Blog

Donostia 2030, nola egin aurrera erresilientziarantz

Donostia hiri gisa bere estrategia prestatzeko prozesuan murgilduta dago, datozen urteetan aurre egin beharko dien erronkei heltzeko. Erronka horiek hainbat joeren eskutik datoz, hala nola klima-aldaketaren mehatxua, gizarte-dinamikak, eta horien artean biztanleriaren zahartzea, immigrazioa, turismoa edo gure egunerokoan energia, komunikazioak edo osasun-sareak bezalako azpiegitura kritikoek eskaintzen dituzten zerbitzuen mendekotasun gero eta handiagotik.

Klima aldaketak, adibidez, epe laburrerako eta luzerako erronkak planteatzen dizkie hiriei. Alde batetik, gertaera disruptiboak ditugu, hala nola gero eta sarriago gertatzen diren ziklogenesiak eta tamaina handiko depresioak, kostaldeko eremuan kalteak eragiten dituztenak edo Donostiak lehen pertsonan jasan dituen uholdeak. Bestalde, bilakaera moteleko gertaerak daude, hala nola tenperaturen igoera, ingurunean aldaketak eragiten dituztenak, eta, ondorioz, gero eta sarriago gertatzen diren bero-boladak, pertsonen osasunari eragiten diotenak eta hiriak egokitu behar dituen ekosistemen aldaketak eragiten dituztenak. Agertoki horiek guztiak konplexuak dira, denboran zehar eboluzionatzen dute eta elkarren artean lotura estua dute; beraz, beharrezkoa da zeharkako estrategiak garatzea, hiriari eta haren interdependentziei eragin diezaieketen agertokien aniztasuna aitortuko duten ikuspegi integral batekin. Era berean, hiriaren garapenean parte hartzen duten eragile ugari hartu behar dira kontuan: tokiko gobernua, enpresak, elkarteak, merkataritza eta herritarrak. Guztion artean hiria egiten dugu, eta aldaketari aurre egiteko eta horretara egokitzeko prestatzen gara, bai eta bilakaera horretan sortzen diren aukerak aprobetxatzeko ere.


COVID-19ak eragindako egungo osasun-krisia bezalako egoerek gabeziak agerian uzten dituzte, espero ez zen, aurrea hartzen jakin ez dugun eta behar bezala prestatuta ez gauden krisi bati aurre egiteko gizarte baten prestakuntzan. Krisiak sortzen direnean, agerian geratzen dira gabeziak diseinatutako politiketan. Horien artean, dauden baliabideen eskasia, krisian diharduten eragileen arteko koordinazio eta lehenespen desegokia, alternatiba eta erreakziorik eza, komunikazio txarra eta kontzientziazio falta gaur egungoa bezalako krisi handi baten aurrean. Krisi hori beste hedadura batzuetakoa dirudi, baina gaur egun zuzenean jotzen gaitu.

Hiriek garatu behar dituzte arrisku ezagunetatik harago doazen estrategiak, eta arrisku horien aurrean, jakina, prestatu egin behar dira, eta mekanismo egokiak aktibatu behar dituzte aurreikusteko gai ez garen krisi baten aurrean prest egoteko. Badakigu zerbait gertatuko dela, baina ez dakigu zer, noiz, nola, ezta zenbat iraungo duen ere, eta zalantzaz beteriko horren aurrean prest egon behar dugu hiri gisa. Charles Darwinek, jada XIX. mendean, gizakiei buruz hitz egiten zuen: "Ez dira espezieko indartsuenak bizirik irauten dutenak, ezta adimentsuenak ere. Aldaketen aurrean malguenak eta moldagarrienak direnak irauten dute bizirik".

Azken urteotan gero eta garrantzi handiagoa hartu du hiri erresilienteen kontzeptuak. Erresilientzia, hiriak bere osotasunean, bere egitura eta eragile guztiekin, krisi handiei modu egokian aurre egiteko eta errekuperatzeko duen gaitasuna da. Ildo horretan, hiri erresilienteak gai dira krisialdi bati aurrea hartzeko; izan ere, alerta eta kontzientziazio-mekanismoak garatu baidituzte, joera-zantzuak eta aldaketak aldez aurretik detektatzeko, eta, beraz, krisia saihesteko, arintzeko, erantzuteko eta modu egokian errekuperatzeko. Gainera, hirian ezartzen diren politiken jarraipena egiteko prozesuak eta bitartekoak dituzte, norberaren zien besteen esperientzietatik ikasiz, lankidetza eta elkarlan-sare sendoen bidez, eta etorkizuneko erronkei erantzuna eman ahal izateko gaitasunak garatuz.

