Elkarrizketak

2023? Donostia hiri irekia izatea gustatuko litzaidake; bere arima irekitzea eta nolabaiteko askatasun eta konplizitate lurrina izatea

Fernando Bernués

DSS2016EUren kultura zuzendaria

Bulegoan sartu ahala musu ematen die bere lankideei; eskuetan, bilobak oparitu berri dion Zumetaren marrazki bat darama. Oso atsegina eta gozoa da, eta asertibotasuna ageri zaio alde guztietatik.

Fernando Bernuesek (Donostia, 1961) eta Igor Otxoak osatzen dute DSS2016EUren kultura-zuzendaritza berria.

Berarekin hasi nahi izan dugu Donostia 2016ri buruzko gure buletinaren atal berri hau. 2016ren zuzendari artistikoak argi hitz egiten du egungo egoeraz, zailtasunez eta, batez ere, 2016ko Europako Kultur Hiriburua izateak eskaintzen dituen aukeraz.

Berarekin bulegoan igarotako egun batean edozer gauza gerta liteke, aspertzea izan ezik.

 

Maila pertsonalean

Lehenik eta behin, zorionak eman nahi dizkizugu, urrun geratzen bada ere, badirudielako kultur hiriburua izatea zuri esker eta zuk landutako eszenaratzeari esker lortu zela.

Detaile txikiak dira, batzuetan, proiektu bat zerbait handiago bilakatzen dutenak?

Europako kultur hiriburua izatea jende askoren lanari esker lortu genuen, ez taldeko pertsonei esker bakarrik. Hasieratik egon zen tailerretan lan egin zuen jendea, ideiak eta edukiak ekarri zituena.

Horregatik, zorion hori guztiontzat da.

Proiektu bat formateatzeko lan egin genuen, eta proiektu horrek epaimahaia liluratu zuen biltzen zituen balioengatik. Izan ere, ekitalditik urruntzen zen, gertaeratik, baita zementutik ere, eta, aldiz, eraldaketaz eta kulturaz hitz egiten zuen, eta haiek gizartea eraldatzeko duten indarraz.

Niri lehenengo dokumentua moldatzeko aukera eman zidaten, hura antzerkiaren, performancearen eta hitzaldiaren arteko adierazpen eszeniko bilakatzeko.

Bai humanistagoa zen lehenengo defentsan, bai edukiari gehiago begiratzen zion bigarrenean, baita epaimahaiak hirira egindako bisitan ere, oso material ona izan nuen esku artean. Nire ustez aurkezpenek arrakasta handiagoa izan zuten hunkiberatasunagatik hitzaldiaren edukiagatik baino.

Kontzeptu handiak moldatu egin behar dira, eta gertuko elementu errazetatik abiatuta komunikatu.

Norbaitek asmatu egin zuen proiektuaren aurkezpenak proposamen artistiko bihurtzean.

Baliteke beste hiri batzuetako aurkezpenak «instituzionalagoak» izatea, kotxe ofizial asko, traje eta gorbata asko, eta gu, ordea, Madrilera furgonetaz joan ginen. Agian bulegoko norbaitek honela jokatzeko ausardia izan zuen, eta politikariek ere erronka onartzeko ausardia eta arriskua izan zuten, ekintza sortzaile baten eskuetan jarrita. Proiektuarekin bat zetorren, baina hala eta guztiz ere ez da ohikoa jarrera hori izatea, eta horrenbesteko konfiantza izatea proposamen artistiko batengan.

Baina tira, hori oso urrun dago orain, duela urte eta erdi irabazi genuen hiriburu izateko proposamena, eta gauza bat irabaztea da, eta bestea gauzatzea.

Juan Rulforen hitzetan «munduko gauzarik iraultzaileena emozioa da», alegia, pertsonen pentsamendua aldatzeko garaian, ezerk ez duela emozioek duten gaitasuna.

Nik beti kontatzen dut Valentzian gertatu zitzaidan pasadizo bat. Aitona bat bere bilobarekin zihoan kaletik. Haurrari esku artean zeraman pilota errepidera erori zitzaion, eta haren atzetik joan zen; orduan, kale berean zegoen Magrebeko gizon batek, sorbaldan zeramatzan alfonbrak lurrera bota, eta auto batek haurra harrapatzea galarazi zuen.

