Berriak

Donostiako AGORA 2015 hiri berrikuntza lantegiek arrakasta izan dute

Eredu-aldaketa baten beharra, «XXI. mendea birziklapenaren mendea» izatearen aldeko apustua eta herritarrek aldaketa-prozesu horretan izango duten parte-hartzea (baita parte-hartze eza ere) eta inplikazioa izan dira kongresuaren gakoetako batzuk.

Bi egunez, hirigintza eta arkitektura, ingurumen, ekologia, soziologia, teknologia, etxebizitza, genero eta inklusio arloetako hogeita hamar bat adituk eztabaidak eta gogoetak egin dituzte AGORA 2015 hiri-berrikuntzako laborategietan. EHUren Carlos Santamaría Zentroan izan da Kongresua, hiru erakunde hauek elkarlanean antolatuta: Donostiako Udalak, hiriko Estrategia Bulegoaren eta Hirigintza Sailaren bidez, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak (AGET). Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan dute. Kongresu honetan 150 bat lagunek parte hartu dute; horien artean, ikasle talde handi bat, profesionalak, herri-administrazioko teknikariak eta herritarrak, oro har, zeuden.

EHUren streaming katearen eta zuzeneko emanaldiak egiten dituen Teledonosti katearen bidezko jarraipenari esker, AGORAk Donostiatik kanpo ere hedapen handia izan du.

Hiriko alkate Juan Karlos Izagirrek zera esan du Kongresuaren amaieran: Agoran burutatako “hausnarketa guztiz beharrezko da, hiria herritarrentzat eta herritarrekin egin behar baitugu, ingurumena eta aniztasuna errespetatuaz”eta eredu berrien ordua dela adierazi du, hiru kontzeptu edo ardatz azpimarratuaz: jasangarritasuna, inklusioa eta partaidetza. Akziora pasa beharra dagola azpimarratu du, Izagirrek.

Bestetik, eskerrak eman nahi izan die biltzarrean parte hartu duten pertsona guztiei, euren esfortzua eta partaidetza nabarmenduaz.

Lantegiek ondorio multzo bat balioztatzea lortu dute, AGORA 2015n izena eman duten pertsonen lanari esker.

Laborategiek AGORA 2015 tailerretan izena emanda zeuden pertsonek landu dituzten tailerretatik hainbat ondorio ateratzea ahalbidetu dute. Helburua honako hau izan da: Kongresua osatzen zuten lau bloke handien (Ingurune Naturala, Ingurune Eraikia, Ingurune Sozial eta Politikoa eta Ingurune Digitala) inguruko hausnarketa egitea eta pentsamendu kolektibo bat planteatzea, gaur egungo hiri plangintzari eta diseinuari buruz hausnartuz eredu iraunkorrago eta berritzaileago bateranzko pausua emateko proposamen multzo bat barne hartuta. Horretarako, Kongresuan izena eman duten pertsonen partaidetza aktiboa, landutako esperientzietan oinarritutako ikuspuntua eta tailerren koordinazio eta dinamizazio lan ona funtsezkoak izan dira.

Lau laborategietako ondorioak ondorengo ideia nagusietan laburbiltzen dira.

INGURUNE NATURALA

«XXI. mendea birziklapenaren mendea izango da». Nola kudeatuko dugu «eraikuntzako erretiratze horretan uzten duguna».

Nola lor daiteke hiri batean alderdi «naturala» nabariagoa izatea.

INGURUNE ERAIKIA

Hiri-testuinguruaren eredu berri baterantz. Testuinguru horren finantzazio eta bideragarritasun beharrak.

INGURUNE POLITIKOA ETA SOZIALA

Indibidualtasunetik kolektibotasuneranzko pausua, feminitatea zehar-lerrotzat hartuta.

Egiteko moduak aldatzea, konplexutasuna kudeatuz, kalitatezko parte-hartzea izanda, bertakora begiratuz eta eguneroko bizitza baloratuz. Hiri erreproduktiboa, ez produktiboa bakarrik.

INGURUNE DIGITALA

Datuak, erabilerak eta espazioak plataforma irekitzat hartuko diren hiri ireki baten eredua eratzea. Parte-hartze ereduak garatzea, hainbat parte-hartze maila jasota (parte-hartze eza barne) eta herritarren, administrazioaren eta enpresen arabera antolatuta.

