Elkarrizketak

Ziur nago gipuzkoako enpresa-sarea eraldaketa handien mailan egongo dela, egungo ongizate-estatua bermatuz

Paul Lizeaga

Adegiko zuzendari nagusiaren ondokoa

Paul Lizeaga Adegiko zuzendari nagusiaren ondokoa da. Zuzenbidean lizentziatu zen eta Enpresen Zuzendaritzan Masterra egin zuen. 25 urte baino gehiago egin ditu abokatutzan, eta harreman estua izan du nazioko eta nazioarteko hainbat enpresa-elkarterekin. Bi alditan ekin die oso alor ezberdinekin lotutako proiektuei, eta hainbat erakunde eta unibertsitatetan ibili da prestatzaile gisa. Horrez gain, Donostiako Gizarte Kontseiluako Batzorde Iraunkorreko kidea ere bada.

Non garatzen duzu zure jarduera?

Era batera edo bestera, oso lotuta egon naiz beti enpresa-jarduerarekin, eta horrek ikuspegi zabala eskaini dit ongizate-estatuaren bermatzaile gisa enpresak ordezkatzen duen horren inguruan. Horregatik, nire egunerokoan Adegiko enpresen zerbitzura nago, erantzun eraginkor eta bizkorrak ematen. Argi dut enpresak ekonomiaren eta gizarte-aurrerapenaren eragile direla, kalitatezko enplegua sortzen dutela, berrikuntza eta hazkunde iraunkorra sustatzen dutela, eta bizi-kalitatea eta gizarte-egonkortasuna bultzatzen dituztela.

Nola ikusten duzu hiria?

Donostiarekin maiteminduta nagoela abiapuntutzat hartzen badugu, zalantzarik gabe, hiri zoragarria dela esango nuke. Goi mailako bizi-kalitatea bermatzeko ezaugarri guztiak biltzen ditu, baina horrek ez du esan nahi egoera horri eutsi ahal izateko epe ertain eta luzeko erronka asko ez dituenik. Horiei erantzutea funtsezkoa da, azterketa, proposamena eta eztabaida oinarri hartuta. Noizbait esan izan dugun bezala, historiak epaituko gaitu; ez betiereko eztabaidengatik edo helburu handien definizioagatik, helburu horiek lortzeko egiten ditugun ekintza zehatzengatik baizik.

Zeintzuk dira Gipuzkoako enpresaren egungo eta etorkizuneko erronkak?

Alde batetik, enpresak konfiantzan oinarritutako proiektu partekatuak egin behar dituzte, helburua argia eta ezaguna izan dadin, eta belaunaldi berrien kezkekin bat etor dadin. Era horretan, belaunaldi horien dedikazioa eta ahalegina gizartearen hobekuntzarekin zuzenean lotuta dagoela ikusaraziko dute. Eta bestetik, Adegiren ekarpen nagusietako bat izan da enpresa-kultura berri bat sustatzea. Pertsonak, lehiakortasuna, errotzea eta erresilientzia; esango nuke horiek direla enpresen egungo erronka nagusiak.

Pertsonei lotuta, kezka nagusia da enpresek eskatzen dituzten profilak faltan ditugula, eta horren atzean bilakaera demografikoa dago. Egoera iraultzeko, funtsezkoa izango da atzerriko langileak erakartzea biztanleriaren gutxitzeari aurre egiteko eta ekonomia produktiboa suspertzeko. Norabide horretan, modu eraginkorrean kudeatutako inmigrazioak gabezia arindu dezake, gizarte-dinamizazioa sustatuz. Baina, horretarako, etxebizitzaren arazoari konponbidea jarri behar zaio,, eskuragarriak izan daitezen egoiliar berrien oinarrizko beharrak asetzeko, eta, batez ere, gure nortasuna zainduz, tokiko talentua fidelizatze aldera.

Hiriko zein alderdi hobetu daitezke?

Ez da soilik hiriari lotutako gaia, baina Administrazio Publikoaren modernizazioa eta prozeduren sinplifikazioa eta arintzea ezinbestekoak direla esango nuke.

Enpresek adierazi dutenez, administrazio-kargek, askotan, atzerapenak eta kostu gehigarriak dakartzate, eta, gainera, berrikuntza txikiagoa eragiten dute, zenbait kasutan, inbertsioak baldintzatuz. Horregatik, esango nuke beharrezkoa dela indarrean dagoen araudia berrikustea eta doitzea enpresa-jarduera errazteko, izapide burokratikoak sinplifikatzeko eta erregulazio-prozesuak arintzeko mekanismoen bidez, eta izapideak sinplifikatu eta gardentasuna sustatzen duten plataforma digitalak garatzea.

Bestalde, jarraipen-adierazleak ezartzea ezinbestekoa da politika publikoen eragina neurtzeko, eta aldizkako ebaluazioak egin behar dira, lortutako emaitzen arabera, estrategiak doitzeko.

Beste ezer nabarmendu nahiko zenuke…?

Gure enpresekin, ekintzaileekin, produkzio-sarearekin, gizarte-kohesio mailarekin eta dugun bizi-kalitatearekin oso harro egoteko moduan gaudela. Eta, era berean, behar adinako errekonozimendua badu, ziur nago gipuzkoako enpresa-sarea gizarteko aldaketa nagusien mailan egongo dela, egungo ongizate-estatua bermatuz.

Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak