Blog

Zahartze prozesua, aldaketarako eta berrikuntzarako arazoa edo aukera?

Biztanleriaren zahartzea agerikoa da gure hirian. Gaur Donostian biztanleriaren %24ak, 65 urte baino gehiago ditu eta Eustaten proiekzioen arabera %27a gaindituko du 2030ean; urte horretan, Donostiako biztanleriaren %50ak 50 urte baino gehiago izango ditu.

Gertakari hori fenomeno global baten isla da, bizi garen gizartearen aurrerapenen ondorio, hein handi batean, arrakastatsua izan den historia batena. Bizi-itxaropenak gora egin duenez eta jaiotza-tasak nabarmen jaitsi direnez, gizadiaren historian lehen aldiz, adineko pertsona gehiago daude haurrak baino, eta proiekzio demografiko guztiek adierazten dute joera hori ez dela soilik egoera posible bat, hondamendiak edo fenomeno bereziak direla medio,0eko ziurtasunarekin gertatuko den zerbait baizik.

Aldaketa demografikoaren ondorioak dagoeneko eman dira Donostian: 100 biztanle izango bagenitu, 17k 19 urte baino gutxiago izango lituzkete, 15ek 20 eta 34 urte bitartean, 29k 35 eta 54 artean, 21ek 55 eta 70 artean, eta 18k 70 urte baino gehiago.

Egitura demografiko berri horrek nabarmen eraldatzen du gure hiriaren funtzionamendua, eta eragin argia du bizitzaren esparru guztietan: hiri plangintza eta kudeaketa, azpiegiturak eta zerbitzuak, hezkuntza, lan-merkatua, mugikortasuna, gizarte eta osasun zerbitzuak, kultura, gobernantza … Errealitate berria, ezezaguna, konplexutasun osoan eta eskala desberdinetan landu beharrekoa, bai banaka, bai hiri mailan.

Aldaketa demografikoko testuinguru honetan, askotan zahartzeari buruz hitz egiten dugunean arazo bat bezala aurkezten dugu, baiana berez errealitatea bestelakoa da: bai, erronka handiak dituen errealitate da, baina baita aukera asko ere bai.

Ezin dugu ahaztu zahartze-prozesuak planteatzen dituen erronkek denoi egiten digutela interpelazioa, eta horiek jorratzeak adinekoen eta gazteen nahiak eta beharrak aintzat hartzea eskatzen duela. Zahartzaroari buruz hitz egiteko, ezinbestekoa da bizi-ibilbide osoa kontuan hartzea eta belaunaldien arteko ituna berregitea, pertsona guztiek, beren taldeak ordezkatzen duen adina eta pisua alde batera utzita, gure bizi-proiektua zentzuz eta aukera-berdintasunez garatu ahal izan dezaten.

Eragile publikoak eta gizarte zibila aspalditik ari dira zahartze prozesuak planteatzen dituen erronkei aurre egitea helburu duten ekimenak garatzen. Bide horretan, azken urteotan gure hirian egin diren hausnarketa estrategikoek erronka horiei osoko ikuspegi eta sistemiko batetik heltzeko beharra mahai gainean jarri dute. Donostia Lagunkoia, Donostiako Udalak bultzatzen duen tresna da, erronka berri horiek eta horien arteko mendekotasunak ulertzen lagunduko duen eraikuntza kolektiboko espazio bat sortzeko.

Horrela, Donostia Lagunkoiak, kolektiboki eraiki dugun ikuspegi holistikotik, ekimenak, eragileak eta baliabideak konektatzen ditu, eta helburu komun gisa zahartzen ari den Donostia batean eraikitzea duten jarduketak sustatzen ditu, adin guztientzako hiri lagunkoia hain zuzen ere. Gaur egun bizi garenontzat, eta baita etorkizunera begira ere, datozen belaunaldientzat aurreikusteko eta erantzunak proposatzeko asmoz.

Donostian zahartzen ari diren pertsonek askotariko interesak, gaitasunak, itxaropenak, ibilbideak eta bizi-proiektuak dituzte, eta eragile garrantzitsuak dira guztiontzat hobea den hiri horren eraikuntzari aurre egiteko. Pertsona horiek, beren parte-hartzearekin, erronka zehatzak adierazi dituzte, eta, nahiz eta hasiera batean zahartzaroari lotutako beharrekin zerikusia izan dezaketen, kasu gehienetan bizi-zikloa gainditzen duten behar eta kezka horiekin ere harremana dute. Izan ere, aldaketa azkarraren eta konplexutasunaren garai honetan, adina jada ez da, eta ez da izango, homogeneizagailua den osagaia.

Donostia Lagunkoian aldaketa demografikoaren ondorioen konplexutasunari heldu diogu, eta gure lana lau ardatzen inguruan egituratu dugu. Ardatz horiek gure hiriarentzat bereziak diren erronken adierazleak dira, eta bizitza luzea izateak aldaketarako eta gizarte-berrikuntzarako aldagai garrantzitsua izan daitekeela agerian uzten dute.

Eremu Publikoa eta Mugikortasuna ardatzean, kaleen eta enparantzen plangintza, diseinua eta kudeaketa indartzeaz ari gara, espazio publikoaren ideia, ondasun komun gisa alegia. Espazio publikoak gure gizarte-harremanak zehazten dituela ulertzearen beharraz ere hitz egiten dugu bertan, eta, bizikidetasunean eta gizarte-kohesioan eragina ere izan dezakeela agerian uzten dugu, diseinatzen eta kudeatzen den moduaren arabera. Kaleak eta plazak biztanleriarekin eboluzionatzen duen sistema baten parte dira.

