Berriak

Donostia, "2016. urteko Europako Hiria Sarirako" finalista

Stockholm (Suedia) eta Bolonia (Italia) hirien aurka lehiatuko da Donostia, Academy of Urbanism-Hirigintzako Akademiak ematen duen sari honetan. Londresen du bere egoitza aipatutako erakundeak, irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, eta politikoki independentea, nahiz eta Royal Institute of British Architects erakundearekin erlazionatuta dagoen.

Previous Next

Irailaren 3an eta 4an Hirigintzako Akademiaren ordezkaritza batek Donostia bisitatu eta ebaluatuko du. Xede horrekin, udal ordezkariekin zein hiriko erakunde publiko eta pribatuekin bilduko dira eta aurkeztutako hautagaitza defendatzeaz gain, hiriak eskaintzen duen eredua erakutsiko zaie.

Sariak xedetzat du eredugarritzat bereizitako hiri-espazioak nabarmentzeko balioko duen dokumentu-iturri bat garatzea, bai eta beste hiri batzuetan erreferente gisa erabili ahal izatea ere.

Horretarako, epaimahaiak hiriko jardunbide onen adibideak ebaluatzen ditu hainbat arlotan, hala nola: lidergoa eta gobernamendua, zerbitzuak, bideragarritasuna eta arrakasta komertziala, ingurumen iraunkortasuna, erkidegoa, osasuna, ongizatea, konektibitatea eta ikasteko ahalmena.

 

500 kidetik gora ditu Hirigintzako Akademiak. Besteak beste, hirigileak, arkitektoak plangintza-egileak, soziologoak eta geografoak biltzen ditu aipatutako akademiak eta interes berezia dute guztiek hirietako ingurumen-garapena, hiri-garapena eta garapen soziala, kulturala, ekonomikoa eta politikoa ezagutzeko. Erakunde independente bat da, ez du harreman politikorik, baina RIBA-Royal Institute of British Architects Institutuaren babespean sortu zen (nazioartean etorkizuna zuten Erresuma Batuko arkitektoen elkargo profesionala da) eta bere lankide da gaur egun.

 

Udaleko Ekonomia Sustapena, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo sailak, Donostiako Plan Estrategikoarekin elkarlanean koordinatu du bisitatzen gaituen ordezkaritza britaniarraren gai-zerrenda eta udal-zerbitzu ezberdinekin izango dituzten bilerak, baita hautagaitza defendatzeko beharrezkoa izan den informazioa txostena ere.

 

Ostegunean bertan, Udalbatza aretoan udal gobernuak eta korporazio taldeak erakunde-harrera egingo diote ordezkaritzari, Donostian “2016. urteko Europako Hiria” saria jasotzeak, eskaintzen duen aukeraren aurrean sortutako interesa erakusteko.

Donostiako Alkateak eta Lehen Alkate Ordeak, beste hiriko hainbat ordezkari eta arduradunekin batera, egingo diete harrera Akademiako ordezkariei.

Epaimahaiko kideek hirian igaroko dituen egunetan, bertatik bertara ezagutuko dituzte 2016 Fundazioa, Kursaal Biltzar Jauregia, Basque Culinary Center, Kristina Enea Fundazioa, Dbus tranbia-konpainia, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea eta Talent House, besteak beste.

Era berean, lan-bilerak antolatu dira hainbat arlotako arduradunekin: kultura, turismoa, Donostia 2016, mugikortasuna, hirigintza, ingurumena, gizarte ongizatea eta abar.

Urteko Hiria Saria jaso duten hiriak hauek dira: Rotterdam (2015), Marsella (2014), Anberes (2013), Lisboa (2012), Glasgow (2011), Friburgo (2010), Bristol (2009), Berlin (2008) eta Edinburgo (2007); Espainiako bi hiri bakarrik iritsi dira finalista izatera: Bartzelona (2008) eta Valentzia (2010).

Epaimahaiak datorren azaroan jakinaraziko du bere erabakia, Londresen.

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Sustatzen ditugu
Elkartasunak