Donostiako alkate Eneko Goiak eta Estrategia Bulegoko zuzendari Kepa Kortak maiatzetik uztailera bitartean egindako Herritarren Pertzepzio Inkestaren emaitza jakinarazi dute. Data Key enpresak 16 eta 84 urte bitarteko pertsonei egindako 1.213 inkesten gainean egin du azterlana, Donostiako 2030 Plan Estrategikoaren jarraipen-lanen barruan kokatua. Herritarrek beren hiriari buruz duten sentimendua eta balorazioa egiaztatzeko tresna da, eta dituzten ikuspegiak eta erronkak azaltzen ditu. Balorazio horren bilakaera aztertzeko aukera ere ematen du, aurretik egindako inkestekin (2008 eta 2017) eta Europako beste hiri batzuekin alderatuta.
Hirian bizitzearekiko gogobetetasuna
Laginaren emaitzak orokortuz gero, esan dezakegu donostiar gehienek (% 94) diotela pozik edo oso pozik daudela Donostian bizitzearekin, eta ehunetik zazpi bakarrik oso gutxitan edo inoiz ez daudela pozik horrekin. Norberaren auzoan bizitzearekin gogobetetasunari buruzko emaitza oso antzekoa da (% 94), eta elkarrizketatutako pertsona gehienak (% 89) pozik edo oso pozik daude Donostiako bizi-kalitatearekin (horien erdiak beti daude pozik edo oso pozik). % 11, berriz, oso gutxitan edo inoiz ez pozik dago hirian bizitzearekin.
Gogobetetasun ehuneko hori 2017an egindako inkestan lortutakoaren ia berdina da; izan ere, inkesta orduan egin zuten pertsonen % 96k adierazi zuen pozik edo oso pozik zegoela Donostian bizitzearekin. Edonola izanda ere, hiriak gogobetetze-maila handia lortzen jarraitzen du, eta Europako batez bestekoaren gainetik dago (biztanleriaren % 87).
Inkestaren arabera, Donostia bizitzeko leku ona da, bereziki, adinekoentzat, elkarrizketatutako hamar pertsonatatik bederatzik diotenez (% 91,4), LGTBI pertsonentzat (% 94,3) eta seme-alabak dituzten familia gazteentzat (% 86,1).
Azpiegiturak eta ekipamenduak
Donostian dauden azpiegitura eta instalazioei dagokienez, oro har, gogobetetasun-maila «nahikoa» baino handiagoa da aztertutako guztietan, eta, zehazki, aztertutako hamaseietatik hamarrek lortu dute pozik edo oso pozik dauden pertsonen ehunekoa % 70 baino askoz handiagoa izatea. Guztien gainean, garraio publikoak lortu du baloraziorik onena, % 85,2ko gogobetetze-indizearekin. % 80tik gorako gogobetetasun-balorazioak dituzte hezkuntza-sareak, kirol-ekipamenduek, kultura-espazioek, bidegorri-sareak eta ongizaterako eta gizarte-laguntzarako zerbitzuek. Asebetetze-maila apalagoa duten ekipamenduen artean daude auzoko eraikinen eta kaleen egoera eta hiriaren zaintza eta kontserbazioa; baloraziorik txarrena izan duen alderdia osasun eta ospitale laguntza izan da (% 56,9k adierazi du pozik edo oso pozik dagoela). Azken alderdi horren balorazioak nabarmen egin du behera, 35e.p. jaitsi baita. Joera hori orokorra da Europan.
Hiriari buruzko ikuspuntuak
Hiriari buruzko hogeita bat alderdien gogobetetze-maila ebaluatu da, eta hiru alderdi positibo nabarmendu dira: Donostiak harreman onak ditu inguruko udalerriekin (% 87,1), norberaren auzoko jendearekin konfiantza dago (% 86,1) eta hiriko jendearekin ere bai (% 82,2). Pertsonen % 70 baino gehiago pozik eta oso pozik dago ikastetxe eta lantokietarako sarrerekin, kultura-eskaintzarekin eta hiriko trenbide-konexioekin. Gainera, azken neurketaren (2017) gogobetetze-mailarekin alderatuta, modu positiboan nabarmendu dira hirian lan egiteko aukerak eta Hondarribiako Donostiako aireportuarekiko lotura.
Aitzitik, ia ahobatezko desadostasuna dago bi baieztapen hauekin: etxebizitza arrazoizko prezioan aurkitzea erraza da, eta Donostia ez da bizitzeko hiri garestia.
