Ministerioak 2010ean sortu zituen Zientziaren eta Berrikuntzaren saria eta Innpulso hirien sarea, besteak beste, Zientzia eta Berrikuntzaren arloan Tokiko Administrazioek egiten dituzten jarduerak aintzatesteko eta bultzatzeko, Udalen arteko lankidetza indartzeko, eta ezagutzan eta I+G+Bn oinarritutako produkzio-eredua aldatzen laguntzeko. Donostiaren lana, gainera, lehen ediziotik nabarmendu dute.
Donostiako Estrategia Bulegoa arduratu da, Donostia Sustapena Elkartearekin lankidetzan, Donostiako hautagaitzaren berrikuntza sustatzeaz, eta hirian egoitza duten neurozientzia, nanozientzia, biozientzia, energia, informazioaren eta komunikazioaren teknologia eta beste hainbat sektoretako 50etik gora erakunde publiko eta pribaturen atxikimendua eta babesa jaso ditu.
Hiru hamarkadako lana
Hiriko lehenengo Plan Estrategikoaren ardatz estrategikoen artean zegoen zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustua, eta hiriko osasun-teknologiak indartuko zituzten azpiegiturak sortzea eta ikerketa-zentroak ezartzea zen helburua. Erabaki argi hori eta lehen urteetan egindako lana funtsezkoak izan ziren 2020ko eta 2030eko plan estrategikoetan ere apustu horri eusteko, hiriaren garapen zientifikoa lehentasun gisa mantenduz.
Hala, lankidetzazko zientziaren rankingean lehen postuan kokatu zuen Donostia Nature aldizkariak 2017an, eta munduko 200 hiri zientifiko garrantzitsuenetako bat zela nabarmendu zuen, ikerketa-zentroen sare zabalari esker. Cotec elkartearen azken azterlanaren arabera, halaber, "Donostia da, batez beste, I+Gri lotutako enplegu gehien duen Espainiako hiriburua, enplegu osoaren % 2,34, hau da, 2.280 profesionalek egiten dute lan hirian ikerkuntzaren eta garapenaren alorrean". 2016ko datuarekin alderatuta, bilakaera azkarra eta positiboa izan da: langileen zenbateko osoaren % 1,57 zen orduan.
Gainera, Donostiako Udalak, Donostiako Sustapenaren bidez, otsailean jakitera eman zuenez, hiriak 277 milioi euro sortzen ditu zientziaren eta berrikuntzaren bidez, eta sektoreak % 3,6ko eragina du tokiko BPGan, hau da, Europar Batasuneko batez bestekoa baino handiagoa.