Blog

Talentua eta enplegua, erronka.

Donostiak datozen urteetan aurre egin beharko dien erronken artean, talentuarena eta enpleguarena funtsezkoa izango da, erdietsi ditugun ongizatearen eta gizarte aberastasunaren mailak pertsonei eta haien talentuari zor baitzaizkie, gure benetako aberastasun iturria da eta. Pertsonak dira berritzen, sortzen, ekoizten, saltzen, kontsumitzen eta aisiaz gozatzen dutenak, eta, hortaz, horrek guztiak sortzen duen inpaktu ekonomikoaren eragileak. Talentua izango da, hortaz, talentua erakartzea, mantentzea eta sortzea, alegia, datozen urteetarako hiriaren erronka nagusietako bat. Etorkizunean, gaur egun bezala, gure pertsonen talentua zer den, horixe izango gara.

 

Kontu horren azterketari ekiteko, gutxienez funtsezko hiru faktore hartzen ditut aintzakotzat: bilakaera demografikoa, mundu globalaren konplexutasuna eta gure gazteen balio berriak.

Zer diote aurreikuspen demografikoek Gipuzkoan 2031. urtean izango diren lan egiteko adineko pertsonei buruz? 2008. urtean, hots, gainbehera ekonomikoa hasi zen urtean baino 30.000 gutxiago izango garela, % 8 gutxiago.

Gipuzkoan, 2008 eta 2017 artean, lan egiteko adineko biztanleria (16-64 urte) 21.000 pertsona murriztu zen (% 5 gutxiago), biztanleria osoaren % 65,3tik % 60,6ra jaitsi baitzen. Datozen urteetan, 2017 eta 2031 artean, beste 9.500 pertsona gutxiago izango dira (–% 3), % 60,6tik % 57ra jaitsiko baita. Laburbilduz, 2031. urtean 2008. urtean baino lan egiteko adineko 30.000 pertsona gutxiago izango ditugu.

Enpresek —hor dute enplegua lanean ari diren gipuzkoarren % 85ek—, gainera, zailtasunak dituzte beren enplegu beharrei erantzungo dieten profil egokiko langileak aurkitzeko. Errealitate gero eta larriagoa da eta Gipuzkoa ez ezik, ekonomia garatu gehienak ere hartzen ditu eraginpean.

Izatez, Adegin duela gutxi egin dugun inkesta baten arabera, langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna da enpresen kezka faktore nagusia, batez ere profil teknikoei dagokienez. Izan ere, enpresen herenek kontratazioren bat egiteari utzi behar izan diote langile egokiak aurkitu ez dituztelako. Gero eta enpresa gehiago dira merkatua eta bezeroak dituzten enpresak, baina proiektua garatzeko pertsonak falta zaizkienak.

Bigarrenik, mundu globalaren konplexutasuna dugu. Orain arte enpresak tokiko ingurune egonkorrean lehiatzen ziren. Egungo ingurune globala, alabaina, konplexua, disruptiboa, azeleratuki dinamikoa eta aldakorra da eta antolaketa eredu berriak ditu, malgutasunean, talde lanean, egokitzeko gaitasunean, autonomian, balioaniztasunean, enpatian, nazioarteko ikuspegian eta abar oinarritutako profilak eskatzen dituztenak.

 

Hirugarrenik, gazteek paradigma aldatu dute eta beste balio batzuetan inspiratzen dira. Haientzat erakargarriak dira enpresa proiektu berritzaileak, nazioarteko proiekzioa dutenak, beren burua gainditzen dutenak, erronka globalak planteatzen dituztenak, bizitza pertsonala eta lana uztartzen uzten dietenak, bizi diren komunitateei ekarpen soziala egiten dietenak, malguak direnak, esperientzia aberasgarria dakartenak eta, jakina, errealitate bihurtuta ikustea irrikatzen duten bizi proiektua eraikitzen uzten dietenak.

Erronka eta bertan eragina duten faktore nagusiak deskribatu ondoren, zer eta nola egin behar genuke hari aurre egiteko? Galdera horri erantzuteko, zilegi bekit gogoeta batzuk partekatzea, nire harri koskorra ekar dezadan bilatzen ditugun erantzunak aurkitzeko egin behar dugun lan horretan, gai horretan ekarpenak egin nahi dituztenen arteko elkarrizketen, baterako lanaren eta askotariko begiraden ondorioz erdietsiko baititugu erantzunok.

Lehenengo eta behin, gure enpresak erakargarri egin behar ditugu talentua mantendu eta erakarriko badugu. Enpresek proiektu partekatua izan beharko lukete, guztiek elkarrekin arraun egin dezaten helburu erkiderantz, barne komunikazioko, gardentasuneko eta partaidetzako dosi handiekin, oinarrizko balio jakin batzuk eta ahaleginaren emaitzak ere partekatuta.

Gipuzkoako enpresa asko abian jartzen ari diren kultura transformazioa da (Adegi  bultzatzen ari den enpresa kultura berria), traineruaren metaforak ezin hobeto irudikatzen duena. Dakigun bezala, trainerua baldintza aldakorretara egokitzen da, kideak ahalik gehiena ahalegindu eta inplikatzen dira bakarka, konfiantza osoa dute taldekidearengan, eta taldearen azken emaitza partekatzen dute. Uste-ustean nago talentuarentzat erakargarriak direla kultura hori aplikatzen duten enpresa proiektuak, erakunde berritzaileak sorrarazten baitituzte, testuinguru inspiratzaileak eta sortzaileak, etengabeko ikaskuntzakoak eta barneko ekintzailetza eta garapen pertsonala sustatzen dutenak sortzeko gai direnak. 

Bigarrenik, gaur egun lehia abantailek gero eta neurri handiagoan hartzen dituzte sostengutzat dimentsio ukiezinak: I+G, marka sorrera, erabiltzaile esperientzia berriak, produktu diseinua, antolaketa formula eta lidergo estilo berrien hedapena, edo negozio eredu disruptiboak. Giza talentuko dimentsio intentsiboak.

Talentua erakartzeko eta mantentzeko, Gipuzkoa eta Donostia lan egiteko eta bizi izateko lurralde erakargarria izan dadin lortu behar dugu. Ahalmen handiko enpresa ehuna dugu, aurreratua, maila teknologiko handikoa eta mundura irekia. Ekintzailetzari bide ematen dion ekosistema dauka. Gure hiria adibide paregabetzat duten bizi kalitatea eta erakargarri turistikoak ditu. Baina oraindik ere zenbait gauza egin ditzakegu munduko beste leku batzuetatik lanera etorri nahi dutenengan pentsatuta: erronka bat etxebizitzarena da, beste bat gure hirira etortzen diren pertsonen familien harrera, bereziki hezkuntzaren esparruan, askotan beren seme-alabak eskolatzeko nazioarteko ikastetxeak bilatzen baitituzte, eta eleaniztasunaren kudeaketa ere hor dago. Horri guztiari erantzun egokia emateko lana eta ideia inspiratzaileak eskatzen dituen erronka erakargarria dugu.

Hirugarrenik, talentua mantentzea eta erakartzea funtsezko erronka bada, talentu hori sortzea ez da erronka txikiagoa. Horretarako uste dut funtsezkoa dela gure gazteak enpresen egungo eta etorkizuneko beharretarantz bideratzea, eta, eginkizun horretan, haien prestakuntza eta enpresa errealitatea bat etorraraztea. Halaber, lan egin behar dugu ikasleak erakartzeko, emakumeak bereziki, ikasketak ZTIM alorretara (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) zuzen ditzaten. Puntako herri industriala gara eta izan nahi dugu, eta ezin izango dugu hori epe ertainean mantendu gazteak jakintza esparru horietan ikastera erakartzea lortzen ez badugu.

Munduko herrialde aurreratuenak industria sektore indartsuak dituztelako dira halakoak. Izan ere, ahalmen handia dute beste sektore batzuetan jarduera sortzeko eta biderkatzeko eta industria sektorean ordaintzen dira soldatarik onenak.

Donostiak indartzen jarraitu behar du industriarako zerbitzu aurreratuen hornitzailearen eginkizuna. Hortaz, gure gazteen artean industria bokazioak bultzatzeko erronkak lehentasunen artean egon behar luke.

Gainera, prestakuntza dualaren alde apustu egiten jarraitu behar dugu, eta langabezian dauden langileak birkualifikatu behar ditugu berriz lan-merkaturatzea ahalbidetzeko, besteak beste.

Leku gutxi geratzen zait eta amaitu beharrean nago. Talentua erakartzea, atxikitzea eta sortzea izango da, hasieran esan dudan moduan, hiriaren erronka nagusietako bat, horren esku baitago gure etorkizunaren zati adierazgarri bat. Erronka hori gainditzeko hiri erakargarria behar dugu, pertsona berriak hartzeko azpiegitura eta bitarteko egokiez hornitua eta enpresa kultura berriaren printzipioei jarraikiz kudeatutako enpresak dituena, hots, lankidetza estrategia garatu duten eta talentuarentzat erakargarriak diren enpresak. Horrekin batera, funtsezkoa eta bultzatu beharrekoa da enpresen, hezkuntza sistemaren, erakundeen, familien eta gizartearen arteko erlazioa. Egiten dugunaren mende egongo da, neurri handi batean, gure enpresa ehunaren etorkizuna eta gure hiriaren eta lurraldearen ongizatea. Egin dezagun arraun elkarrekin, hortaz, guztiok norabide berean.

 

Zein da zure iritzia?

Ondorengo inprimakia bete eta komentatu post hau:

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.
Sustatzen ditugu
Elkartasunak

Cookie-ak E2020DSS Plan Estrategikoraren webgunean

Gure webgunean nabigatzerakoan esperientzia gardena eta erosoa izan dezazun erabiltzen ditugu cookie-ak. Gure webgunea erabiltzerakoan cookie politikak onartzen dituzu; gure webgunean egiten dugun cookie-n erabilerari buruzko informazio gehiago ikus dezakezu Pribatutasuna atalean.

Cookien ezarpenak Onartu cookieak