Donostiak badaki egungo erronkei aurre egiteko gai izateko prestatu behar dela, baina, batez ere, etorkizuneko erronkak aurreikusteko eta horiei aurre egiteko prestat egon behar da. Horregatik, 2015 eta 2018. urteen artean, Gipuzkoako hiriburuak, Europako beste hiri batzuekin batera, SMR (Smart Mature Resilience) proiektuan parte hartu zuen, Tecnun – Nafarroako Unibertsitateak zuzendutako europar proiektuan hain zuzen ere. Proiektu horretan, hirien erresilientzia hobetzeko gida bat garatu zen. Proiektuaren arrakastaren funtsezko faktoreetako bat izan zen lankidetzarako ikuspegiarekin egin zela, hiriko eragileak bilduz, hiriaren erresilientzia-estrategia modu bateratuan lantzeko. Tokiko gobernuko hainbat sailek, hala nola Ingurumenak, Estrategia Bulegoak, Azpiegiturak, Gizarte-zerbitzuak, mugikortasunak eta segurtasunak, sektore pribatuko beste batzuekin lan egin zuten, hala nola energia- eta komunikazio-hornitzaileekin edo larrialdietako zerbitzuekin. Proiektuan parte hartu zuten guztiek lan egin zuten mekanismo egokiak identifikatzeko eta garatzeko, elkarrizketatik abiatuta, beharrezkoa baita ikuspegi partekatua lortzeko, dauden gaitasunak balioetsi eta aprobetxatzeko, eta existitzen ez direnak baina hiri gisa hobetzeko beharrezkoak direnak identifikatzeko.

Proiektuan lau dimentsio handi identifikatu ziren, eta horiek dira garatu behar direnak hiria erresilientea izan dadin. Lehenengo dimentsioak tokiko gobernuak hirian erresilientzia-estrategia garatzeko eta beharrezkoak diren politikak garatu, helarazi eta ezartzeko duen lidergo-gaitasunarekin du zerikusia. Hurrengo dimentsioa prestakuntzarena da, krisiari eraginkortasunez aurre egiteko gaitasun guztiak garatzeko beharrezkoa dena. Hirugarren dimentsioa hiriko azpiegitura kritikoei buruzkoa da, azpiegitura horiek hiriaren beharretara modu egokian egokitzen direla ziurtatzen duena. Azkenik, azken dimentsioa lankidetzarena da, beharrezkoa baita hiriko hainbat mailatan sare sendo eta integratu bat eraikitzeko, erresilientzia garatzeko garrantzitsuak diren eragile guztiak inplikatuko dituena.

Beraz, Donostia gaur egun ildo horietan ari da lanean (gobernantza, prestaketa, azpiegiturak eta lankidetza) bere 2030eko estrategia definitzeko orduan eta hiri erresilientean bihurtzeko. COVID-19 bezalako krisiek agerian uzten dute oraindik asko dagoela egiteko, baina ezagutza, baliabideak eta kontzientziazioa ere hor daudela. 2030eko estrategian zikloiek, bero-boladek eta hiriak jasandako pandemiek eragina izango dute, eta erronka horiei eta berriei aurre egiteko gaitasunak definituko ditu. Erronka horiei aurre egin beharko die hiriak, ahalik eta erresilienteena izanik. Izan ere, erresilientzia ez da egun batetik bestera garatzen den gaitasun bat, prozesu iteratibo, kooperatibo eta holistiko bat da, non hiria osatzen duten eragile guztiek balioa gehitzen dioten. Beraz, hemendik 10 urtera blog-eko sarrera honetara itzuliko bagina, esperientzia eta gaitasunak dituen Donostia helduago bat ikusiko genuke, Donostia erresilienteago bat, berau osatzen duten eragile guztien lan koordinatu eta zeharkakoari esker.


Zein da zure iritzia?

Ondorengo inprimakia bete eta komentatu post hau:

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.
Sustatzen ditugu
Elkartasunak