Bizitza osorako etxebizitza atalean, lehendik dagoen etxebizitzan arreta berezia jartzen dugu; etxebizitza gehienak ez dira diseinatu edo eraiki zahartzen ari diren pertsonen beharrak betetzeko, irisgarritasunari, tamainari edo kokapenari dagokienez. Malgutasunaz eta araudien egokitzapenaz ari gara, irisgarritasunaz, informazioaz eta aholkularitzaz, finantza-tresna berriak sortzeaz hain zuzen ere. Halaber, etxebizitza-eredu eta alternatiba berriak garatzeaz ere hitz egiten dugu, XXI. mendean bizitzeko modu berriekin bat datozen askotariko bizimoduei erantzun ahal izateko.

Zaintza bultzatzen duen komunitatea ardatzak, hain funtsezkoa, egunerokoa eta etengabeko dimentsioa duen zainketak planteatzen dizkigun erronkei erantzun kolektiboak nola eman aztertzen du. Bizitzaren kalteberatasuna, familia-ereduaren aldaketa, zaintza-krisiak, hurbiltasuneko loturak eta harremanak, elkarrekikotasun eta interdependentzia terminoetan eraikitzen diren laguntza-sareak, ahultasun-egoerak bizi dituzten pertsonen parte-hartzea sustatzen duen ekintza komunitarioa eta komunitatearen eraikuntza horretan eragile aktibo izateko gaitasuna aitortzen duena.

Bizi-ziklo berri baterako eta adinaren kudeaketarako trantsizioa ardatzak adierazten du zahartzaroa bizitzako beste etapa bat dela, eta beste etapa batzuk bezala, pertsonak eta erakundeak zahartze egokia erraztuko duten erabakiak hartzeko prestakuntza eta nolabaiteko aurrerapena eskatzen duela; ibilbideak eta bizi-zikloak, bizi-ibilbideetan erretiroa hartzeak dakarren inflexio puntuaz jabetzea, eta erakundeetan ezagutza transferitzea eta kudeatzea. Datozen urteetan gertatuko diren erretiro masiboak, belaunaldien arteko erreleboa, aniztasunaren kudeaketa eta belaunaldien arteko ikaskuntza, malgutasuna, aurrea hartzea eta trantsizioak, zentzuzko bizitza eta bizi-proiektua, onerako funtsezko elementu gisa.

Lau ardatz horiek elkarren mendekoak diren edukiak egituratzen dituzte, eta horiek inplementatzeko eragile publiko eta pribatu askoren elkarrekintza eta lankidetza behar dute, Donostia Lagunkoiaren helburuekin, printzipioekin, balioekin eta egiteko moduekin bat datozenak eta horiekin konpromisoa hartzen dutenak. Zahartzearen erronkak, erantzun kolektiboak behar dituzten erronka sozialak dira.

Bukatzeko, ezin dugu ahaztu zahartzaroaren kontzeptua aldatzen ari dela (azken urteotan modu azkarrean), eta aldaketa horiek zahartzaroaz ulertzen duguna berriz negoziatzea eskatuko dutela. Gizartean dituzten jarrerak eta eskaerak direla eta, adinekoen belaunaldi berriak zahartzearen imajinarioa berritzen ari dira gure kulturan: nortzuk eta nolakoak izango dira etorkizuneko adineko pertsonak, gaur egun 65 urteko pertsona bat jada adineko sentitzen ez bada? Profil desberdinak sortuko dira, seguru, eta hurbilketa pertsonalizatuak beharko dituzte, zahartzaroa modu desberdinean aurkezten baita pertsona ezberdinetan eta, beraz, ezin dugu zahartze-eredu bakar batez hitz egin.

Gaztaroa bezala, zahartzaroa gizarte-eraikuntza bat da, esparru mentalen eta testuinguru kultural eta historikoaren arabera aldatzen dena, eta bizi-ziklo bat nolakoa izan behar duen zehazten duena. Gaur egun, gizartea hain azkar aldatzen ari denez, askotan ez dakigu eta ez dugu imajinatzen ere, zer nolako gizartea izango den bizitza luzearen iraultzatik eta pertsona eta gizarte gisa kudeatu beharko ditugun aldaketa teknologikoetatik aterako dena.

Argi dago, ordea, erronka horiei aurre egiteko aniztasuna, interdependentzia edo elkarrekikotasuna bezalako printzipioak integratu behar direla; zaurgarritasunari eta ikusgarritasuna eman behar zaiola eta zainketek bizitzaren iraunkortasunean duten garrantzia aldarrikatu behar dela; ekintza komunitarioa sustatu behar dela, eta, halaber, esperientzian eta memorian oinarritutako jakintza eta ezagutzen balioa aitortu behar dela, erantzun berriak irudikatzeko gai izatea eskatzen duen gizartearen lehen mailako aktibo gisa.

Erronka handia eta konplexua da, eta erronka horri ekiteko, oraingo beharrei erantzun kolektibo eta berezi gisa erantzun behar zaie, eta, horrez gain, lortu nahi dugun etorkizuna eraikitzeko aukera emango diguten irtenbideak proposatu behar ditugu. Badugu ezagutza, eta baita gaitasuna ere, errealitate berri horrek eskatzen dituen erantzunak sortzeko. Jarduteko ordua da. Elkarrekin egingo dugu?

 

Zein da zure iritzia?

Ondorengo inprimakia bete eta komentatu post hau:

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.
Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak