Elkarrizketak

Arazo sozialez hitz egitea emakumezkoei buruz hitz egitea da

Edorta Azpiazu

Gizarte-zerbitzuetako zuzendaria

Edorta Azpiazuk Donostiaren gizarte-erradiografia aurkezten digu elkarrizketa honetan. Izan ere, hobetzeko eta gizartean parte hartzeko gogoa duten etorkin etorri berriak baititu hiri honek.

Bertan, komunitatearen aldeko hiritar ekimena ari da sustatzen, pixkanaka baina geroz eta gehiago. Eta zera azpimarra daiteke, honez gain, arazo sozialetan emakumea dela, oraindik, protagonista…

- Zein zerbitzu eskaintzen ditu Donostiako Udaleko Gizarte-Zerbitzuetako Departamentuak?

Gizarte-Zerbitzuetako Departamentuak lege-eskuduntzen arabera dagozkion zerbitzuak eskaintzen dizkie hiritarrei. Laburki, aipatu eskuduntzak hiru ataletan sailka ditzakegu:

  • Funtzionala
  • Taldeak eta gizarte-egoerak
  • Zeharkako planak

Ikuspegi funtzionalari dagokionez, Lehen Mailako Arreta Soziala eskaintzen dugu edozein administrazioren ardura diren arazo edo egoeratan (Gizarte-Zerbitzuetako zazpi Zentro daude), larrialdietako zerbitzuak bermatzen ditugu (Berehalako Arreta Zentroa, Abegi-Etxeak, larrialdiko etxebizitzak, etab.) eta hiritarren gizarte-beharrei erantzuteko arreta zerbitzuak kudeatzen ditugu (Prestazio Ekonomikoak, Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzua, Gizarte-etxebizitzak, Egoitzak, Umeen Babesgabetasunerako Arreta Zerbitzuak, etab.).

Talde eta gizarte-egoeren ikuspegiari dagokionez, arreta emateko helburuak gizarte-errealitatea bezain zabalak dira. Ondorengoentzat egiten dugu lan: Adin Nagusikoak, minusbaliatuak, gizarte bazterkeria jasateko arriskua duten pertsonak, tratu txarrak eta babesgabetasuna jasan ditzaketen talde ahulak, haurtzaro eta nerabezaroan arrisku sozialeko egoerak dituzten pertsonak, etab.

Azkenik, agente ezberdinen baterako ekintza eskatzen duten arazoei erantzun konplexuak eman behar dizkiegu. Zeharkako Planek laguntzen digute gertakari sozial bati heldu behar zaionean baliabide guztiak koherentziaz kontuan hartzen. Abian dauden Plan garrantzitsuenak ondorengoak dira: Irisgarritasun Plana, Inmigrazio Plana eta Drogamenpekotasun Plana.

Nabaria da, hala ere, aldi berean esku hartze ugari eskatzen duten beste zerbitzu batzuetan lan- estrategia bera erabiltzen dugula (etxebizitza soziala, giza talde kaltetuak lan munduan sartzea edo bakarrik dauden adin nagusikoak).

- Egin dezagun hiriaren gizarte-erradiografia… Zeintzuk dira Donostiak arlo honetan dituen indargune eta ahulguneak?

Orokorrean, gizartegintza publikoaren eskaera nabarmen igo eta aldatu da; alde batetik, eskatzaileen arrazoi kuantitatiboengatik eta arazo sozialen konplexutasun berriagatik, eta bestetik, normaldu egin delako gizarte-zerbitzuak baliabide publiko gisa hartzea. Bestalde, hiritarrek zerbitzu hauek izateko duten eskubidearen kontzientzia gero eta handiagoa da eta erakundeen berek gero eta gehiago erantzuten dute.

Eskematikoki, zera esango nuke, haurren babesgabetasun egoerak (txartu txarrak, babesgabetasuna, bertan behera uztea) eta genero-indarkeria nabarmen igo direla gure hirian (ez soilik kasuen igoera errealagatik, baizik eta onartezina denaren kontzientzia handitu egin delako eta detektatzeko gaitasun gehiago dagoelako). Honez gain, arazo ekonomikoak talde zehatzekin daude erlazionatuta (alargunak, guraso bakarreko familiak, batez ere), igoera nabarmena gertatu delarik; inmigrazioaren fenomenoa pixkanaka eta giza baliabide gisa ari da finkatzen, biztanleria gero eta gehiago ari da zahartzen –eta, batez ere, gehiegizko zahartzea gertatzen ari da- eta zahartze honek joera iraunkorra du, lehen mailako garrantzia demografikoa izanik.

Aldi berean, hiritarren ekimen boluntarioa aktibatzen ari da, pixkanaka baina gero eta gehiago, komunitatearen alde. Jakina, gizartegintza publikoa errealitate honen arabera gauzatzen da, erantzuna egoera dinamikora egokitzeko dauden aukerak kontuan hartuz.