Aitona hunkitua geratu zen, eta geroago zera esan zuen: «Hau ere niri gertatzea, mairuei dieten gorrotoarekin».

Nire ustez gertakari horrek oso ondo irudikatzen du adierazi nahi dudana. Gizon horri 1.000 orduko hitzaldi batek ez lioke pertzepzioa aldatuko, emozio batek ordea...

Batzuetan, gatazka handiak ekintza sinpleen eta gertukoen bitartez gainditu behar dira.

Nolakoa da lan egun bat Fernando Bernuesen bizitzan?

Egunaren arabera aldatu egiten da, baina, orokorrean, azken denboraldian bi atal nagusi egon direla esan daiteke.

Proiektura iritsi nintzenetik, lan gehien eman didana fundazioaren giza egitura eta bertan sartuko diren pertsonen profil profesionala diseinatzea izan da.

Hori guztia, fundazioaren sorrera prozesuarekin eta egitura instituzional korapilatsuarekin batera.

Proiektuaren egitura ulertu behar izan dut, eta bertan sakondu, eta nahiko ongi ezagutzen nuen arren, perspektiba aldatu egiten da. Proiektu bat irabazteko lan egiten denean dena baiezkoak dira, paperean dena dago ondo, eta guztia da onargarria… baina benetako jokalekuan ari zarenean hori guztia egokitzea korapilatu egiten da.

Bigarren atala orain arteko eguneroko lana da, postu berrietako jendea eta Faro bakoitzeko arduradunak iritsi arte. Bi pertsonen artean (Igor Otxoa proiektuburua eta ni) programa oso zabal bat lantzen saiatzen gara, eta egunero proiektu mordoa jasotzen dugu.

Une honetan, gelditu eta proiektua berregituratu behar dugu balizko esparruen inguruan eta sartzen joan diren proiektuekin, horrela, profil berriak sartzen direnean, programa berregituratuta izateko eta denok eskema berarekin lan egiteko lehen lerroak zehaztuta edukitzeko.

Nire eguneroko lana, batik bat, mota guztietako proposamenak dituzten eragile zibilekin milaka bilera egitea da. Eta eguneroko jarduna, gero eta gertuago dagoen, hemendik hiru urterako begiradarekin bateratu behar da.

Eta hori guztia, momentu honetan benetan txikia den talde batekin.

Baina, laburbilduz, goizeko 8:00etan hasita milaka bilera izaten ditut emaila gaueko 12:30ean ixten dudan arte.

 

Zer alderdi baloratzen duzu gehien pertsona batengan?

Zerrendak egitea kosta egiten zait, pertsonaren arabera ez direlako alderdi berak.

Zintzotasuna asko baloratzen dut. Nire ustez, konplizitatez lan egiteko nahitaezkoa da zintzotasuna. Zintzotasuna zera dela ulertzen dut, bakoitzak mahai gainean bere irizpideak, sentsazioak, sentimenduak… jartzen dituen tokia.

Egiten duena grina handiz egiten duen jendea dut atsegin. Bizitza errentagarritasun ekonomikoaren arabera edo lehiakortasunaren arabera bakarrik neurtzen ez duena. Lana konplizitateen batuketa dela ulertzen duen jendea, bere erantzukizuna onartzen duena, inork egunero zer egin behar duen esan beharrik gabe.

Eta umorea dut gustuko. «Saiakuntzak egiteko gela bizileku bikaina da» esan ohi nuen, eta esaten jarraitzen dut.

Nire ustez zaila da horrelako proiektu bat isolatutako zatien artean sortzea, nekeza eta gogorra da. Hein batean agerian uzten gaitu, saihestezina da hori.

Eguneroko jardunean hainbat gauza konbinatzeak badu bere zailtasuna.

 

Maila profesionalean

Bere ibilbide profesionala arte eszenikoei lotuta egon da eta arrakasta handia lortu du alor horretan; zinemaren eta ikus-entzunezkoen munduan ere ibilia da.

Orain, Udala, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza patroi dituen proiektu handi baten zuzendaria da. Haren helmuga: Europa. Zein da zure zeregina ontzi horretan?

