Elkarrizketak

Batzorde Iraunkorrak lantzen dituen gaiak hiria bezain anitzak izan behar dira

Ainhoa Arrillaga

Matia Fundazioa

Ainhoa Arrillaga gizarte langilea da, eta Matia Fundazioko MatiaZaleak programaren dinamizatzailea. Boluntariotza, kolaboratzaileak eta proiektuak saretzen jarduten da, Matia komunitatearekin lotu eta zubiak eraikitzeko, eta Donostiako Gizarte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kidea da, Matia Fundazioaren ordezkari gisa. 

Nola definituko zenuke zeure burua?

Donostiarra naiz, baina herri-giroan gustura murgiltzen naiz. Naturarekiko beharra sentitzen dut eta harekiko errespetu handia dut. Geldiezina naizela esango nuke, eta eskulanak eta sormen-lanak gustuko ditut. Txoko politak bisitatzea ere atsegin dut, gure hiriak ematen dizkigun aukera anitzak aprobetxatuz.

Nola ikusten duzu hiria ikuspegi pertsonal eta profesionaletik?

Maila pertsonalean, Donostian jaioa naiz, eta beraz, ez da hautaketa bat izan hemen bizitzea. Hala ere, aukera emango balidate, hiri honen alde egingo nuke. Izan ere, espazio natural eta lasaiak funtsezkoak dira niretzat, eta bien arteko oreka gustuko dut. Historia, ondare eta aukera asko eskaintzen dituen hiria da, baina egunero sortzen zaizkit egonezinak, geroz eta gehiago delako kanpokoentzako hiria. Donostian nazioartean erreferente izatearen ordainsaria da, nolabait, baina gauza eta aldaketa batzuk “gelditzea” gustatuko litzaidake: bertakoentzako hiria izatea, elkarren arteko topaketak sustatzen dituena, jasangarria eta erosoa, bertakoentzako aukeraz betea, eta segurua.

Arlo profesionaletik begiratzen badiot, adinekoekiko lagunkoia izateko egiten ari den lanketa oso positiboa iruditzen zait, eta irisgarritasunean ere aurrerapausoak ematen ari dira. Hiriaren estrategia eta etorkizuneko proiekzioa ere kontuan hartzen dira, eta hori garrantzizkoa deritzot, proiektu berritzaileei eta identifikatutako erronkei erantzun berriak emateko bideak ere jorratu behar direlako.

Zer erronka ditu adinekoen zaintzak egun? Eta etorkizunean?

Guztion erronka izan behar da. Administrazioak badu oraindik bidea egiteko: aukerak, arreta-eredua, jasangarritasuna, autonomia, duintasuna, koherantzia eta aukera berdintasuna… asko dira landu beharreko gaiak. Baina kontuan izan behar dugu guztion erronka dela, eta gaurko egun zaila edo ezinezkoa dena, etorkizunean egin beharko dugula; eta hori guztion ardura da. Begirada, baloreak, errespetua, irisgarritasuna, aukerak, autonomia… Zaintza-eredu egoki bat garatzea guztien esku dago, eta horretarako, komunitatea indartu behar da, elkarren arteko harremanak eta laguntza.

Gainera, zaintza-lanei duintasuna aitortu behar zaie, baita bizitzako etapa honi ere, zentzu guztietan. Hori gabe, zaila edo ezinekoa izango da etorkizuna birmoldatzea, eta guztiontzako hiri eta gizartea sortzea, benetan inklusiboa dena, aukera berdinak bermatzen dituena, inor atzean utzi gabe.

Zer egin daiteke hori hobetzeko?

Adineko pertsonei eta zahartzaroari duten balorea aitortu behar zaie. Gizarteak hori sentitu, pentsatu eta partekatzen ez duen bitartean, ez da aurrerapauso sendorik emango. Beraz, ekintzak eta sensibilizazioa jorratu behar dira, zahartzaroari bere espazioa emateko.

Eta Donostiaren kasuan, zer hobetuko zenuke? 

Alderdi askotan egin litezke hobekuntzak, noski! Alde batetik, ondarea zaindu, babestu, bere presentzia landu eta balorea eman behar zaio. Bestetik, ingurugiroak asko arduratzen nau. Baina ez hondakinen kudeaketak soilik, kontsumo ohiturek eta salmenta arauek bizik; hortik hasi behar gara gutxiago sortzen. Egia da hori udal arauetatik haratago doala, baina gizartearen kontzientzia landu behar da. Horrez gain, etxeen, kaleen, auzoen… irisgarritasuna landu behar da, eta auzoen barruko eta haien arteko mugikortasuna. Seguratasun pertsonalak ere kezkatzen nau, espazio eta gizarte seguru bat bermatu behar baitugu. Eta noski, Matian lantzen dugun lagunkoitasunaren alorra, bere zentzu zabalenean. Azkenik, konplexutasun handiko etapetan bizi diren pertsonei bidea egiten lagundu behar zaie arreta integralerantz.

Azkenik, Gizarte Kontseiluak zein gai aztertu beharko lituzkeela iruditzen zaizu?

Aipatutakoan kontuan hartuta eta bertan gauden pertsona eta erakundeen aniztasuna ikusita, edozein gai lantzeko gai garela iruditzen zait; eta gainera, hala izan behar du. Ezin gara kontu berdinekin tematu, eta nire iritziz, Batzorde Iraunkorrak ere ikuspegi hori dauka. Gure betebeharra da guztion sentimendu eta interesen ordezkari izatea, beraz, hiria eta gizartea bezain anitzak izan behar dira gaiak.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak