Elkarrizketak

Hiria Urumea aldera zabaltzea litzateke etorkizunerako proiekturik onena

Joaquín Pérez

Donostiako Gizarte Kontseiluko lehendakariari elkarrizketa

Aragoin jaioa bada ere, urte asko daramatza Donostian, Txomin bere auzoaren aldeko lanean murgildurik. 2013an, Donostiako Hiritar Merituaren domina jaso zuen, Txomin Enea auzoko –eta hiri osoko– elkarte-ehundurari bere bizi osoa eskaini izanagatik.

Joaquín Pérez da, joan zen otsailetik, Donostiako Gizarte Kontseiluko lehendakaria. Pérezen iritzian beharrezkoa da erakunde hori hirirako eta gogotsu betetzen ditu bere karguari dagozkion eginkizunak.

Joan zen otsailean Donostiako Gizarte Kontseiluko lehendakari izendatu zintuzten.
Zer moduz geroztiko hilabeteok? Horrela irudikatzen al zenuen Gizarte Kontseiluaren eginkizuna?

Nire agintaldiaren hasieran denbora gehiago eskaintzen nion.
Uste dut Gizarte Kontseilua beharrezkoa dela, batez ere, heziketa kontuagatik, alkatea eta udal gobernua fiskalizatzeko baino areago.
Ideiak mahai gainean jartzen dira, baina, batzuetan, zaila da haiek aurrera eramatea. Jendea lanean dabil eta bileretan parte hartzea, batzuetan, ez da erraza izaten. Batzorde Iraunkorrean edo Gizarte Kontseiluaren osoko bilkuran sortzen diren ideia guztiak aztertu behar dira, balioetsi eta praktikara eramaten ahalegindu.

Hil hauetan, zu lehendakari zarenetik, Gizarte Kontseilua berritzeko oinarriak ezartzen lan egin duzue. Zein da berrikuntza horrekin lortu nahi duzuen lehentasuna, helburua?

Gizarte Kontseilua eraginkorra izatea bilatzen dugu, Batzorde Iraunkorra, batik bat. Eta informazio sinesgarria islatzea, gizarte-eragile baliozkoak tartean direla, Kontseilu hori osatzeko.

Ekainaren azken aldera –aurreikusitako epeak betetzen badira– amaituko da berrikuntza horren esposizio fasea eta proposamena, lehenik, Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak onartu beharko du, eta gero, Udalbatzak berretsi, osoko bilkuran.
Hainbat gizarte-eragile falta dira Kontseiluan, gizarte-osasun arlo guztia, ospitaleak, Onkologikoa, eta abar. Horiek guztiek Gizarte Kontseiluan egon behar lukete.

Zer ondorio izango ditu hirian, eta Kontseiluan bertan, erakundearen berrikuntzak?

Boterea Udaleko osoko bilkurak daukanez, ikusi egin beharko da zenbaterainoko balio politikoa eman nahi dioten eta benetan Gizarte Kontseiluari proiekzio handiagoa opa dioten ala ez, bai organoaren independentziari dagokionez eta bai berori aintzat hartzeko orduan. Azkenean, Udalbatzak erabakiko du Batzorde Iraunkorreko bileretan jorratzen ari garenak balio duen ala ez, eta onartzen duten edo ez.

Zure iritzian, zer moduz dago hiria gizarte-ikuspegitik ikusita?

Erdialdea oso polita da, oso ñoñostiarra, gipuzkoarrek kritikatzen diguten bezala, baina auzo batzuk nahiko utziak daude.
Esan behar da, hala ere, udal gobernuaren alde, ahalegin handia egin duela aspalditik inplikazio ekonomiko handiagoa eskatzen dugun auzoetan, bai azpiegiturei dagokienez eta bai gizarte mailan. Hor sartzen ditut Loiola, Txomin, Martutene edota Altza.
Badakit lanean ari direla, eta buruan daukatela auzo degradatuago horietan gehiago inplikatzea.

Hiriko Gizarte Kontseilua da organismo aholku-emaile gorena, parte-hartzeari dagokionez. Bere eginkizunen artean daude, gainera, txostenak prestatzea, hiriaren egoerari buruzko azterlanak aurkeztea…
Behin Gizarte Kontseilua berritu denean, zein izango da hurrengo urratsa? Bere hurrengo misioa?

Bien bitartean, lanean ari dira Gizarte Kontseiluari, Udalari berari eta baita herritarrei ere, hiriaren gizarte-egoerari buruzko Azterlana aurkezteko. Garrantzi handiko lana da, eta estamentu guztiek hartu behar lukete aintzat. Donostiako Plan Estrategikoak oso ongi egindako azterlana da eta horixe izango da Gizarte Kontseiluaren hurrengo urratsa. Horri lotuta, Plan Estrategikoaren Batzorde Ordezkaria abian jartzea ere gure egitekoa izango da, azken batean, organo horri azaldu beharko baitizkio kontuak Plan Estrategikoak.

Donostiako Estrategiaren bulegoa hemendik hamar urtera izan nahi dugun hiriari begira ari da lanean. Nola irudikatzen duzu Donostia hamar urte barru? Nolakoa izatea gustatuko litzaizuke?

Oso gustukoa dut hiria Urumea aldera zabaltzearen ideia. Horixe litzateke hiriarentzat proiekturik onena. Txomineko eta Martuteneko Barne Erreformarako Plan Bereziak garatzea, eta Urumearen ibar guztia ongi bideratuta izatea, uholdeen ondorioak eragozteko. Hori litzateke nire zorion handiena.
Hiria ibai aldera proiektatzea.

Nolakoa da egun arrunt bat Joaquín Pérezen bizimoduan?

Nahiko korapilatsua, une honetan. Langabezia-egoera batetik nentorren eta proiektu berri batean hastea eskaini zidaten. Egia esan, nahikoa lanpetua nabil nire lanarekin, hainbat bilerarekin eta kargu berriak eskatzen duen informazio guztia neureganatzen.

Zein dira zure zaletasunak, aitor daitezkeen zure bekatuak?

Besteekiko harremanetan oinarritzen dira, auzotarren arteko jarduerak, eta askoz gehiago ez. Gizarteko zereginetan, lan kolektiboetan jarduten dut.
Ostiral arratsaldeak kenduta –koadrillarekin elkartzen naiz, zer moduz dabiltzan-eta jakinaren gainean egoteko– nire gainerako denbora libre guztia gizarte-lanean ematen dut.

Duela gutxiko elkarrizketa batean honako hau esan zenuen: "Nire iritziz ez da nahikoa norberarentzat lan egitea, kolektiboarentzat ere lan egin beharra dago". Zer esango zenieke kontrako iritzia duten pertsona horiei, beren interes pertsonaletatik harago begiratzen ez duten herritarrei?

Beti esan izan dut pertsona batek bere buruarekin gustura egon behar duela. Egiten dutenak asetzen baditu, bejondeiela! Baina nire ustez askoz beteagoak sentituko lirateke, besteen alde zerbait egiten saiatuko balira. Inbidia diet beren aisialdia gizarte-jardueretan, monitore edo boluntario gisa, edo GKEtan lanean ematen duten jendeari. Niretzat meritu handia dute beren denbora besteei eskaintzen dieten pertsonek, bizitzako zeinahi arlotan.

Bizitzeko hiri bat?

Donostia, eta ez naiz donostiarra (barrez).

Bisitatzeko hiri bat?

Bisitatzeko, ez nioke hiria deituko, hiribildu bat da: Sos del Rey Católico, nire jaioterria.

Atsedetera erretiratzeko leku bat?

Sos, dudarik gabe.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak