Berriak

Gizarte Kontseiluak COVID-19ren aurrean hiriak emandako erantzuna aztertu du ezohiko saioan

Ekonomia, enpresa, kultura, kirola eta mugikortasuna eta arlo sozio-sanitarioaren arloko eragileek pandemiaren neurriei eta ondorioei buruzko gogoeta egin zuten hiriko organo aholku-emaile gorenaren bilkura historikoan.

Previous Next

Donostiako Kursaala ”Hiriaren erantzuna COVID-19ren aurrean” izenburupean eta modu berezi eta monografikoan ospatu zen lehen Gizarte Kontseiluaren agertokian bihurtu zen atzo.

Ekitaldia bete beharreko segurtasun neurriekin ospatu zen eta Donostiako alkatearen hitzorduarekin hasi zen. Eneko Goia, gaur egungo testuinguruan Gizarte Kontseiluak duen zeregina azpimarratuz hasi zuen bere hitzaldia eta ikuspegi sozial eta ekonomikoei dagokienez, munduaren zatirik handienak aurrez aurre duen egoera berria aipatu zuen. Ildo horretan, honako hau gaineratu zuen: "Donostia ez da salbuespena, eta premiazkoa da gauden egoeraren diagnostiko zehatza egitea -indarguneak eta mehatxuak-, eta, batez ere, egoera berriari hiri gisa aurre egiteko ekintza-ildo batzuk zehaztea". Alkateak Gizarte Kontseilua, gure hiriko erakundeen eta gizarte zibilaren partaidetzarako eta topaketarako organo goren gisa, eztabaida hau sortu behar den forotzat jo zuen, "epe labur eta ertainerako, ideia eta proposamen batzuk bertatik atera behar baitira". "Ordezkatutako sektore ezberdinek euren ekarpenak egin behar dituzte, eta, proposamenen trukaketatik, hiri estrategia bat sortu behar da hiru esparrutan: sanitarioan eta soziosanitarioan; gizarte arloan eta kulturalean; eta, batez ere, berreraikuntza ekonomikoaren alorrean", gaineratu zuen.

Ondoren, hiru gai-multzotan banatu zen saioa, eta hiriko hainbat eragile izan ziren protagonistak. Eragile horiek mahai gainean jarri zituzten krisiaren aurreko hausnarketak, erantzuna eta premiak, dagozkien esparruetan. Lehenengoa, ekonomia eta enpresa sektoreari buruzkoa izan zen, eta Isabel Aguirrezabalaren esku-hartzea izan zuen, lehenik eta behin. San Sebastián Turismo-Donostia Turismoa S.A.enpresako zuzendariak turismo sektoreko enpresak jasaten ari diren krisiaren inguruko kezka azpimarratu zuen, eta Donostia leku seguru gisa kokatzeko deia egin zuen. "Ez dago COVID free izeneko destinorik, baina gu dagokion protokoloa aplikatzeko prest gaude", adierazi zuen.

Iñigo Garcia Donostia Shops enpresako gerenteak, bere aldetik, kontsumitzaile donostiarrak tokiko kontsumoaz kontzientziatzeko beharra azpimarratu zuen, "Gure kale eta auzoei bizia emango dieten erosketak". Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren ordezkaria den Iñaki Martinezek ildo beretik jo zuen, eta uda aurretik merkataritzak segurtasunaren irudia eskaintzeko erabat prest egongo dela ziurtatu zuen.

Adegiko Paul Liceagak, Sektoretako Elkarteetako zuzendariak, hotelen sektoren sektorean jarri zuen arreta bereziki, eraikuntza bezalako beste sekotoreetaz ahaztu gabe "enpleguaren trakzio-sektore" gisa, eta dei egin zuen zenbait inbertsio ezabatu aurretik hausnartzeko eta birplanteatzeko, bai eta arlo horretako izapideak arintzeko ere, sektorearen jarduera gauzatu ahal izateko.

Amaia Bernarasek, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoko gerenteak, pandemiak iraun zuen bitartean parkeko enpresen lana eta lankidetza goraipatu zituen, eta animo mezu bat ere luzatu zuen: "Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza traktoreak izan dira, eta bizirik iraun dute, eta modu positiboan egiten ari dira".

Azkenik, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusia Kino Martinezek kezka agertu zuen ostalaritza sektorearen egoera zein den ikusita, besteak beste, kontsumo aldaketengatik eta turismo fluxuen murrizketagatik, eta, era berean, laguntza ekonomiko eta finantzarioa, kontsumoaren sustapena eta kulturan, gastronomian eta kirolean oinarritutako turismoaren aldeko apustua eskatu zituen. Bertaratuetako batek planteatutako gaiari erantzunez, gainera, aitortu zuen etorkinen sektorea izango dela, ziurrenik, arlo horretan kaltetuenetako bat, baina nabarmendu zuen ostalaritza-sektoreak ildo horretan egiten duen integrazio lana.

Kultura, kirola eta mugikortasunari buruzko bigarren bloke batean, Oihana Zarra Tabakalerako gerenteak nabarmendu zuen kulturak konfinamendu garaian izan zuen papera eta kultur zentro garaikideak kultur sektoreari eta herritarrei mesede egingo dieten proiektuen sortzaile gisa izan zuen garrantzia.

