Kepa Korta

Kepa Korta Murua

Estrategia Bulegoko zuzendari-koordinatzailea

Lurraldearen plangintza estrategikoa beharrezko tresna da hiriaren etorkizuneko ikuspegi komuna sortzeko

Ongi etorri Donostia hiriaren estrategia azaltzen duen webgunera.

Indarrean dagoen Plan Estrategikoa –hau da, E2020DSS estrategia– 2010eko amaieran onartu zuen Donostiako Gizarte Kontseiluak.

Lurraldearen plangintza estrategikoa beharrezko tresna da hiriaren etorkizuneko ikuspegi komuna sortzeko. Era berean, hainbat arlotako eragile publikoek eta pribatuek (sozialak, erakundeetakoak, ekonomikoak...) elkarrekin sortutako ikuspegi hori betetzeko bide-orri ere bada.

Ez da lan samurra; horizontalki landu behar baita, eta horrek zer hiri-eredu nahi dugun eztabaidatzea eskatzen baitu. Dena den, etorkizunerako estrategia argia eta iraunkorra lortzen lagunduko du, aldaketak aldaketa.

Hala, etorkizunerako prestatzen eta ahalik eta eredu onenera bideratzen lagunduko digu, ez gaitezen kale itsu batean noraezean sar. Horren adibide oso argiak daude. Etorkizuna diseinatzen eta eraikitzen ez duen hiria kondenatuta dago.

Donostiak urte luzeak eman ditu partekatutako estrategia planifikatzen eta betetzen, eta emaitzak nabariak dira, besteak beste, zientziaren eta jakintzaren arloetan. Eragile publikoen eta pribatuen lerrokatzeari esker, diseinatutako hiri-eredua lortzeko gehiago eta azkarrago egin dugu aurrera.

Gure erronka nagusia nazioartean ezaguna den hiria sortzearekin lotuta dago; eta ez turismoagatik edo gastronomiagatik soilik, baita zientziaren, berrikuntzaren, kulturaren, gizarte-kohesioaren eta balioen alorrean egindako lanagatik ere. Ondo komunikatutako hiria, sarean lan egiten duena (baita hurbileko espazioetan, Donostialdean, Oarsoaldean, Euskal Eurohirian, Gipuzkoan eta gainerako euskal hiriburuetan ere).

Hiri aberatsa balioei dagokienez, gizarte-bazterkeria orori hortzak erakusten dizkiona eta donostiarren, hiriaren benetako eragileen (kirola, kultura, gizartea, ekonomia, eta abar elkarrekin eraikitzeko biltzeko gai direnak), gizarte-kapitala bultzatzen duena.

Merezi du hiri honetan bizitzea, bizimodua eroso egiteko moduko tresnak baititu: hiri atsegina, zerbitzu ugariduna eta ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konprometitua. Bakearen alde lan egiten duen hiria, larrutik ordaindu baitu indarkeriak eragindako sarraskia.

Etorkizuneko jarduera ekonomikoen aldeko apustua egiten duen hiria: jakintzaren arlo berriak (nanozientziak, biozientziak, neurozientziak edota IKT), lehendik ere ondo menderatzen dituenak (ikus-entzunezkoen sektorea, musika, sorkuntza-industriak, kirola...) eta gizartearekin lotutako bestelako arazoak lantzen dituztenak (zahartzea, adibidez).

Berriz ere, ongi etorri.