Kontzeptuen aldetik nahiko zehaztuta dagoen proiektua da, eta proposamen asko biltzen dituena, baina, oraingoz, trazu handitan daude marraztuta.

Aurkeztu zen eta irabazi zuen programa garatzera, arrazionalizatzera eta inplementatzera nator ni. Paperetik ekintzara pasa dadin, eraiki dadin.

Azken finean, irabazi zuen proiektuan proposatu ziren baloreak nola dimentsionatu aztertzera, 2016k abian jarriko dituen ekintzetan eta proiektuetan txerta daitezen.

Ez gara urrundu behar egin nahi dugunetik baina, aldi berean, bideragarria izan behar du.

Ireki berri den etapa hau funtsezkoa da hiriburutasunerako; hiru urte baino ez dira geratzen egun hori iristeko. Zeintzuk dira 2013ko erronkak eta helburuak?

Lau izango dira 2013ko une garrantzitsuenak:

Lantaldea lehen suhiltzaileena zen eraikinera mugitzea.

DSS2016EUrako espazio sinboliko bat sortu behar da. Beheko solairua plaza publiko kultural gisa erabiliko da, erakundearen eta gizarte zibilaren arteko kudeaketa prozesuarekin. Publikoa dena ez dute instituzioek soilik erabakitzen. Aukera ona izango da elkarlanaren eta lan egiteko eta harremanetarako forma berrien aldeko apustua egiten duten prozesu sortzaileak eta komunitate-prozesuak sozializatzeko.

Olatu Talka jaialdiaren laugarren edizioa

Maiatzaren amaieran egingo da eta, aurten ere, helburua jarduera artistikoak eta kulturalak ohiko testuinguruetatik kanpo birpentsatzeko, garatzeko, aberasteko eta elkarrekin lan egiteko plataforma gisa balio izatea da. Finkatzen doan erakustaldia da, eta nortasuna eta determinazioa bereganatzen ari dena. Gure ustez, garrantzizkoa da aktibismo amateur hori ospatzea. Amateurra, kasu honetan, zera dela ulertuta, kultura esperientzia propio gisa bizi duen jendea.

Bake Ituna

Lehenengo atala 2013an izango da, eta 2016an amaituko da.

Oso garrantzitsua izango da. Datorren udarako ikerketa- eta erakusketa-proiektua da, eta 2016 Fundazioaren, eta San Telmo, Zumalakarregi, eta lurraldeko beste museo batzuen artean ekoiztu dute. Donostiako 1813ko sutearen eta hiriaren suntsipenaren bigarren urteurrena dela-eta antolatutako jardueren barnean egongo da.

2013an erakusketa handi horren aurrerapen bat ikusi ahal izango dugu: «1813».

San Juan baleontzia, ur gaineko kultur hiriburua

2016ren marka nomada eta enbaxada ibiltaria izango da, eta Europatik bidaiatuko du, desberdinen arteko ezagutza, lotura eta lankidetza sustatze aldera. Ontzia berreraikitzen asko laguntzeaz gain, hiriburutasunaren balioekin bat datozen eta Pasaiako badian eta inguruko lurraldean eragina izango duten prozesuak dinamizatzen eta garatzen lagunduko duten ekimenen lidergoa izango du fundazioak.

Aurten, hain zuzen ere, Marseilla eta Košice dira hiriburu.Emango zeniguke uda honetan hiri horiek bisitatzeko arrazoiren bat?

Ni Marseillara joan nintzen, nola ez, hiriburutasuna estreinatu zutenean, eta urtean zehar arreta jarri beharreko zenbait puntu aurkituko direlako, jarraitu beharreko erreferentea izango da.

Marseillako eredua «gertakarien eredu» batean dago oinarrituta. Urte osoan zehar mantenduko den arteen jaialdi bat izango da, eta horretarako, inbertsio handia egin dute ekipamenduan… Amua hainbat museoren arkitektura izango da, urte erdialdera edo jarriko dena abian. Dezenteko indarra duen jaialdi-programa du, hitzaren zentzu onean. Marseillara bazoaz, hiri bat, lurralde bat ezagutuko duzu, eta gainera, bestela ikustea zaila den bitxiak aurkitzeko aukera izango duzu.

