Elkarrizketak

Idatzi, baita ahots sintetizadore batekin hitz egin ere, jolastu, irakurri, musika entzun, nabigatu, txatean ibili eta, jakina, posta elektronikoa erabili

Pedro Palomo

Quick Glance sistemaren diseinatzailea

 

Pedro Palomok diseinaturiko sistemarekin, ordenagailua kontrola daiteke begiko irisaren bitartez. Gisa horretan, asmakizun horrekin Enpresa Ideien Euskal Enpresa Berria 2003 saria erdietsi du.

Hala, bada, nori zuzendua dagoen eta nola dabilen azalduko digu.

Sistema bat diseinatu duzu begiko irisaren bidez ordenagailua kontrolatzen duena. Nola funtzionatzen du, zehazki?

Ordenagailu normala da, eramangarria edo mahai gainekoa, eta infragorrien bi igorgailu eta kamera txiki batakoplatzen dira. Infragorriak, oso potentzia gutxikoak izanik, begiari ez diote inolako kalterik egiten, eta erabiltzailearen begirantz noratzen dira. Horrek kamerak berak hartzen dituen islak eragiten ditu begi-ninian. Ordenagailuak kamerako irudia interpretatzen du eta erabiltzailea pantailako zein lekutara begira dagoen kalkulatzen du. Hain zuzen ere, bertan jartzen da saguaren erakuslea.

Behin erakuslea nahi den gunean kokaturik, erabiltzaileak saguaren botoiaren pultsazioa simula dezake, dela pixkanaka kliskatuz, dela erakuslea denbora-tarte batez toki jakin batean edukita. Gisa horretan, gunearen tamaina nahiz saguak gune horretan iraun behar duen denbora (botoia sakatzeko) erabiltzaileak berak alda dezake.

Aukera-koadro laguntzaile baten bidez, eskuineko botoiarekin ez ezik pultsazio bikoitzarekin ere simula daiteke: eskuineko botoia sakatu, sakatu eta herrestan eraman, eta abar. Era berean, sakatzeko orduan sakatu den gunea handitu daiteke, eta horren ondorioz errazago klika daiteke nahi dugun tokian.

Bidea eman dezake are pertsona batekin komunikatu eta e-mailak bidaltzeko?

Sistemak, azken batean, sagua simulatzen du, eta edozein programarekin funtzionatzen du Windowsen. Horrek esan nahi du idatz daitekeela (pantailako teklatu bat erabiliz, sistema barne), ahots sintetizadore batekin hitz egin (hori ere barne hartuta), jolastu, liburuak irakurri, musika entzun, Internet bidez nabigatu, txatean ibili eta, jakina, posta elektronikoa erabili; azken finean edozein aplikazio, eta komunikatzeko ez ezik informatzeko ere balio du, ingurunea kontrolatzeko, erabiltzailearen bizi-kalitatea hobetzeko.

 

Nori dago zuzendua?

Edozein arrazoi dela ere, ordenagailua modu konbentzionalean ezin erabil dezaketenentzat: hasi 6 urtekoetatik 75 dituztenak arte euren arazoekin: Alboko Esklerosi Amiotrofikoa, Garun Paralisia, Parkinsona, muineko lesioa… Azken batean, erabiltzaile potentzial multzoa oso zabala da. Halaber, komunikaziorako, hezkuntzarako nahiz entretenimendurako erabiltzen ari da, besteak beste.

Zein dira Quick Glance erabili ahal izateko betekizunak?

Betekizun bakarra begiaren mugimenduaren inguruko kontrolari eustea da, antza pertsona guztiok baitugu hori, zernahi minusbaliotasun dugula ere. Betaurreko eta lentillekin ere erabil daiteke. Gainera, ezaupide informatikoak ez dira beharrezkoak, ez behintzat komunikatzea bezalako oinarrizko zereginetarako. Aukera izan dut ordenagailuak zer koloretakoak ziren ere ez zekiten pertsonekin aritzeko, eta orain Internet zale porrokatuak dira.

Teknologia hori Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten pertsonak erabiltzen ari dira. Zer-nolako emaitzak izan ditu esperientzia horrek?

ELArekin ez ezik, beste minusbaliotasun batzuk dituztenekin ere ibili gara inguru honetan. Emaitzak bikainak ari dira izaten. Lehen komunikatzea ezinezkoa zen haurrekin, orain erreminta horren bidez ari dira hezten, baita hertsirik zeuden –mugitu eta hitz egiteko aukerarik gabe– helduak ere: orain komunikatu ez ezik, lehen aipatutako hainbat eta hainbat gauza egin ditzakete, entretenitu, informatu eta are autonomia pertsonala izan.

Lehen ekipoak ezarri zirenetik hilabete batzuk igarota, erabiltzaileek egindako aurrerapen azkarraren inguruan bada esperientzia bat. Pertsona guztiak ez doaz erritmo berean, eta zenbaiti gehiago kostatzen zaie hasieran erabat kontrolatzea. Hala, erabiltzailea zenbat eta lasaiago, orduan errazago erabiltzen da (azken batean, gauzak non gertatzea nahi dugun begiratzea da besterik gabe). Egia esan, guztiek egiten dute aurrera estreinako egunetik, eta praktikatzeak berekin dakar kontrolatzea. Gainera, sistema hainbat hilabetez erabiltzen dabiltzanek ezinezkoak diruditen gauzak egiten dituzte.

Iaz, Enpresa Ideien Euskal Enpresa Lehiaketan, lehen saria erdietsi zuen asmakizunak. Aintzatespen horrek zer ekarri zuen berekin?

Bizi osoa enpresa-zuzendaritzan emanik, ez nuen uste ezerk harritu nintzakeenik, baina sari horrek sekulako ilusioa egin zidan, pizgarria izan zen jendeari helarazten erraza ez den proiektuan aurrera egiteko. Zeren, benetan diotsut, ikusi arte ez baita sinesten; ordenagailua begiaz erabiltzeak kontzeptu polita ematen du, baina nekez sinets daiteke; eta egia izan arren, informatikan oso jantziak direnentzat dela ematen du. Halatan, horrelako proiektu batek sari hori lortu izanak eta hedabideetan zabaltzeak sinesgarri izatea ekarri du berekin, eta hori guztia berretsirik geratu da erabiltzaileek eurek nola funtzionatzen duen ikusi ostean; ekipoa probatu eta erabilerraza nahiz berehalako emaitzak ematen dituela ikusi ondoren, alegia.

Azkenik, bidezkoa iruditzen zait finantza-entitate batzuek, bereziki Kutxak, eman duten laguntza, horrek bidea eman baitigu zenbait lagunentzat kostua arazoa ez izatea; orain, beraz, soluzio horretaz gozatzen ari dira, eta erreferentzia eta adibide dira hainbat jenderentzat.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak