…) eta gizarte- eta osasun-arretaren hobekuntza (etxeko laguntzarako eta zainketa pertsonalerako behar beste zerbitzu egotea), besteak beste. Ildo horretan, Donostiako Udala oztopoak kentzeko eta irisgarritasuna hobetzeko programak garatzen ari da, Irisgarritasun Planaren bidez, etxebizitza programa berritzailearen bidez zeinak adinekoentzat apartamentuak sustatzen ditu eta Plus 55 programa jarduera kulturalen bidez, Hiri Lagunkoiei dagozkien eskakizunak betetzeko.

Proiektua aurrera eramateko prozesuan hainbat eragilek esku hartu behar dute: adineko pertsonek berek, administrazioak, boluntarioek, zerbitzu-hornitzaileek, merkatariek, arduradun politikoek, antolatzaileek eta, oro har, biztanleria osoak.
Erantzuna behar duen etorkizuneko erronka handia.
Matia Zahartzaroko Berrikuntza Guneak, Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko Departamentuak eta Donostiako Plan Estrategikoak bultzatutako proiektuak honako printzipio hau du oinarri: hiriak eta adineko pertsonen kopurua azkar hazten ari dira mundu osoan. Izan ere, iragarritako zahartze demografikoa inoiz ezagutu gabeko fenomenoa izango da eta erronka sozio-ekonomiko handiak sorraraziko ditu. Hala, 2050ean, adinekoen kopurua gaur egungoaren bikoitza izango da: guztira, 1.500.000 milioi lagunek izango dituzte 65 urte baino gehiago Euskal Autonomi Erkidego mailan. Espainian, gaur egun, 7.633.707 pertsona daude adin horretatik gora (INE 2008), eta horietatik % 30ek 80 urtetik gora du. Aldi berean, urbanizazio-prozesua ere aurrera doa eta, 2030erako, herritar espainiarren % 81,7 hirietan biziko dela aurreikusita dago.

Gizarte modernoak gero eta zaharragoak dira eta, horietan, adineko pertsonak ezinbesteko baliabideak dira familiarentzat, komunitatearentzat eta ekonomia iraunkorrarentzat, esate baterako borondatezko lanaren bidez, haien esperientzia eta ezagutza guztien berri emanez, euren familiei zaintzeko zereginetan lagunduz edo saritutako lanak eginez. Erantzun gisa, OMEk Adineko Pertsonen Hiri Lagunkoien Mundu Sarea jarri du abian, hiriei eta herriei adinekoen ahalmen guztia aprobetxatzen laguntzeko.
Sarean parte hartzearen onurak.
Adineko Pertsonen Hiri Lagunkoiek euren egiturak eta zerbitzuak berregituratzen dituzte herritarren behar eta gaitasunetarako irisgarriak izan daitezen, eta haien parte hartzea sustatzen dute. Era horretan, Donostiak adin guztietako biztanleentzat diseinatutako hiria izan nahi du, zerbitzuak herritar guztien esku jartzen dituen hiria, hain zuzen. Hiri Lagunkoiek hainbat abantaila eta onura eskaintzen dizkiete herritarrei, hala nola oztoporik ez duten eraikinak eta kaleak, ezintasunen bat duten pertsonen (gazte zein adinekoen) mugikortasuna eta independentzia handitzeko. Orobat, proiektuari esker, auzoak leku seguruak izango dira, non, haurrak, emakumeak eta adineko pertsonak konfiantza osoz kalera irtengo diren, gizarteari edo aisiari buruzko edozein ekimenetan parte hartzeko. Horrelako hirietan, gainera, adineko pertsonentzako komunitatearen laguntza eta osasun-zerbitzu egokiak daude eta, ondorioz, familiak presio arinagoa dute zeregin horiek betetzeko. Hiri lagunkoiei esker, komunitate osoak ateratzen dio onura adineko pertsonek borondatezko edo saritutako zereginetan parte hartzeari, eta tokiko ekonomiak ere etekina ateratzen dio adinekoek komunitatean egindako lanari.
Sarearen metodologia.
Sarea osatzen duten mundu osoko 22 herrialdeetako 35 hiriek erabilitako metodologia eta Donostian martxan jarriko dena zortzi lan alor aztertzen dituen ikerketa kualitatibo batetik abiatzen da, hala nola: garraioa, osasun eta gizarte-arreta, etxebizitza, prebentzioa, segurtasuna, parte-hartzea, irisgarritasuna eta gizarte-inklusioa. Hiriko gune ezberdinetako 8 eta 10 pertsona inguruko taldeen sorkuntzarekin alor hauetan dauden ezinegonak antzematen dira 90 minutu inguruko lan-saioetan.
  subir
 
Prentsa bulegoarekin harremanetan jarri hurrengo posta elektronikoaren bitartez: prentsa@donostiafutura.net
Gurekin harremanetan jarri | Portada | Planaren gida | Komunikazioa | Ideien gunea | Dokuteka | Aldizkaria