Bestalde, gehiengoak (% 79,2) uste du turismoa garrantzitsua dela hiriarentzat, baina, aldi berean, turismoa hirira erakartzeko orduan mugara iritsi garela uste duten galdetuta, herritar gehienek (% 82,3k) baietz erantzun du. Turismo masiboa edo gehiegizkoa, herritarrek identifikatutako arazo edo erronka nagusietako bat da, hain zuzen ere, beste hauekin batera: etxebizitza eskuratzea, segurtasunik eza, kaleetako zikinkeria, aparkalekurik eza eta trafikoa.
Hiriaren etorkizuneko proiektuak
Inkestak hiriko hamalau proiektu estrategikori buruzko galderak bildu ditu. Proiektu horiek Estrategia Bulegoak sustatutako 2030 Estrategian sartuta daude, eta hiriaren erronka nagusiei erantzuten diete. Donostiarrek ematen dieten garrantziagatik, erronka hauek nabarmentzen dira: auzoko merkataritza biziberritzeko eta babesteko neurriak (% 98,5), enpresa berritzaileak eta ikerketakoak erakartzea (% 98,4), hiria adinekoekin adeitsuago izateko neurriak (% 98,4) eta etxebizitza lortzea posible izatea, bereziki gazteentzat (% 98,1).
Garrantzi gutxienekotzat jotzen den proiektua topoaren/metroaren linea igarobidearekin eta Benta Berri eta Erdialdeko/Kontxako geltoki berriekin osatzea da (% 56,0). Hala ere, 2017an ere sartu ziren proiektuei dagokienez, topoaren/metroaren linea osatzea da garrantzi gehien irabazten duen proiektua (+7e.p.). Bestalde, ibilgailuen hirirako sarbidea mugatzea da garrantzi gehien galtzen duena (-6,6e.p.).
Ingurumena
Ingurumenarekin lotutako zortzi alderdirekiko gogobetetasuna ebaluatu da, eta, guztien gainetik, hau gelditu da: uraren kalitatearen asebetetze-maila, ia ahobatezkoa (% 96,6). Gero, bi alderdik balorazio oso onak lortu dituzte: garraio publikoak (% 85,2) eta bidegorri-sareak (% 80,7). Haiengandik oso hurbil, zaborrak gaika biltzeko sistema eta hondakinak bildu eta birziklatzeko garbiguneak.
Ingurumenarekin pozik edo oso pozik dauden pertsonen ehunekoa txikiagoa da alor hauetan: kaleen garbiketa (% 68,3), klima-aldaketaren aurka borrokatzen duen hiri jasangarria (% 64,6) eta zarata-maila (% 63,4). Alderdi horiek, Europako hirien batez bestekoarekin alderatuta, balorazio hobea dute. Gogobetetzearen ehunekoa alderdi batean bakarrik da txikiagoa: hiriko berdeguneak, hala nola parkeak eta lorategiak (-6,3 e.p.).
Herritarren parte-hartzea eta beste alderdi batzuk
Oro har, eta jasotako erantzunen arabera, udal gaietan parte hartzeko interesa −herritarren parte-hartzea− pixka bat handitu da (3, ehunekoetan): hiru pertsonatatik batek adierazi du interes hori baduela; hala ere, herritarren % 13k soilik adierazi du herritarren elkarte edo erakunderen bateko kide dela (aurreko inkestan baino ehuneko zertxobait gehiago: 3, ehunekoetan). Bestalde, herritarrei galdetu zaie zer balorazio egiten duten Udalak teknologia berriak berekin erabiltzeko moduaz, eta % 63k uste du teknologia horien erabilera egokia eta nahikoa dela.
Bestalde, herritarrek beren egoera pertsonalarekiko gogobetetze-mailaren berri ematen duten lau adierazleak maila handietara edo oso handietara iristen dira. Hauek dira: daramatzaten bizitza (% 90,2), bizi diren ingurunea (% 88,3), egoera profesionala (% 83) eta finantza-egoera (% 83,6). Inkestatutako pertsonen ezaugarriak sakon aztertuz gero, antzematen da zailtasun ekonomikoek eragin negatiboa dutela lau alderdietan, eta horietako hirutan, langabezia-egoerak.
Gainera, herritarren % 43k uste du euskararen normalizazioa hobetu egin dela (% 43k uste du berdin jarraitzen duela). Bestalde, % 34k uste du enpresa berriak erakartzeko gaitasuna duela zazpi urte baino hobea dela (% 48k uste du berdin jarraitzen duela).