Hiri kohesionatua dugu lurraldeari eta gizarteari dagokionez (nahiko tarte estua errenta, zahartze- eta gaztetasun- indize eta abarren mugen artean, eta bere kokapen geografikoa) beste hiri batzuen aldean, nahiz eta elkarrizketa honen amaieran erreserba egin. Bistan denez, Donostia konurbazio handiago baten parte delako gertatzen da hau, neurri batean, eta aipatu konurbazioa elkarreraginerako eszenatoki bakarra da. Hori dela eta, beharrezkoa da Donostia-Irun korridoreko Udalekin sareko lana egitea.

Nire ustez, gure hirian gertatzen ari diren fenomeno eta adierazpen sozialak gure udalerriak duen tamainaren parametroen baitan daude. Agian, bi ezaugarri berezi aipa daitezke: Donostiak komunitatetik kanpoko inmigrazio maila baxua duela esan daiteke, eta Gipuzkoako Lurraldeko barnealdetik kanpoalderantz desplazamendua gertatzen ari dela bertan –bai pertsonei bai zerbitzuei dagokienez- “kapital efektua” delakoak sustatuta.

- Hiria zahartzen ari da… zein zerbitzu ari dira abian jartzen adin nagusikoentzat?

Gizarte-Zerbitzuetako gizartegintza Udalaren eta Foru-Aldundiaren erantzukizunen konbinazioa da. Batera eta elkarren artean osatuz jarduten gara hiritar berberentzat.

Udalak Adin Nagusikoentzat bideratutako esku-hartzea prestatu du hiru jarduera-ildotan:

  • Aisia eta partaidetza
  • Adin Nagusiko Autonomoentzat ostatu hartzeko aukerak
  • Adin Nagusikoa etxean

Lehen jarduera ildoari dagokionez, gure lana ondorengoan datza: Nagusientzako Gizarte-Zentroen eredua sustatzean (gaur egun gure hirian dauden 24 zahar-etxeak berrantolatzea), eta + 55 programa garantzean. Azken honek parte-hartzera sustatzen ditu Adin Nagusiko pertsonak hiritar guztiei zuzendutako Jarduera eta Zerbitzu Zentroetan (Kultur Zentroak eta Kiroldegiak).

Bigarrenari dagokionez, berriz, ostatu hartzeko zerbitzu jakin batzuk mantentzen ditugun arren (etxebizitza komunitarioak eta familia-babespena), aurrera egiteko apustua zera da, egoitzetan plazak sortzea pertsona ahulentzat eta jarraipen pertsonalizatuagoa eskatzen dutenentzat, alde batetik, eta pertsona autonomoentzat apartamentuen sare soziala gauzatzea, bi irizpide erabiliz: Donostiako Etxegintzarekin batera jardutea eta apartamentuek kokapen komunitarioa izatea, ostatu hartzen duen pertsonaren testuinguru soziala mantentzen saiatuz.

Hirugarren jarduera ildoa garrantzitsuena izanik, tartean dauden erakundeek hasieratik parte hartzea ezinbestekoa dela kontsideratu dugu: Udala, Foru-Aldundia eta Osakidetza. Urte bete baino gehiagoz elkarrekin lan egin ondoren, ondorengoa jarri dugu abian, “Egokituz” izena duen programaren baitan: batera esku-hartzeko sistemak, zerbitzu berriak, erabiltzaileen komunikazioaren hobekuntza, ekintza osagarriaren bermea, etab.

Atal hau amaitzeko, gure etorkizuneko jardueraren ideia nagusiak ondorengoak direla esan dezakegu:

  • Pertsona – pertsona zerbitzuak mugatuak direla eta beste aukera batzuk bilatu behar direla gogoan izatea.
  • Etorkizunean, Dependentziaren Aseguruarekin ezarriko den jarduera-esparru berriari aurrea hartzea.
  • Foru-Aldundiaren eta Udalaren baterako ekintzak arreta pertsonaleko ibilbideak bermatu behar ditu hausturarik gabe. Adibide gisa, “Sendian” programa (pertsona eta familia zaintzaileen laguntzarako) ezartzeko hitzarmenaren izenpetzea aipa daiteke.
  • Erantzukizun publikoaren osagarri diren boluntarioen zerbitzuen antolaketa sustatu eta zaintzea, onura ugari dakartzan helburua da. Udal honek Nagusilan, Gurutze Gorria eta DYArekin hitzarmenak sinatzea, motela baina derrigorrezkoa den ibilbidearen hasiera da.

- Donostia eta inmigrazioa, nola hartzen ditugu etorkinak eta zein aukera ematen dizkiegu?