Andoni Iraolak, Realaren aldetik, oinarrizko futbol taldeek eta kirol klubek oro har egiten duten lan soziala aldarrikatu zuen, eta beraientzako laguntza eskatu zuen. Era berean, Realak hiriaren garapenean egin dezakeen ekarpenaren inguruan hausnarketa egiten ari direla gaineratu zuen.

Fernando Diez, Bera Bera R.T. Club Deportivoko presidentea, berriz, kritikoagoa izan zen, eta oso kezkatuta agertu zen kluben egungo egoerarekin, eta hirian lan talde bat sortzea aldarrikatu zuen, haien egoeraz eta beharrez arduratuko dena. "Azken batean, kirolaren Donostiaren alde lan egingo duen lan talde bat", gaineratu zuen.

Dbuseko zuzendari kudeatzaileak Igor Gonzalezek hiri-mugikortasunaren alde egin zuen, ingurune seguru gisa, bai eta garraio publikoaren alde ere, "Administrazioek hiriak kolapsatzea saihesteko izango duten funtsezko tresna gisa eta hirien eredua aldatzea eta jasangarriagoak egitea ahalbidetuko duen trakzio-sektore gisa".

Gizarte- eta osasun-arloari eskainitako azken atal batean, lehenik eta behin, Pilar Lekuonak esku hartu zuen. COEGIko presidente eta Gizarte Kontseiluko presidenteordeak, besteak beste, pandemiak gizartean utzi duen "aztarna psikoemozional izugarriaz" hitz egin zuen, eta osasunean inbertitzearen garrantzia azpimarratu zuen. "Osasunean inbertitzea gainerako guztian inbertitzea da", ebatzi zuen.

Itziar Pérez, OSI-Donostialdeko zuzendari-gerentea, zorrotz mintzatu zen herritarrei prebentzioa eta erantzukizuna eskatzeko orduan: "Ez dago txertorik, ez dago tratamendurik, prebentzioa baino ez zaigu geratzen: maskara, distantzia soziala eta eskuak garbitzea". Ziurtatu zuen krisialdian zehar helburua uneoro asistentzia-erantzun egokia eta segurua ematea izan dela COVID-19ren aurrean, pazienteentzat zein profesionalentzat, pandemiak OSI-Donostialdean eta Gipuzkoako gizartean duen eragina kontrolatzeko. Era berean, une honetan "Covid Zero Prebentzio Planean" lanean ari direla esan zuen, baina ziurgabetasuna nagusi den egoera batean.

Eva Salaberria Donostia Lagunkoiako arduradunak talde motorrak egindako lana azaldu zuen, eta, beste ekarpen batzuen artean, sare emozionala eta kezka modu kolektiboan kudeatu eta lantzeko beharra azpimarratu zuen, patologizazioa saihesteko.

Osasunaren arloan ere, Gipuzkoako Gurutze Gorriko esku-hartze sozialeko zuzendari Elena Lukinek "Gurutze Gorriak erantzun" kanpaina aurkeztu zuen, koronabirusaren aurrean zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei zuzendua, eta, besteak beste, herritarren eta gizarte-eragileen "input" solidarioa aprobetxatzeko deia egin zuen, Donostiako gizarte-laguntzako esku-hartzeetan laguntzea. "Herritarren elkarlana funtsezkoa da", ziurtatu zuen.

Arrate Echezarreta Hirukidetik, "krisiaren aurrean herritarren babesleku sozial" gisa kokatu zuen familia, eta kontziliazioa aipatu zuen krisi honetan familiek izan duten kezka handienetako bat, zailtasun ekonomikoez eta ondorio emozionalez gain.

Azkenik, Berdintasun Kontseiluko eta Arrats Elkarteko Amaia Lasherasek Udalak aterpetxeak ireki bitartean egindako lana goraipatu zuen eta, COVID-19ren ondorio negatibo ugari izan arren ezkutuko ekonomian, bere hitzaldia mezu positibo batekin amaitu zuen, krisia gauzak beste modu batera egiteko aukera ere izan dela eta "beste mundu bat posible" dela ziurtatuz.

Daniel Zulaika, Gizarte Kontseiluko presidentea buru izan zuen ekitaldia, Kepa Kortaren laburpenarekin amaitu zen. "Koordinatzea, kohesionatzea, konektatzea, elkarlanean aritzea, erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia, prebentzioaren garrantzia. Hau ez da amaitu eta oinarrizko eta baikortasunezko mezua: guztion artean egin ahal izan dugun hau, gauzak beste modu batera egiteko beste aukera bat da, beste mundu bat posible da. Begiratu dezagun etorkizuna baikortasunez, eta alda dezagun. Eredu aldaketa batean sakontzea irakaskuntza da", adierazi zuen Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendariak.

Saioaren bideoa ondorengo estekan dago ikusgai.

Newsletterrera harpidetu

Adierazi zure ideiak

Espazio hau zeurea da: HARTU PARTE!

Zure ideiak, jakintza, iradokizunak, kritikak, ekarpenak... jaso nahi ditugu

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.
Sustatzen ditugu
Elkartasunak