Zentzu horretan, gure erakargarritasuna bestelakoa da. Gure ustez, Donostiak badu dagoeneko erakusketa-gaitasun handia. Ez dugu pentsatzen jaialdi edo proposamen berriak asmatu behar direnik, aparteko proposamenak egotea da gure helburua, baina pentsatzen dugu jarduera bakoitzaren inguruan ekintza txikiak sortu ahalko ditugula.

Donostia hemendik pasako diren diziplina askoren topagune bihurtuko da. Ez da gertakizunari loturiko proiektua, baina elkar aberasteari, kontaktuari eta besteekiko konexioari loturikoa, ordea. Guretzat europar dimentsioa garrantzitsua da, Europarantz begiratzen hastea, ezagutzaren, dinamiken eta esperientzien trukearen erreferente gisa. Oraindik kosta egiten zaigu gure esparrutik irtetea.

Gainera, Europari ekarpenak egiteko moduan garela uste dut. Bakegintzaren arloan dugun esperientzia garrantzitsua izatea espero dugu. Hizkuntza minorizatu batekin lan egiten duen herri bat gara, eta, hala ere, aktibismo eta presentzia maila garrantzitsua sortzea lortzen dugula uste dut. Europari esateko eta ekartzeko gauza asko ditugu, bertan zailtasun asko dituzten hizkuntza minorizatu asko baitaude.

Gure esperientzia aberatsa, adore-emailea eta beharrezkoa dela pentsatzen dut.

Egungo egoera ekonomikoak eta Europar Batasunaren oinarri izan ziren zutabeen ahultzeak eragina izango dute, edo izaten ari dira, 2016ko hiruburutasunean?

Argi dago egoera politikoak eta ekonomikoak baduela eragina, baina agian ez da txarrerako. Europar Batasunaren lehenengo Itunaren sortzaileetako batek zera esan zuen: «Batasuna berriro eratzen hasi beharko banu, kulturatik hasiko nintzateke».

Hor dago kulturak bata bestearen lekuan jartzeko, enpatia sortzeko, duen gaitasuna. Dirudienez, arrakastaren adierazleak beti oinarritzen dira errentagarritasun ekonomikoaren eta lehiakortasunaren irizpideetan, eta adierazle horien artean inoiz ez dago gizartearen onura, kooperazioa, ezagutza… Ziur nago kultura Europarekiko harreman-sarea sortzeko modua ere izan daitekeela, eta ez bakarrik ekonomia. Izan ere, ekonomikoki ongi ala gaizki egoteak asko baldintzatu izan du harenganako konfiantza.

Agian, badago horri buruzko hondoko hausnarketa bat, jende asko une honetan egiten ari dena; alegia, ezin dugula Europaren eredua ekonomiaren eta politikaren inguruan eraiki.

Gure sektore sortzailea (hitzaren zentzu zabalenean), argi esanda, oso azkar odolgabetzen ari da, egitura erortzen ari da.

Litekeena da, krisi egoera honetan, sektore sortzailea izatea, eraikuntzaren sektorearen atzetik, ahulena eta kolpe gehien jasan dituena. Eta errealitate horrek kezka bat sortu digu: egitura ez dadila edukirik gabeko zerbait bilakatu.

Konparazio bat egiteko zera litzateke, pistan inolako akziorik ez duen zirko bat izatea. Zertarako balio du horrek?

Guzti-guztiok duguna perspektiba guztietatik birplanteatzeko eta birdimentsionatzeko unean gaude

Denok dakigu beste modu batean bizi behar dugula, sareko lana planteatu behar dugula, eta dena elkarlanetik egin behar dugula, eta ez bakoitzak bere talaiatik; baina hori horrela izan dadin, badakigu aldatu egin behar dugula, eta gauzak ez dira bakarrik aldatzen. Horrekin lotuta, 2016 horretarako aukera paregabea izango dela uste dut.

Donostia 2016 proiektua geldituta al dago une honetan?

Egia da hiriburutasunaren komunikazioak intentsitate handiko uneetatik pasa behar duela, baina baita mekanikak sortzeko eta gauzak antolatzeko uneetatik ere, eta orduan, lanaren intentsitatea ez da hain agerikoa izaten.

Eta beharrezkoa da etapa batzuetatik eta bestetatik igarotzea. Hiriburutasunaren lasterketako une batzuetan dena eman behar da, eta beste momentu batzuetan, ikusten ez den lana egin behar da.

Horrekin ez dut esan nahi zenbait alderditan ez nukeela nahiko hiruburutasuna aurreratuago, garatuago egotea. Behar bezala lanean dabilen lantaldea izatea gustatuko litzaidake, nolabaiteko gaitasunarekin eta fundazioa duela zortzi hilabete abian izatea, eta ez duela bi. Hobe egongo ginateke.

Orain, argi dago irabazi zenean proiektua birplanteatu behar izan zela, eta etxe barruan lana egin behar izan zela. Hori geldiune gisa ikusi dela kanpotik?

Hiriburu bakoitza mundu bat da. Esaterako Marseillak duela ia sei hilabetera arte ez zuen programarik ere aurkeztu. Zera da, ikusten ez den lanean aritu ziren.

Presentzia oso handia izatera ohitu gara, eta uste dut une batzuk janaria prestatzeko direla, eta besteak denok batera jatekoak. Oraintxe bertan barruko sukaldean aritzeko une batean gaude.

Hala ere, nire ustez 2013 ez da horrelakoa izango. Ekintzak eta helburuak eta lan-taldea iristeak egoera aldatuko dute.

Estrategia-bulegoak hiriaren etorkizunera begira egiten du lan. Nola aldatuko du 2016ko hiriburutasunak gure hiria? Zer ekarriko dio etorkizuneko hiriari?

Garen eta izan nahi dugun eta izatea kosta egiten zaigun Europako hiri euskalduna garenaren kontzientzia handiagoa izango dugu. Kultura eraldaketarako elementu gisa indartuko du.

Ehundu beharreko sarea mugaz haraindiko lurraldea da, ez Euskadi bakarrik, autonomia-erkidego gisa ulertuta, baita Akitania ere. Oso nabarmena izango den eragile askoren ekarpena izango dugu, orain arte elkartu ez diren eragileena.

Honekin ez dut esan nahi hiriburutasuna Lourdesko ama birjina izango denik, arazo asko ditugu eta hiriburutasuna norabide batean eskua hartzeko era bat, aukera bat da. Oso beharrezkoak diren beste konplizitate jarrera batzuk sortuko ditu baina, lehen esan bezala, ez dira bakarrik sortuko ez baditugu hori ahalbidetuko duten plataformak.

Donostiako Estrategia-bulegoak hemendik hamar urtera izan nahi dugun hirira begira egiten du lan.Nola irudikatzen duzu Donostia hemendik hamar urtera?

2023? Lotura soziopolitikoetatik askeago dagoen hiri bat irudikatzea gustatuko litzaidake.

Nire alabak, ordurako hogeitapiku urte izango dituenak, hiria orri zuri bat bezala ulertzea gustatuko litzaidake, eta bertan susmatu ere ezin ditzakegun istorioak idaztea. Dena kontrolatuta dagoelako tarterik ez dagoen sentsaziorik ez izatea! Nire ustez herritarrek berreskuratu egin behar dute ehun sortzailearen eta sozialaren jabetasuna. Zentzu horretan, gizartearen protagonismoa bere tokian jartzeko erantzukizuna dugu.

Begira, epaimahaiaren aurrean lehenengo aurkezpena egin genuenean, bertan parte hartu zuen bakoitzari begirada pertsonal batekin amaitzeko eskatu nion.

Eta nik nirea ez den esaldi batekin amaituko dut, Iñaki Salvadorrena da: «Harrigarria bada ere, nire hiriak bertatik joateko gero eta ate gehiago ireki, orduan eta gehiago gonbidatzen nau geratzera».

Donostia hori izatea gustatuko litzaidake, hiri ireki bat. Uste dut gerta dakiokeen hoberena dela, arima pixka bat irekitzea eta askatasun eta konplizitate lurrina izatea.

 

Sustatzen ditugu
Elkartasunak