- Lehenago esan bezala, inmigrazioa, Donostian, prozesu berri eta gorakorra da, baina pixkanaka gertatzen ari da. Komunitatetik kanpoko etorkin kopurua %3koa izatea, gehiengoa lurralde latinoamerikarretatik etortzea, arreta eta abegi sarea izatea –publikoa eta gobernuz kanpokoa-, eta batez ere elkarren arteko loturak dituen inmigrazioa hartzea (erlijioa, hizkuntza), udal-ikuspegi eta ekintza (publikoa eta pribatua) arrazoizkoa ahalbidetzen duten faktoreak dira. Bereziki, fenomeno honetan Udalek oinarrizko gaietan ia eskuduntzarik ez dutela kontuan hartuz (erregularizazioa, lan-baimena, etab.).

Adierazi nahi duguna zera da, inmigrazioa oso fenomeno zabala dela (demografikoa, ekonomikoa, kulturala, hezkuntzakoa, etab.) eta noizean behin soilik erlazionatzen dela gizarte-zerbitzuekin (hiritarren gainontzekoek bezala), hots, ez da inola ere berez patologizatutako giza taldea. Talde honek, hasieran, zailtasun gehiago ditu bizitza sozial betea izateak eskatzen dituen baliabideak lortzeko, jakina, baina hobetzeko, gizartean parte hartzeko, ekarpenak egiteko eta errespetatzeko borondate handia du.

Inmigrazioaren aurrean Departamentuak hartu duen erabakia argia da; eskaera soziala duten gizabanakoak diren heinean, eskaera hori bera duen beste edozein pertsonari bezala ematen zaie arreta, ez dira arretarako zerbitzu bereziak sortzen (bereziki Komunitate honetan, non zerbitzuak erroldatzearekin lotzen diren, ez beren lege-egoerarekin). Baina, jakina, egoera sozial berriaren aurrean jarduteko beharra dugu. Honenbestez, egoeraren ahulgune eta indarguneak aztertu nahi izan ditugu. Beraiekin eta gizarte hartzailearekin aztertu dugu egoera, eta prozesu horretatik abiatuz, datozen hiru urtetarako Inmigrazio Plana egin eta onartu dugu.

Donostiako gizartearen parte batek errezelo, interes anbibalente eta mesfidantzarekin hartzen du inmigrazio motaren bat. Baina izenburua zera izan beharko litzateke, hiritarren gehiengoa naturaltasunez eta malgutasunez ari dela fenomenoa hartzen. Berez, aipatu fenomenoa positiboa da, eta gizarte berrira garamatza.

- Donostiako Plan Estrategikoak Hiria eta Pertsonak delakoarekin erlazionaturiko hainbat proiektutan egiten du lan. Nola baloratzen dituzu horren inguruan onartutako estrategiak?

Nire ustez, Plan Estrategikoak giza edukiaren eta hiri honetan duen proiekzioaren oinarrizko ardatzak identifikatu ditu. Galdera egokiak planteatzeko bide eta orientazio aproposak eskaintzen dizkigula uste dut.

Proiektu eragileen definizioari dagokionez –ziur aski, ezingo litzateke bestela egin- gertakari zehatz eta ebaluagarriekin erlazionaturiko jarduera-ildoak identifikatzen dira.

Alderdi sozialari dagokionez, beti sortzen zaigu zalantzaren bat aldaketa sozial eta kultural desiragarriaren alde jarduteko orduan. Nekeza da proiektuak egitea, zerbitzu berriak eskaintzea, are gehiago beste agente batzuekin batera egin behar badugu, baina lan-tresnak identifikagarriak dira eta emaitzak neurtu egin daitezke. Hala ere, badago garrantzia handikoa eta premiazkoa den aldaketarik, zeinean gure jarduera ildoak lausotu egiten diren.

Hau da, arazo sozialei buruz hitz egitea emakumezkoari buruz hitz egitea da. Bakarrik bizi diren Adin Nagusikoengana hurbiltzen garenean, emakumeak aurkitzen ditugu.

Pobrezia emakumezkoen bi taldetan kontzentratzen da; bai tratu txarretan, bai haurren babesgabetasunean, beti emakume bat agertzen da, senide minusbaliatu edo menpekoen zaintzan emakumeak egiten du esfortzua, eta lan-egoera ezegonkorrenak emakume ugari duten talde profesionaletan gertatzen dira. Hots, generoa, berez, arrisku sozialeko faktorea da oraindik ere.

Donostia kohesionatua lortzeko lana planteatu eta abian jarri dugunez, zera uste dut, inertzia historikoaren edo dirudienez buruan dugun egoeraren pertzepzioaren eraginez ezin dugula zatiketa sozial masiboa ahaztu. Badakit arazo hau gure ingurune sozialean ere badagoela, baina gure hirian eta bere Plan Estrategikoan gaude, eta honakoa derrigorrezko kezka izan beharko litzateke.

 

 

Sustatzen ditugu
Elkartasunak