Biltzarrean jasotako ondorio, ideia nagusi eta planteamendu guztiekin, dokumentu landu bat egingo da, epe labur, ertain eta luzera begirakoa.

AGORA 2015eko lehenengo jardunaldian (otsailak 12), goi mailako lau hizlarik parte hartu zuten.

José Fariña hirigintza arloko itzal handiko katedratikoak, ingurune naturalari dagokionez, etorkizunera begira, gizarte gisa jorratu behar ditugun erronka handienez hitz egin zuen. Aztarna ekologikoak lurraren azalera gainditu du. «Horrek esan nahi du lurreko erreserbak erabiltzen ari garela» eta «lurreko eltzeitsua erabiltzen ari garela», adierazi zuen Fariñak. Beste alde batetik, komunikazioa erabat aldatu da eta iraultza teknologiko bat eragin du.

Azkenik, gizarte gisa daukagun erronka handiena hirigintza arloan herritarren etengabeko zahartzeari aurre egitea da. José Fariñak «superzaharrak» aipatu zituen; ez adineko pertsonak, 80 urte edo gehiago izanik hirian bestelako beharrak dauzkatenak baizik.

Eredu-aldaketa bat behar da; hau da, gaur egungo plangintza-eredua gaindituz, XXI. mendeko plangintza bio-eskualdeen sistema gisa landu behar da. Fariñaren ustez, «udal-eredua zaharkituta dago».

Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Hirigintza eta Lurralde Antolamendu Saileko irakasle Sebastià Jornetek, Katalunian hirigintza-legediaren arloan kualifikazio handienetakoa duen adituak, ingurune eraikiaren gaia aztertu zuen.

«Plangintzako hierarkiak haustea» defendatu zuen, eta nabarmendu zuenez, «gaur egungo egoera, higiezinen munstroa lozorroan dagoela, aprobetxatuz eredua aldatu behar da».

Arkitekturan doktore (Sevillako Unibertsitatea) eta XXI. Mendeko Etxebizitza Iraunkorraren Lantegia graduondokoaren zuzendarikide den Zaida Muxík INGURUNE SOZIAL ETA POLITIKOA aztertu zuen.

Aurkeztutako ponentzian, herritarrek hiriari buruz hausnartu behar dutela planteatu zuen eta hausnarketa horretan genero-ikuspegia eta inklusioa bereziki aintzat hartu behar dituztela. Ildo horretan, Muxík nabarmendu zuen hiria hainbat ikuspegitatik aztertu behar dela; izan ere, «oinezko pasabide baten distantzia ez da berdina pertsona gazte batentzat eta 80 urteko batentzat». Horrez gain, «pertsonak» baloratu zituen, «ez hiri-planifikatzaileek bazterrean utzitako izaki abstraktu gisa», eta «eguneroko sareak aprobetxatu» behar direla esan zuen, «errealitatea ukitzea falta zaigulako».

Hiri-politiken arloko ikertzaile eta aholkulari Manu Fernándezek INGURUNE DIGITALA gaiaren inguruko hitzaldi saioari amaiera eman zion.

Fernándezek nabarmendu zuenez, «smart cityen aurrean, ikuspegi bat eta hiri-eredu konplexuago bat eskatu behar ditugu».

«Gauzen adimena» (eraikinak, kaleak, baliabideen erabilera...) askoz ere aurrerago doa, antza, hiriko espazioetan «adimen partekatua» berreskuratzeko premia baino.

AGORA 2015 lantegiaren helburua da hirien antolamenduaren berrikuntza-aukerei buruzko hausnarketa egitea eta eztabaida sortzea, batez ere gure ingurunetik gertueneko eremuan (EAE) eta gaur egungo hiri-garapenaren dinamikan.

AGORA 2015 biltzarra hiru erakunde hauen elkarlanaren emaitza da: Donostiako Udala, hiriko Estrategia Bulegoaren eta Hirigintza Sailaren bidez, EHAEO-Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (Gipuzkoako ordezkaritza) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa (AGET). Halaber, babesle dira Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Sustatzen ditugu
Elkartasunak